ES | EU


2017ko Iraila 21


  • Arabako Industrialdeak eta Haranako Udalak ekimen hori abiaraziko dute irailaren 25etik aurrera eta urriaren 31ra arte, Arabako Mendialdean kokatutako udalerri horretako enpresa-jarduera sustatzeko.
  • Haranako industrialdeak dagoeneko eraikita dauden 5 pabilioi dauzka, aurkeztutako ideia berritzaileetatik aterako diren jarduerak ostatatzeko.
  • Ideia lehiaketako sariak dira diru-kopuru bat, Nirea aitorpena, asteburu bateko egonaldia Arabako Mendialdeko landa turismo batean eta “made in Euskadi” labeldun produktuak.

 

Haranako Udalak eta Arabako Industrialdeak ideia berritzaileen lehiaketa bat sustatu dute, bere bitartez ekonomia-jarduera sortu eta bultzatzeko Harana udalerrian, eta bertan garatutako industria-azpiegiturak sustatzeko.

Lehiaketan parte har dezake 18 urtetik gora dituen edozein pertsonak, eta helburu bikoitza du: batetik, Arabako Mendialdearen errealitate naturala ezagutaraztea eta, bestetik, landa ingurunea eskaintzea jarduera ekonomikoak kokatzeko negozio-aukera gisa.

Aurkezten diren enpresa-ideia berritzaileek Haranako errealitatera egokitu behar dute –Mendialdera, alegia- eta epe laburrean hasi behar dute beren jarduera. Horretarako, Haranako Industrialdeak 5 industria-pabilioi eskainiko dizkie lehiaketatik ateratzen diren jarduerei, baldintza oso abantailatsuetan.

 

Parte hartzeko baldintzak

Hilaren 25etik urriaren 31ra arte, lehiaketan parte hartu ahal izango dute adinez nagusi diren norbanako edo taldeek, zeintzuek gehienez hiru ideia aurkeztu ahal izango baitituzte.

Aurkeztutako ideiak baloratzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan: ideia eta negozio-proiektu osoa azaltzeko argudioak, inguruko landa-garapenari egingo dion ekarpena, izaera berritzailea eta orijinaltasuna, eta gizarte- nahiz ingurumen-sostengarritasuna.

Haranako Udalaren eta Arabako Industrialdearen web orrietan dago parte hartzeko behar den informazioa eta dokumentazioa: proiektu edo ideia bakoitzarentzako inskripzio-fitxa, negozio ideiaren gidoia eta inguruneari buruzko informazioa (argazkiak, planoak, zonaldearen informazioa…). Hori guztia udaletxean bertan entregatu behar da urriaren 31a baino lehen.

Epaimahaia osatuko dute Haranako Udalak, EArabako Industrialdeak , Hazi Fundazioak, Izki Landa Garapenerako Elkarteak, Arabako Mendialdeko Kuadrillak eta Innobasque-k. Epaimahaiak azaroaren 23an jakinaraziko du erabakia, Haranan bertan, Ostegun Ekintzaileak izeneko ekimenaren barruan (Hazi Fundazioa), eta Udalaren eta Arabako Industrialdearen (SPRI Taldea) web orrietan argitaratuko da.

Haranako ideia lehiaketak bi sari emango dizkie aurkeztutako negozio-ideia onenei: lehen sailkatuak 1.500 euroko diru-kopuru bat eta Nirea diploma jasoko ditu, bigarrenak, berriz, produktuen saski bat, asteburu bateko egonaldia Arabako Mendialdeko landa turismo batean eta Nirea aitorpena.

Informazio gehiagorako edota parte hartzeko dokumentazioa jasotzeko, jo Arabako Mendialdeko Kuadrillara, deitu 945 40 54 24 telefonora, idatzi ana@montanaalavesa.com helbidera edo sartu www.valledearana.net web-guneetara.