ES | EU


2016ko Otsaila 10


“Iruditzen zait modu naturalean iritsi naizela honaino”, dio Irurik e-commerce arloan emandako lehen urratsei buruz. Bere amak opari-denda txiki bat zeukan Gasteizen, eta “neba-arrebok onlineko denda bat jarri genion 2001ean, nonbait.com, merkataritza elektronikoaren kontzeptua apenas ezagutzen zenean…”

 

Harrezkero, bizitzak beste bide batzuetatik eraman nau, Alemanian eta Madrilen lan egin dut teknologiarekin zerikusirik ez duten enpresetan, baina beti jarraitu izan dut hurbiletik merkataritza elektronikoaren bilakaera: “Buru-belarri aritu naiz lanean enpresa, startup eta proiektu askotan (Ideateca edo Ludei, adibidez), eta, halako batean, ia konturatu gabe, Nolatan denda-sarea sortu eta e-commerce arloan murgildu naiz…”

 

Izan dituzun esperientzia arrakastatsuengatik eta akatsengatik ere bai, jakina, erreferentzia bihurtu zara gure herrian merkataritza elektronikoaren arloan…

Askotxo esatea da hori, baina eskerrik asko. Dena ematen dut gustuko ditudan proiektuetan, eta niretzat benetan erakargarriak dira onlineko mundua, komunikazio digitala eta e-commerce arloa. Benetan zoriontsua naiz honetan lan egiten dudalako.

 

Asko eskatzen diot nire buruari, eta oraingoz ez daukat inolako “arrakastarik” nire bitrinan. Agian izango da startup-ak beti ari direlako hazten eta eboluzionatzen, eta behin lehen helburuak iritsi eta konfiantza hartu ondoren, beti gehiago nahi izaten delako.

 

Gustatzen zait baita ere akatsak aipatzea, beti egiten direlako, eta arrakastetatik baino gehiago ikasten delako. Gainera, arrakastak ez lirateke inoiz arrakasta izango aurretik porrotik ez balego. Akatsez galdetzen dizutenean, erantzun baino lehen aztertu egin behar dituzu, gogoeta egin behar duzu, bestela, ahalik eta azkarren ahaztu nahiko dituzu.

 

Nire akats handienetako bat izan da pazientzia gutxi izatea eta bulkadaz jokatzea. Beti saiatu izan naiz dena azkar egiten, onlineko munduan beharrezkoa delako, baina ezin da beti meteorikoki hazi. Behin baino gehiagotan galdu dut proiekturen baten kontrola azeleragailua gehiegi zapaltzeagatik. Horrela ikasi dut zein garrantzitsua den presaka ez ibiltzea. Azkarrago egiten da aurrera elementu guztiak kontuan hartuz, eta ez toki guztietan zalapartaka sartuz.

 

Ekintzaileok argi daukagu zer nahi dugun, primeran dakigu gure ibilbide orria, eta helburuak oso markatuta dauzkagu; baina ahaztu egiten zaigu hori guztia transmititu behar zaiela zeregin garrantzitsuak dituzten gure lantaldeko kideei.  Ez gara ohartzen langileentzat ez dela beti erraza  gurekin lehenengoan kontaktatzea, eta ezinbestekoa dela jarraipena egitea, hitz egitea eta taldean ideiak garatzea, mundu guztiak norabide berean lan egin dezan.

 

 

Zure proiektuak Ideateca haztegian inkubatu zenituen, beste ekintzaile askok bezala…

Gozamen hutsa da Ideateca haztegiko giroa bizitzea. Oso giro lasaia da, ideiak airean dabiltza, eta denek egiten dute ekarpenen bat. Proiektuek gu guztion zertxobait dute, eta hori aberasgarria da. Ideia bat zeuk bakarrik heltzen baduzu, baliteke bide bat baino ez ikustea. Taldean eginez gero, ordea, ideia hori jende askoren (programatzaileak, diseinatzaileak, zenbakietan adituak, marketin arlokoak…) iritziekin eta ikuspegiekin elikatzen da; horrela, gorputza eta zentzua hartzen du. Polita da ikustea nola ideia bat bera ere ez den baztertzen hasieratik. Denek dute aukera bat, eta ideiak taxutzen saiatzen gara. Horrela sortu ziren orain arrakasta duten web proiektuak, aplikazio mugikorrak, jolasak…

 

Horrela sortu zen Nolatan ere; hasieran denda bat baino ez zen, eta lanaren puruz, negozio aukera berriak sortu ziren, gaur egun den sarea sortu arte.

 

 

Zuen knowhow-ari esker, sortzen eta merkatuan sendotzen lagundu diezue beste proiektu batzuei.

Beti saiatu gara horretan, bai enpresa bezala, eta baita ere pertsonalki. Ideatecako filosofiari jarraituz, topaketa, ekitaldi, ikastaro, hitzaldi eta festa mordoa izan ditugu. Hurbiltasun horrek, giro lasai horrek animatzen du jendea guregana hurbiltzera, beren kezkak eta proiektuak kontatzera. Buruan ideia bat edo enpresa bat duzunean, sekulako gogoa izaten duzu ideia hori kontatzeko, feedback-a eta iritziak jasotzeko, nondik aztertu daitekeen ikusteko, beste inork antzeko produkturik ezagutzen duen jakiteko…

 

 

Zure ustez Euskadiko zein startup dira erreferentziazkoak beste ekintzaile batzuentzat?

Zorionez, oso ingurune ekintzailean bizi gara, ekosistema bikaina dugu ideiak sortzeko eta proiektu berriak martxan jartzeko. Oraindik bide luzea dugu egiteko, baina euskal ekintzaileek ideia mordoa dituzte. Balio handiko jendea dago, eta ondo ari dira lanean. Nik gehien baloratzen dudana da berrasmatzeko gai izatea, hau da, egoera eta ingurune berriei egokitzea, urrats bat gehiago eman eta negozio-ereduari buelta ematea.

 

Ez da erraza izenak ematea, baina aipatuko ditut batzuk. Azpimarratzekoak:

 

-Ticketbis, erreferentzia handi bat euskal startup-entzat. Sarrerak salerosteko enpresa anbiziotsu horrek 350 langile ditu, 50 herrialdetan  dago eta 90 milioi euro inguruko fakturazioa du.

 

-David eta Víctor Mayoral, Erle Robotics enpresako arduradunak; enpresa arabar horrek dronen eta robotikaren inguruko teknologia garatzen du. Meteorikoki hazi dira, Pentagonoaren enkarguak jasotzeraino.

 

-Chicisimo ere startup eredugarria da. Aplikazio horretan jendeak bere janzkera argitaratzen du, edo besteek partekatzen dutenetik inspiratzen dira. Milioika erabiltzaile dauzka planeta osoan, baita fashion izar handiak ere, eta iraultza ekarri du modaren mundu saturatu eta konplexura.

 

-Eta ezin ahaztu Ludei, hain zuzen, Ideatecan (Bilbon) sortu zena, nahiz eta San Frantziskon, Silicon Valleyn, kokatuta dagoen. Mundu osoko 60.000 erabiltzaile baino gehiagok erabiltzen dute software hori, dispositibo guztientzako aplikazio mugikorrak sortzeko. Disney edo Nickelodeon bezalako erraldoiek jada erabili dute beren teknologia.

 

 

Ez dizugu agur esan nahi gauzatxo bat eskatu gabe: gutxienez hiru aholku beren patu profesionalaren giderrak hartu nahi dituztenentzat.

Ez da erraza!

Garrantzitsuena zera da, buruan ideia bat badarabilzu, jarri ezazu lehenbailehen martxan, ahal den neurrian behintzat, bestela damutu egingo zara eta. Jakina, ezingo diozu beti %100a eskaini hasieratik, baina urrats txikiak emanaz has zaitezke, eta ondo aztertu ideiak zentzurik ba ote duen, baztertu edo hurrengo urratsak ematen hasi baino lehen.

 

Anaia Enekok beti gogorarazten dit Linkedin sarearen sortzaile Reid Hoffman-ek esandakoa: “Ez bazara lotsatzen zure produktuaren lehen bertsioaz, seinale beranduegi atera duzula”. Jar ezazu martxan. Beti izango duzu denbora ikasteko eta hobetzeko.

 

Eta azken aholku garrantzitsu bat: ez egin jaramonik aholkuei. Entzun, irakurri, ikasi ahal duzun guztia… baina egin aurrera zeure bidean eta zeure erabakiak hartuz. Baliteke okerreko bidea hartzea, baina halere jarraitu senari.

 

Milloi esker, Iruri!!

https://es.linkedin.com/in/iruri‎