ES | EU


2015ko Abendua 13


Confidence Business & Travel ekitaldi korporatiboak antolatzen dituen agentzia bat da, eta publiko asiarrean espezializatuta dago. Janire da konpainiaren sustatzailea; enpresei laguntzen die beren ekitaldiak planifikatzen eta antolatzen, kontuan hartuta bakoitzaren helburu estrategikoak eta marketin helburuak. Horretarako, hainbat alderdiz arduratzen da: atzerriko bezero, kolaboratzaile edo hornitzaileei harrera egitea eta arreta ematea, detaile guztiak zaintzea, eta arreta pertsonalizatu eta zaindua eskaintzea, negozio bakoitzaren helburuak lortzen laguntzeko.

Kalitatea, motibazioa, bikaintasuna, esperientzia eta esklusibotasuna.  Janirek oinarrizko elementu horiek konbinatu ditu beste hauekin: kultura, tradizioa, aisialdia eta negozioa. Konbinaketa horren bidez lortzen du bisitariaren egonaldia ona, ahaztezina eta errentagarria izan dadila.

 

Janire, nola sartu zinen nazioarteko esparru zail honetan?
26 urte neuzkan, bizitza ia bideratuta, baina zerbait gehiago behar nuen; aldaketa bat… Aukera eman zidaten Dusseldorf (Alemania) hirian proiektu bat garatzeko. Arlo profesionalean neure burua berritu eta berrasmatu behar nuen … Beraz, lehenbizi ingelesa birziklatzen hasi nintzen, askori gertatzen zaigun bezala, selektibitate azterketatik ukitu gabe neukan eta. Ondoren Nazioarteko Merkataritza ikasten hasi nintzen. Han hilabete batzuk pasa eta gero, Txina aukeratu nuen bigarren jomugatzat, eta hala, txinera ikasten hasi nintzen Alemanian. Hortxe hasi zen ideia gorpuzten.

 

Zure lehen apustu profesionala Alemania izan zen, eta handik Txinara joan zinen.
Euskal Herritik irten orduko, neure azalean bizi izan nuen zer den norbere erosotasun-gunetik ateratzea; atzean gelditzen da ordura arte ezagutzen dugun guztia, ez dago aurrera begiratu beste erremediorik, eta norbere kabuz moldatu beharra dago.

Txinara iritsitakoan hainbat elkarrizketa egin nituen, eta Espainiako Ganbera Ofizialean hasi nintzen lanean Marketin zuzendari gisa.

Nazioartean bildu dudan esperientziak erakutsi dit jende asko dagoela lanagatik bidaiatu behar duena eta bakarrik sentitzen dena jomugako lanaldia amaitu ondoren, ez baitakite zer egin, zer bisitatu…

 

Eta nola tratatu behar ditugu gure bisitariak?
Erraza da, gu geu tratatzea nahiko genukeen bezala. Enpatia landuz, bisitariaren tokian jarriz eta arreta berezia eskainiz bere ohiturei, kulturari, e.a.

Euskaldunok abegitsuak gara, gustatzen zaigu gonbidatuak edukitzea; asko zaintzen ditugu, ez dakien ezer falta, eta etxean bezala senti daitezen. Harro gaude gure lurraz, kulturaz, hizkuntzaz, historiaz, e.a.
Nazioartekotze prozesu bat arrakastatsua izan dadin, ezinbestekoa da know how-a eta jatorriko filosofia konbinatzea jomuga herrialdeko ezaugarriekin.

Enpresak jabetzen al dira zein garrantzitsua den giza harremanak zaintzea beren negozioetarako?
Nire ustez, duela denbora batetik hona, jendea gero eta kontzientziatuago dago; ikusten dute pertsona faktore bat dela plan eta programen arrakastan, antolakundearen helburuak lortzeko bidean. Hala ere, bide luzea dago oraindik egiteko.
Funtsezkoa da, zeren, neurri handi batean, erakunde eta antolakundeen arrakasta pertsonen lanean eta lan egiteko moduan datza, beraz, pertsonengan inbertitzeak irabazi handiak sor ditzake.

 

Harremanak eta detaileak ongi zaintzen dituzten ekitaldi korporatiboak eskaintzen dizkiezu enpresei…
Confidence B&Tk bezeroarentzako zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen du.
Lanaldi trinko baten ondoren, normala denez, zaila da bisitariari abegi egiteko detaile guztiak zaintzea. Horregatik, garrantzitsua da horretarako enpresa espezializatuak kontratatzea, lan hori beste batzuen esku uztea, eta jakitea arreta ona jasoko duela, ondo zainduko dutela uneoro.

“Kartara” egindako zerbitzua da; enpresak erabakiko du hotelen, jatetxeen eta gainerakoen kategoria. Guk proposamena egiten dugu eta eurek aukeratzen dute, bakoitzak bere disponibilitatearen, aurrekontuaren, eta abarren arabera.
Seriotasunez lan egiten dugu eta oso kontuan hartzen ditugu bezeroak planteatzen dituen premiak. Eta jakina, zorrotz zaintzen dugu isilpekotasuna.

Enpresa jarduerak antolatzen ditugu, eta baita ere catering zerbitzuak, Team Building-a, itzultzaileak bilatzen ditugu… eta bestelako alderdiez ere arduratzen gara. Adibidez, hainbat bezero asiarrek Euskal Herriko ordezkaritzara egin zuten bisita planifikatu eta kudeatu genuen gure azken bezeroarentzat. Kasu hartan gure esku gelditu ziren hegazkin txartelen erreserba, ostatuak, jatetxeak, hiri arteko desplazamenduak, bidaia-aseguruak, e.a. Xehetasun txikienak ere zaindu genituen Euskal Herrian eta Bartzelonan egin zuten egonaldian zehar. Bidaia horretan aisialdia eta negozioa konbinatu zituzten, eta tratu esklusibo eta pertsonalizatua eman zitzaien.

 

Zein da zuen bezero potentzialen profila? Zein balio erantsi eskaintzen duzue jendeak zuen zerbitzuak kontrata ditzan merkatuan dauden beste batzuen aldean?
Tamaina eta sektore desberdinetako enpresak dira gure bezero potentzialak. Batzuk bi bisitari baino ez dituzte, eta beste batzuek hogei, eta nazionalitate desberdinetakoak gainera. Kalitatezko lana eta tratu goxoa eskaintzen dugunez, baita ere eskatzen digute Estatuko beste eskualde batzuetatik datozen bezeroak zaintzea.

Confidence B&Tk nahiago du bitartekaririk gabe lan egitea; hau da, guk geuk hitz egiten dugu zerbitzu “hornitzaileekin”, eta agentziak edo bestelako bitartekariak saihesten ditugu, aurrekontua puzten baitute balio erantsirik eskaini gabe; gainera, gaizkiulertuak gertatzeko arriskua ere saihesten dugu horrela. Hurbilak izan nahi dugu, bai enpresekin eta baita ere “hornitzaileekin” ; aurrez aurreko tratua lehenesten dugu. Hori guztia islatuta gelditzen da gero zerbitzuaren emaitzan, eta gure bezeroen asebetetzean.

Enpresek gure esku uzten dituzte bezeroak, beren ondare preziatuena. Horregatik, erabat haien zerbitzura dauden pertsonak behar dituzte, agendak aldatzeko eta sor daitezkeen ezustekoak konpontzeko arazorik izango ez dituztenak, izan ere, espezialistak gara eta ongi ezagutzen dugu erakusten ari garen hori.

Antolatzen ditugun enpresa ekitaldi edo bidaia guztiak geuretzat egingo bagenitu bezala antolatzen ditugu, eta lan ona da motibazio horren eta etengabeko hobekuntza bilaketaren emaitza.

Hori guztia da Confidence Business & Travel.

 

+info: www.confidenceBT.com