ES | EU


2017ko Uztaila 18


Azken urteetan burutzen ari den «laugarren industria iraultza» deiturikoak –zenbait erakunde-ekimenen bidez bultzatua, hala nola Basque Industry 4.0 ekimenaren bidez– prozesuak eta haietan parte hartzen duten eragileak ulertzeko modua aldatzea eskatzen du. Andrés Navarro eta David Oyarzun ekintzaileek argi dute: euskal enpresek 4.0 industriaren kontzeptuak era arrakastatsuan hedatzeko, beharrezkoa da industria-egitura berri bat sortzea. Haien esanetan, «gakoa punta-puntako eta espezializazio-maila altuko egitura garatzean datza, konpainiei sostengua emango diena». Hain zuzen ere, premisa horretan oinarrituta sortu da NUAVIS, oinarri teknologikoko euskal startup bat, industria-sektorerako ikusmen artifizialeko eta errealitate birtual eta areagotuko soluzio integralak garatzen dituena.

NUAVIS langile baten bitartekotza eskatzen duten ekoizpen-prozesuak optimizatzeko aplikazioak garatzean dago espezializatuta. Testuinguru horretan, ekintzaile gazteek zera adierazi dute: «eskuzko muntaia-prozesuak modu automatikoan berrikusteko soluzioak sortu dira, zehaztapen-maila desberdinetarako». Zehaztapen-maila horiek askotarikoak dira; hain zuzen ere, ibilgailuetako osagaien muntatze-lanetarako soluzioak; soldatze-prozesua egin baino lehen, plaka elektronikoetan osagaiak zuzen jarri direla denbora errealean berrikusteko sistema bat; eta abar. Startuparen sortzaileen iritziz, berrikusketak egiteko laguntza horiek NUAVISek osoki sortutako software-liburutegietan oinarritzen dira, eta, hori dela eta, «ikusmen artifizialeko eta errealitate birtualeko teknologien punta-puntan daude, eta modu garden batean integratzen dira lanpostuan, bai langilearentzat bai hark egiten duen prozesurako», startuparen sortzaileek zehaztu dutenez. Horrela, NUAVISek egon daitezkeen akatsen berri ematen dio langileari, materialak ekoizpen-prozesuan aurrera egin baino lehen, hau da, konpontzeko aukerarik gabe geratu baino lehen edo kostuak gehiegi garestitu baino lehen. Akatsen detekzio goiztiar horrek onurak dakartza maila ekonomikoan zein ekoizpen-epeetan.

Horiek horrela, hainbat dira NUAVIS teknologiak industria-inguruneetara egokitzeko ematen dituen aukerak; izan ere, teknologia honek sektore aeronautikorako eta makina-erremintaren sektorerako aplikazio kontrastatuak ere eskaintzen ditu. NUAVISek, bizitza laburra izan arren, dagoeneko hainbat sektoretako enpresekin batera lan egiten du, esaterako ibilgailuen sektoreko multinazionalekin eta elektronika-sektoreko enpresa handiekin, bai eta makina-erremintaren sektorekoekin ere, Euskadiko startup berri honen bikaintasun teknikoa eta profesionaltasuna baliatzeko. Zalantzarik gabe, enpresa berri honen bermea da NUAVISen sortzaileek ikusmen artifizialeko eta errealitate birtual eta areagotuko teknologietan izan duten ibilbide luze eta aitortua. Era berean, enpresak Bic Gipuzkoaren sostengua du Ekintzaile-Txekintek programaren bidez Eusko Jaurlaritza/SPRIk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatua.

Etorkizun hurbil batean, NUAVISek eman beharreko urratsak hazkunde organikoaren eta jasangarriaren norabidean doaz, betiere industria-sektorearen premiei eman beharreko sostenguan eta enpresa espezializatuta dagoen teknologia berrietan egin dezakeen ekarpen errealean oinarrituz. Horren harira, Andrés Navarro eta David Oyarzun irmo ageri dira; izan ere, enpresaren sorrerako jarrerari eustea funtsezkoa da, hau da, «industria-egiturari sostengua ematea, espezializazioaren, etengabeko berrikuntzaren eta bikaintasun teknologikoaren bidez».

+info: www.nuavis.com