ES | EU


2015ko Urria 20


“Koop SF 34” Sahara azpiko afrikarrek sortutako mikro-enpresa sozialentzako haztegia da eta Bilboko San Frantzisko auzoan kokatuta dago. Proiektu aitzindari honek ekintzailetza eta garapen sozialaren eredu izan nahi du, eta horrekin batera, esportatzen lagunduko die Afrika jomugatzat  duten euskal enpresei.

 

Kontaiguzu Georges, nola sortu zen Koop SF 34?

Koop SF 34 Bilboko San Frantzisko auzoko “getoan” sortu zen, auzoari izena ematen dion kaleko 34. zenbakian, bigarren eskuko artikuluak saltzen dituen denda “ziztrin” batean. Afrikarrak gara jatorriz, eta ikusi genuen enpresek eta erakundeek ez zutela aprobetxatzen eskura zuten talentua; gure iritziz, talentu hori hondoratu egiten dute laguntza paternalistak emanaz, pertsonak ilegalizatuz, jazarpen poliziala sustatuz, behar bezalako prestakuntza gabeziagatik edo, besterik gabe, ezjakintasun hutsagatik… Horregatik, lehen urratsak ematen hasi ginen Mondragon Kooperatibaren filosofian inspiraturik.

 

Aipatzen duzun talentu hori ikusezin gelditzen da ziurrenik enpresentzat nahiz erakundeentzat…

Bai, sinestezina da! Toki egokian zaudenean ikusten duzu zer gertatzen den. Bi urte igaro ditugu “geto” honetan. Ongi ezagutzen dugu kalea eta bertan bizi direnak. Sinestezina da, esaterako, ikustea afrikar askok bigarren eskuko produktuak esportatzen dituztela beren herrialdeetara, ia hutsetik, laguntzarik gabe eta oso modu landugabean; hala ere, ehunka edukiontzi ateratzen dira hain maitea dugun Bilboko portutik.

 

Eta zer egin liteke zure ustez talentu hori ongi bideratuz gero? Zer egin nahi duzue esportatzaile horiekin?

“Africa Export” izeneko proiektu bat sortu dugu Koop SF 34 ekimenaren barruan. Bere helburua da esportatzaile afrikar horiek biltzea eta prestakuntza ematea, baina ez ohiko ikastaro teorikoekin, baizik eta ekintza praktikoagoen bidez. Horregatik, datorren azaroaren 24tik hasita prestakuntza-tailer praktiko bat egingo dugu Lanbideren laguntzarekin, Saharaz azpiko Afrikarekiko merkataritza lantzeko. Pertsona horiek prestatu ondoren, produktu berriak Afrikara nola eraman aztertu nahi dugu.

 

Uste duzue Afrikan badagoela euskal enpresentzako merkatu potentzialik?

Bai, merkatu handi bat dago, eta kendu egingo digute horrela jarraituz gero. Euskal enpresek lan handia hartzen dute hemendik milaka kilometrora Latinoamerikako txoko bat lortzeko, eta ahaztu egiten zaizkie etxe ondoan dauzkaten aukerak.

“Made in Europe” produktuek ez daukate lehiarik Afrikan, eta euskal enpresentzat oso erraza da hor sartzea. Gainera, eskaera handia dago, Afrikako toki gehienetan ez baitago produktu elaboraturik.

 

Badirudi ez dela erraza Afrikako merkatuan sartzea. Zer iruditzen zaizu produktu txinatarra?

Egia da Afrikako merkatua konplexua dela. Gehienbat araudi faltagatik, ausazkotasunagatik, ustelkeriagatik, e.a.

Txina eta India ere lehiakide oso indartsuak dira, kontuan hartu beharrekoak, baina tokiko kontaktuekin lan egiteaz gain, elkarlana garatu nahi dugu, produktuak Afrikako merkatuetara egokitzeko eta kostuetan lehiatu ahal izateko.

Banaketarako sare logistiko propioa garatzen badugu, abantaila handi bat izango dugu lehiakideen aldean.

 

Zuen ekimenak ekintzailetza eta garapen sozialerako eredu bat izan nahi du.

Proiektu honen eta Koop SF 34 zentroan egiten ditugun beste batzuen bidez talentua ikusarazi nahi dugu. Enpresek ezin dute hain zurrunak izan kontratatzeko orduan. “Titulitis” larria dugu, eta oso zaila da gaixotasun hori sendatzea.

Horregatik, erakundeen lana da pertsonak beren gaitasunen arabera prestatzea. Esaterako, enpresek Ekuadorrera esportatu nahi badute, komenigarria da beren langileen artean ekuadortarrak izatea; eta Nigeriara esportatu nahi balute, gauza bera egin beharko lukete nigeriarrekin…
Administrazioei ere lagundu nahi diegu afrikarrentzako aukera onenak zein diren identifikatzen. Merkatuaren egungo premiak aztertu eta prestakuntza alternatibo egokienei buruzko iradokizunak egingo dizkiegu; esaterako, merkaturako egokiagoak dira turismo gida, itzulpengintza, laguntza komertziala edo esportazioa, ezen ez iturgintza edo zurgintza, eta hobeto konponduko dituzte merkatuak zabaldu nahi dituzten enpresen premiak.

Bitxia da ikustea etorkin askorentzat Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta dela bizimodu bideragarri bakarra; ezin dut ulertu nola den posible herrialde batean eskubidea edukitzea laguntzetatik bizitzeko eta lana, aldiz, pribilegio bat izatea.

 

Koop SF 34 jaioberria da, baina erronka handiak hartu ditu jadanik…

Koop SF 34 eta “Africa Export” programak hiru zentral logistiko eraiki nahi ditu Afrikan: kontinentearen mendebaldean (Senegalen), erdialdean (Kamerunen) eta hegoaldean (Angola). Orain euskal enpresak kontzientziatu behar ditugu prestakuntza proiektu honekin bat egin dezaten. Urtearen hasieran SPRIrekin eta GAIA klusterrarekin hizketan hasiko gara, esportatzeko egitura on bat sortzeko.

 

“Ate irekien astea” antolatu berri duzue, eta babes handia jaso duzue inguruko pertsona, saltoki eta kolektiboengandik. Zein beste laguntza nahiko zenituzkete?

Harrera oso ona izan dugu bai, oso pozik gaude ingurukoekin. Nahiko genukeena da beste modu batzuetan lagunduko diguten enpresen (esaterako, babesleen edo www.koopsf34 web orrian azalduta dauzkagun askotariko proiektuetarako kolaboratzaileen) presentzia handitzea. Erakundeen aldetik, berriz, elkarrizketa da eskatzen duguna; ez dugu laguntza eskatzaile izan nahi, estigma horrexen aurka borrokatzea delako gure helburu nagusietako bat.

 

Harremanetarako:

www.koopsf34.org

coordinacion@koopsf34.org

 

Africa Export

Koordinatzailea: Georges Belinga

Linkedin: https://www.linkedin.com/in/belinga

africaexport@koopsf34.org