ES | EU


2017ko Uztaila 05


Manu Muñoz, Raúl Pérez, Iñaki López eta Sergio Cadierno dira I+MED ekimenaren sustatzaileak. I+MED bioteknologia sektoreko enpresa kooperatibo bat da, goi-mailako kualifikaziodun 15 lagunen talentua biltzen duena, eta gaur egun Miñaon dago kokatuta, Arabako Teknologi Parkean.

Bere erronken artean aipatzekoa da finantza baliabideak identifikatu nahi dituela instalazio berriak martxan jartzeko eta beren jarduera sendotzeko, eta horrela, ikerketa-ildo berriak sortzeko nano-hidrogelen inguruan. Hori lortuz gero, i+Med mundu mailako erreferente bihurtuko litzateke “liberazio kontrolatuko dispositiboen” arloan.

 

 

Nano-teknologiaren abangoardian zaudete, Manu, pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duten farmako berriak garatzen dituzuelako…

I+MED Ingeniería Biomédica Aplicada 2013an sortu zen. Urte hartan gogoeta egin genuen nano-hidrogelen munduaz genuen ezagutzari eta potentzialari buruz, eta ikerlari gazteok etorkizunerako dauzkagun lan aukera urriei buruz. Ezagutza handiko gazteak gara, baina aukera oso eskasak ditugunak lan munduan arrakasta profesionala izateko. Gauzak horrela, erabaki genuen I+MED proiektua abiaraztea.

Historikoki, kanpoko egituren edo finantzaketaren menpe egon da zientzia eta ikerketa esparruetako langileen potentziala. Hala, ideia eta proiektu asko ez dira inora iristen edo korporazio handien onurarako baliatzen dira, eta ikerlaria bigarren mailan gelditzen da. Horrela beraz, I+MED besteengandik bereizten den aukera bezala aurkezten da eta erabaki dugu kooperatiba modura eratzea.

Ikusirik proiektuan elkartu ginenok ondo ezagutzen genituela helburu bio-medikoetarako “nano-hidrogelak” eta ongi jakinik ez Estatuan eta ez nazioartean inork ez dituela fabrikatzen dispositibo injektagarriak nano-hidrogel bio-polimerikoetatik abiatuta, lehen urratsak eman genituen bio-medikuntzaren sektorean. “Medikamenduak modu kontrolatuan askatzeko nano-hidrogelak” izan dira hasieratik gure ikerketa- eta garapen-ildo nagusia.

 

Konpromiso handia hartu duzue zuen produktuak garatu eta hobetzeko. Raúl, nazioarteko programetan parte hartu duzue eta ikerketa-ildo berriak ireki dituzue, bio-materialei eta “substantzia aktibo propioak modu kontrolatuan askatzeko” dispositiboei buruz duzuen ezagutzari esker. Azaldu zer diren prozesu horiek, hau da, zer diren “nano-hidrogelak”.

ZER DIRA NANO-HIDROGELAK?

Teknikoki esango nuke nano-hidrogel bat dela hiru dimentsioko sare bat, elkarrekin gurutzatutako kate polimerikoek osatua dagoena eta likido batekin kontaktuan sartzean puztu egiten dena. Osatzen diren kateak hidrofilikoak badira, eta likidoa ura bada, hidrogel deitzen zaio sortzen den produktuari. Hidrogelak disolbaezinak dira uretan, aldiz, puztu egiten dira urarekin kontaktuan sartzean, hau da, bolumena handitzen zaie, baina forma mantentzen dute, eta material bigun eta elastikoak sortzen dira.

ZERGATIK ESATEN DUGU “NANO” ETA “ADIMENDUNAK” DIRELA?
Adimendunak deitzen diegu nano-hidrogelen jatorrizko egiturari aldaketa fisiko-kimikoak egiten dizkiegulako; teknologia hori aplikatuta, materialaren egoera eta portaera programatu daiteke, eta horrela, aurrez definitutako egoera bat lortzen da: “behar den tokian, unean eta denboran jardutea”.

 

Bestalde, Nano eskalan sailkatzen ditugu, zeren hidrogelek osatzen dituzten hiru dimentsioko egituraren barnean I+MED enpresak produkzio-prozesu berezi bat garatu baitu, non tamaina nanometrikoko partikulak lortzen ditugun; gurutzatze horrek sare bat sortzen du, eta sare horretan kargatzen da aukeratutako agente aktiboaren molekula.

Nano-hidrogelekin modu kontrolatuan askatu daitezke farmakoak, eta hala toki zehatzetan bete dezakete beren funtzioa, jomuga organoraino iritsiz modu zuzen eta eraginkorragoan. Horrek onura sozial bikoitza dakar: batetik, ekonomikoa, gastu farmazeutikoa murriztu egiten delako, eta bestetik, pazienteari dagokiona, tratamendua eraginkorragoa delako eta farmakoenganako esposizioa txikiagoa, beraz, bigarren mailako ondorioak saihesten dira eta bizi-kalitate hobetzen da.

 

Iñaki, kalitatea oso garrantzitsua da zuen prozesu guztietan, are gehiago farmakoen eta osasungintzaren sektorean, non eskakizunak eta araudiak oso zorrotzak baitira.

I+Med enpresak konpromisoa du kalitatearekin eta etengabeko hobekuntzarekin. Enpresa fabrikatzailea garen aldetik, ISO13485 ziurtagirian oinarritutako kalitate-sistema daukagu, hori baita osasun produktuen araudia definitzen duen araua. Gure produktuek Europako zuzentaraua betetzen dute, CE markak eskatzen dituen funtsezko baldintza guztiekin. Gure produkzio-prozesu guztiak GMP arauen araberakoak dira; fabrikazio egokiko arauak dira, farmazeutika eta osasungintza sektorean aplikagarri direnak.

Hori guztia, gure produktuen kalitatea segurtatzeko eta gure pazienteen segurtasuna eta osasuna bermatzeko.

 

Zaila bada zuen azterlan eta ikerketatik emaitzak lortzea, are zailagoa izango da teknologia hori guztia merkatura eramatea. Sergio, nola egiten da laborategitik industriarako prozesu hori?

Hirugarrenentzako ikerketa-proiektuak egiten ditugunean, funtsezkoa da proiektuaren hasierako definizioa eta beronen fase guztiak barne hartzea, hasi jatorrizko ideiatik eta fabrikazioraino. Horrek aukera ematen digu proiektuaren ikuspegi global bat izateko, kontuan hartzeko ez bakarrik produktua laborategian ikertu eta garatzearekin lotutako alderdiak, baizik eta baita ere industrian izan dezakeen eskalagarritasuna.

Batzuetan, zaila da produktuaren prototipo eraginkor bat egitea tamaina industriala baino ez duen ekipamenduarekin, eta alderantziz. Zailtasun horiek gainditzeko, oso garrantzitsua da komunikazio hurbila izatea ikerketa-taldearen eta bezeroaren artean, ahalik eta konponbide onena aurkitzeko.

Azkenik, ezagutza-oinarri sendoa ematen digu esperientziadun ikerlari-taldea izateak bi mailetan, hots, laborategian eta industrian, alderdi bien artean sortzen diren zailtasunak konpontzeko.

 

Kooperatiba bat sortu zenuten duela bi urte inguru, eta gaur egun 14 lagun ari zarete proiektuan lanean. Miñaon duzue egoitza, Arabako Teknologi Parkean, baina instalazio berriak nahi dituzue.

2013an proiektua aurkeztu genuenetik bi kokaleku desberdin izan ditugu. Lehenbizi, Laskaray ikerketa-zentroan hasi genuen proiektua, 3 urtez egon ginen han, eta harreman oso estua dugu bertakoekin. 2015ean sartu ginen BIC Araba zentroko instalazioetan, non 240 metro okupatzen baititugu (bulegoak eta laborategia). 2020aren amaierarako asmoa dugu fabrika-laborategi batera joateko, eta nola martxan jarri ahal izateko funtsezkoa den instalazioetako lizentzia eta ziurtagiri guztiak edukitzea, hasi beharra daukagu instalazio berrien proiektua planifikatzen. Langileei dagokienez, plantilla handitu behar izan dugu bezero berriak ditugulako; 2015ean lau lagun bakarrik ginen, une unetan, berriz 14 langile gara, eta perspektiba onak ditugu etorkizunerako.

 

Espazio hobeak, handitzeko eta zuen ingeniaritza bio-medikoko zerbitzuak hobetzeko; erronka handia izango da horretarako finantzaketa bilatzea…

I+MED 2013an jarri zen martxan, irteera emateko bio-medikuntzako ezagutzei eta enpresen kudeaketa-eredu berri bat sortzeko. Asmoa zen ikerlariek eta zientzialariek izan zezatela antolakundearen kontrola eta eurek marka zezatela enpresaren norabidea, parte-hartzearen eta kudeaketa horizontalaren bitartez. Horretarako, kooperatiba baten forma juridikoa eman genion I+MED enpresari, proiektuan sartzen ziren pertsona berriek ere tokia izan zezaten.

Gure enpresa eta hazkunde-eredua geuk sortutako baliabideetan oinarritzen dira, horien bidez aurrera egin dezagun gure ikerketetan eta proiektu berrietan.

Gure etorkizuneko inbertsioetako bat I+Med fabrika berria da eta espero dugu 2020aren amaierarako martxan izatea. Finantzaketa-ildoak behar ditugu fabrika hori egia bihurtzeko, baina beti ere kooperatibaren kontrola eta funtsa galdu gabe.

 

Zein laguntza jaso dituzue Euskadiko erakunde publiko eta pribatuetatik? Nola hobetu daitezke laguntza horiek?

Euskadiko erakunde publikoekin izan dugun esperientzia oso positiboa da, proiektuak harrera ona izan zuen hasieratik, eta erakundeek interesa agertu dute. Eusko Jaurlaritzak, SPRIren eta bere programen bitartez (ekintzaile, basquefondo, gauzatu, hazitek…), hasieratik lagundu digu proiektua aurrera ateratzen. Arabako Foru Aldundiak ere hasieratik lagundu digu.

Ekintzaile bezala izan dugun esperientziatik esan dezakegu erakundeek laguntza hobea eman dezaketela, adibidez, esperientziadun profesionalen aholkularitza eskainiz. Beti aipatzen dugu puntu hori ekimen berri bat martxan jarri duen jendearekin biltzen garenean. Ekintzailearen ikuspegiaren araberako ezagutzak asko erraztuko lituzke gauzak, dagoeneko egina dutelako zu egiten ari zaren bide hori; behar dena da denboran zeharreko zuzeneko aholkularitza, eta ez bakarrik jardunaldietakoa, non bakoitzak bere lan-eredua edo kasu arrakastatsua azaltzen duen. Garrantzitsua da alboan izatea aholku emango dizun pertsona bat, esango dizuna zein programa diren baliagarri zuretzat, nolako eragozpenak edo oztopoak aurkituko dituzun bidean, epeak, metodologiak, kontaktuak…

 

Proiektu bikaina, etengabe eboluzionatzen duen merkatua eta oso igurikimen positiboak… Zeintzuk dira I+Med enpresaren hurrengo urteetako erronkak?

Lehenik eta behin, I+Med enpresa-proiektua finkatu nahi dugu eta orobat bete nahi ditugu hasiak ditugun proiektuen bideragarritasun ekonomiko eta teknikoko helburuak.

Bigarrenik, merkatuan kokatu nahi ditugu garapen fasean ditugun printzipio aktiboak modu kontrolatuan askatuko dituzten nano-hidrogel berriak.

Eta hirugarrenik, ikerketa-ildo berriak sortu nahi ditugu nano-hidrogelen inguruan, I+Med mundu mailako erreferente bihurtu dadin liberazio kontrolatuko dispositiboetan.

+info: www.imasmed.com