ES | EU


2015ko Maiatza 18


Duela gutxi, Ideable Solutions enpresa 300 startup baino gehiagoren artean aukeratu dute 40 finalistetako bat izateko osasun arloko konponbideetan espezializatutako Fiware (Future Internet Challenge eHealth) ekimeneko FICHe azkartze programan. Monitorizaziorako eta tele-zaintzarako beren plataforma, Kwido, aurkeztuko diete Europako Batzordeko kideei Rigako (Letonia) eHealth Urteroko Azokan.

 

Iñaki, a zer-nolako erronka duzuena esku-artean! Urduri al zaudete?

Ongi gaude, zorionez aurrerago ere parte hartu izan dugu honelako ekitaldi publikoetan. Gure helburua da teknologia pertsona nagusien zaintzaren zerbitzura jartzea eta denborarekin aitzindari bihurtu gara langintza horretan, horregatik nahiko maiz gonbidatzen gaituzte Euskadin, Estatuan edo nazioartean antolatzen diren ekitaldietara gure proiektuez mintzatzeko. Pixkanaka sektoreko erreferentzia bihurtu gara.

 

2011n sortu zenuten zuen startUp-a, argi izanik Berrikuntza Sozialerantz bideratu eta arlo horretaranzko ikuspegi batean oinarritu nahi zenutela.

Hala da bai, bi ikur nagusi eduki nahi izan ditugu hasieratik: berrikuntza teknologikoa eta babesa ematea gizarteari, batez ere teknologia berriek behar adina kontuan hartzen ez dituzten kolektiboei. Izan ere, aktiboki lan egin dugu eta egingo dugu konponbide berriak sortzen adimen ezgaitasuna dutenentzat, erakunde sozialentzat, familientzat, e.a.

 

Guztira 20 urte baino gehiago daramatzazue proiektu teknikoak, I+G+B-ko jarduerak, eta abar kudeatzen eta zuzentzen. Nola eboluzionatu du zuen negozioak “Kwido” iritsi arte? 

Bai, Kwido iritsi baino lehen urte asko eman ditugu software proiektuak kudeatzen, batez ere aholkularitza informatikoa emanaz enpresa handiei eta Administrazio Publikoei. Esan genezake gehien eboluzionatu duena lan egiteko modua dela; orain “produktu” bat eraikitzen ari gara eta produktu horrentzako merkatua bilatu behar dugu, baita ere marketin estrategia bat, publizitatea, e.a. Guztiz berria eta zirraragarria da guretzat, izan ere neurriko aholkularitzan askoz mugatuagoa da dena, bezeroak premia bat dauka eta konponbide zehatz bat eskatzen du. Esku-artean produktu bat duzunean ordea, zerorrek bilatu behar dituzu zure merkatuaren premiak, eta sinetsarazi behar diezu egokiena zure konponbidea dela.

 

Orain arte euskal erakundeen laguntza jaso duzue zuen proiektuetarako…

Egia da bai, ondoko eskualdeek bekaizti begiratzen digute eta arrazoia dute, izan ere gure kasuan Bilbao Ekintza eta BEAZek asko lagundu digute martxan jartzeko prozesuan, aholkularitza emanaz, haztegietan toki bat eskainiz, nazioartekotzen lagunduz…  Baina, zalantzarik gabe, SPRIren I+G+B-ko laguntza programak funtsezkoak izan dira, laguntasuna eman digutelako Kwido gisako garapenek behar duten berrikuntza arloa finantzatzeko. Eta ezin ahaztu eskaintzen dituen kenkari fiskalak, horiek ere oso lagungarriak dira eta.

 

Zergatik da garrantzitsua azkartze programa hau?

Une honetan Kwido-ren oso fase garrantzitsu bati ekin behar diogu: modulu berri oso konplexuak bultzatu nahi ditugu produktuaren irismena handitzeko, eta gainera nazioartekotze prozesu batean murgilduta gaude, partner bana dugularik Erresuma Batuan eta Suitzan. Guretzat momentu honetan funtsezkoak dira FICHe azkartze programaren laguntza, modulu horien garapena azkartzeko Fiware teknologia txertatzeko aukera eta horrek ematen digun nazioarteko ikusgarritasuna.

 

Fiware teknologia Kwido-n sartzen ari zarete plataforma eskalagarriago bat sortzeko. Zertan datza prozesu hori?

Fiware Europan garatutako teknologia multzo bat da, zeintzuen helburua baita Europako ETEei utilitate gehiago eskaintzea beren garapenak azkarrago haz daitezen, modulu horiek kasu libre askotan erabili ditzaketelako: Big Data, lainoko ezarpenak, Gauzen Internet, Smart City proiektuak, e.a. Gainera, horrela, desagertu egiten da Europatik kanpoko teknologiarekiko (Amazon, Google, e.a.) mendekotasuna. Lagungarri dira hainbat etapa gainditzeko enpresa txikientzako eskala handiko konponbideen garapenean.

 

Gainera, nazioartekotze prozesu betean zaudete; Europa da zuen lehenbiziko jomuga.
Hori da bai, ia hasieratik izan dugu buruan ez genuela merkatu bakarrera mugatu nahi, gure arazoa Europa osora eta herrialde garatu guztietara hedatuta dagoelako. Gure esperientziak erakutsi digu nazioartekotze prozesua ez dela ez azkarra, ez erraza: lehenbizi, eredua definitu behar da, bazkideak hautatu, kontratuetako harreman puntuak finkatu, softwarea prestatu, e.a. Hilabete asko behar izan ditugu Erresuma Batuko (pertsona nagusien zaintzako Europako merkatu nagusia) eta Suitzako (ondoren Alemaniara, Frantziara eta Italiara sartzeko bidea irekiko digu) lehenengo bi bazkideenganaino iristeko.

Une honetan partner-en ekintza komertzialarekin hasi behar dugu eta irrikan gaude merkatuen erantzuna ezagutzeko.

 

Proiektu berrietan pentsatzeko unea da ala indar guztiak bideratuko dituzue Kwido sendotzera?

Beti dago astia (ez asko halere) gauza guztiz desberdinak egiteko eta gauza berriak probatzeko. Aurten Kwido-rekin zerikusirik ez duten produktu pare bat merkaturatuko ditugu, batez ere arlo teknologikoaz arduratuko gara, baina ezin dugu ezer gehiago kontatu. Horri esker teknologia berriak probatu ditzakegu, sormena askatu. Google bezalako enpresek horrelako eredua erabiltzen dute. Egia da gure ahaleginaren %80 Kwido proiektuan kontzentratu dugula, izan ere une zoragarria bizi dugu Kwidoren garapen tekniko eta komertzialean.

 

Zorte on, Iñaki. Eta aurrera!

 

 

Kwido-ri buruz

Pertsona nagusiak eta menpekoak zaintzeko plataforma bat da, osasunaren esparruan edo pertsona nagusien zaintzan lan egiten duten enpresei zuzendurik dagoena (eguneko zentroak, egoitzak, e.a.). Dispositibo anitzeko plataforma teknologiko bat da eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: pazientearen osasunaren monitorizazioa, medikazioaren kontrola, estimulazio kognitiboko ariketak eta bideo-deien sistema bat, senitarteko, zaintzaile eta profesional medikoekin erraz konektatzeko.

 

Informazio gehiago:

www.ideable.net 

www.kwido.com