ES | EU


2017ko Uztaila 21


WeGetIt enpresak bere baitan biltzen du diziplina anitzeko profesional talde bat. Talde horrek elkarrekin konbinatzen ditu estrategia, teknologia eta sormena, bide horretatik, erronkak gainditzeko, aukerak aurkitzeko, harremanak hobetzeko eta zerbitzu edo esperientzia bakarrak diseinatzeko. Horrelaxe lortu dute gure inguruko marka garrantzitsuen (esaterako, Orbea, Salto Systems, Createch, Fagor Industrial, Matrici edo Elkargi) balioa handitzea.

 “Digital debotu” gisa ikusten dute euren burua. “Adiktuak, zaletuak, jarraitzaile leialak gara… Bizitza erdia daramagu mundu honetan, eta asko ikusi dugu…”. Eta ongi dakite ekonomia digital berri honetan kontsumitzaileek informazio gehiago dutela, bezeroak exijenteagoak direla, eta gero eta gehiago dakitela onlineko munduaz… “Jokatzeko, ongi ulertu behar dira joko-arauak –diote beren web orrian-, guk horretan lagunduko dizugu…”.

 

Iñaki, nola sortu zen WeGetIt martxan jartzeko ideia? Zein da zuen misioa?

WEGETIT duela hamar urte baino gehiago abiarazitako proiektu bat da, mundu digitalaren erritmo berean eboluzionatu duena. Esperientzia luzea bildu dugu enpresa askorekin, eta horrek erakutsi digu zer egin behar den arrakastaz eraldatzeko marka-bezero harremanak ingurune digitalean.

Zentzu horretan, bi oinarri dauzka gure proiektuak:

batetik, uste dugu “denontzako kafea” ereduak ez duela balio marka-bezero harremanetako ekosistemaren eraldaketa digitalean; bestetik, guretzat funtsezkoa da prozesua integralki jorratzea, hots, hasi estrategiatik eta produktu nahiz zerbitzuak garatu eta ezartzeraino.

Hortik sortu zen egungo WEGETIT proiektua, zeinaren helburua baita enpresei laguntzea beren lehiakortasun abantaila handitzen ingurune digitalean eta bezeroekin duten konexioa hobetzen.

 

Nondik hasi behar du lanean eraldaketa digitalaren prozesuari ekin nahi dion enpresa batek?

Eraldaketa digitala oso kontzeptu zabala da. WEGETIT enpresan marka eta bezeroaren arteko harremanen ekosistema eraldatzen dugu.

Enpresa batek eraldaketa digital horri ekin nahi badio, ezinbestekoa da prozesu estrategikotzat hartzea, bai bere negozio-eredua garatzean eta bai bere lehiakortasuna hobetzeko orduan. Hortik aurrera, oinarrizko zenbait alderdi landu behar dira, funtsezkoak direnak ondoren etorriko den eraldaketa teknologikoa gauzatzeko: adibidez, bezeroarekin harremanetan jartzeko puntuak identifikatzea eta negozio bakoitzaren digitalizazio aukerak zehaztea.

 

Ingurune digitalak aldatu egin du sozialki erlazionatzeko modua, baina baita ere enpresen eta bezeroen arteko harremana. Zentzu horretan, zein faktore behar dira harreman arrakastatsu bat eraikitzeko?

Bezeroaren aroan bizi gara, eta ingurune horretan lehiakor izan nahi bada, “customer centric” estrategian oinarritu behar dugu negozioak diseinatzeko eta eboluzionatzeko, estrategia horren bidez zerbitzuen benetako balioa bermatu dadin bezero-marka harremanak dirauen bitartean.

Digitalizazioa dela medio, enpresek teknologikoki ahaldundutako bezeroak dituzte. Ahalduntze horrek aldatu egin ditu marken eta bezeroen arteko harreman-ereduak.

Enpresaren eta bezeroaren arteko harremana arrakastatsua izan dadin, testuinguru hori onartu behar da eta negozioak ekar ditzakeen aukerak identifikatu behar dira.

 

Enpresen eta marken homogeneizazioa da ingurune digitaleko arrisku handienetako bat. Badago gakoren bat bereizketa bermatzeko?

Esan bezala, digitalizazioak arrakasta izango badu eta balioa emango badio negozioari, bat etorri behar du enpresaren negozio-ereduarekin, beti ere bezeroaren ikuspuntutik. Ez dago enpresa guztientzat balio duen digitalizazio prozesurik; garrantzitsua da enpresa eta bere negozio-eredua ongi ezagutzea, digitalizazio prozesua modu bereizi eta pertsonalizatuan lantzeko.

 

We Get It enpresak estrategia integrala eskaintzen die bere bezeroei. Zer sartzen da zehazki zerbitzu horretan?

Laguntza ematen diegu eraldaketa digitaleko prozesu osoan, hasi gogoeta estrategikotik (aukerak identifikatzea, bezeroaren esperientzia diseinatzea, service design…) eta konponbidea ezartzeraino (B2B/B2C zerbitzuen digitalizazioa, salmenta sareen digitalizazioa, business web, eCommerce B2B/B2C, produktuen kustomizazioa…).

 

Zein da zuen zerbitzuak eskatzen dituzten enpresen profila?

Gure zerbitzuak eskatzen dituzten enpresek badute ezaugarri komun bat, denek baitute aldatzeko premia, eta gero eta gehiagok ikusten dute eraldaketa digitala estrategikoa dela beren negozio-ereduaren bilakaeran. Mota askotako sektore eta enpresekin kolaboratzen dugu: industriakoak, kontsumo ondasunetakoak, zerbitzuetakoak, kooperatibak, startupak, ehun urtetik gorakoak, famili enpresak…

 

Nola ikusten duzu We Get It enpresaren etorkizuna hemendik bost urtera?

Etorkizuna hain da aldakorra, ezen oso zaila baita proiekzioak egitea. Gakoa da aurrea hartzea eta pixkanaka barneratzea gure bezeroen beharrei erantzungo dieten aldaketa guztiak. Hortxe dago WEGETIT enpresaren etorkizuna!

+info: www.wegetit.eu