ES | EU


2015ko Urria 08


Futbol Profesionala eta Futbolaren Negozioak berehala lotzen ditugu kirolaren ikuskizunarekin, milioi askotako zenbakiekin eta exekutiboek zuzentzen dituzten enpresekin. Horri nazioarteko merkatua gehitzen badiogu, irudimena hegan doakigu.

 

Bizkaiko bi ekintzaile gaztek, Iñigo López Basozabal eta Atsushi Okazakik, frogatu nahi dute futbolak ekintzailetzarako aukerak eskaintzen dituela eta gai dela kultura guztiz desberdinak uztartzeko, talentuak eta ezagutzak ez daukatela mugarik Sare Sozialei esker eta Euskadi erreferentzia bat dela Japonian, Egunsentiaren herrialdean… ¡Futbola.es!

 

Iñigo, “lagun desberdin” batekin bat egin zenuen “proiektu desberdin” bat martxan jartzeko…

Bai, eta futbol zelaian hasi zen dena. Atsushi Okazaki Japoniatik etorri zen hona ikastera eta Estatuko entrenatzaile agiria eskuratzera. Gaztelania azkarrago ikasteko eta jendea ezagutzen hasteko, erabaki zuen nire futbol taldean izena ematea. Harrezkero lau urte igaro dira, eta egin dugun harremanari esker proiektu komunak jarri ditugu abian, bai entrenatzaile gisa eta baita ere bazkide gisa. Futbol jokoari eta bere berezitasunei buruz gehiago ikasteko gogoa genuen; orduak igaro genituen hizketan futbolari eta futbola inguratzen duen munduari buruz, eta bide horrek honaino ekarri gaitu.

 

Bi kulturak batzen dituen negozio aukera bat aurkitu zenuten.

Jarduera hau batik bat sortu da Japoniako eta Bizkaiko bizitzaren alderdi desberdinak uztartu nahi genituelako futbolaren, hots, ongi ezagutzen dugun esparru baten bidez.

Denbora horretan, futboletik bizi diren pertsona asko ezagutu ditugu, beren esperientzia eskaini digute eta Japoniako jomuga publikoarentzat bereziki interesgarriak izan daitezkeen hainbat alderdi ikusarazi dizkigute. Horregatik, enpresa jarduera bati ekitea erabaki genuen, prestakuntza eskaintzeko  futbolaren munduan interesatutako japoniarrei, “Futbola.es” proiektuaren barruan bi kulturak uztartuz.

 

Baina jarduera ez da prestakuntzazkoa soilik, baita ere eskaintzen dituzue futbolaren inguruko jarduerak eta esperientziak, futbola nola ulertzen dugun azalduz.

-Bai, nagusiki hiru jarduera garatzen ditugu:

  • -Bidaiak antolatzen ditugu Japoniako futbol klubentzat Euskadin egonaldi bat eta kirol jarduerak egin ditzaten.
  • -Japoniako futbol entrenatzaileei Euskadirako bidaiak eta egonaldiak eskaintzen dizkiegu, eta prestakuntza jarduerak egin ditzakete hemengo maila profesionaleko klubetan.
  • -Bideo grabaketak egiten ditugu material didaktiko gisa erabiltzeko eta Japonian dugun web orriaren bidez saltzeko. Ikus-entzunezko horietan futbolarekin zerikusia duten hainbat bizkaitarrek parte hartzen dute, askotariko gaiak landuz: taktika, teknika, taldeen zuzendaritza, metodologia, psikologia, e.a.

 

Eta klubek nola erantzun dute? …Lagundu al dizuete?

Egia esan, erantzun ona jaso dugu. Uda honetan bidaia oso interesgarri bat izan dugu prestakuntza arloan punta-puntakoa den Japoniako futbol klub batekin. Honaino etorri dira eta Sevillatik Euskal Herriraino lagundu diegu, Madriletik igaroz. Lagunarteko partiduak jokatu dituzte Estatuko futbol klub garrantzitsuenen aurka: Sevilla, Rayo Vallecano, Real Madrid, Atlético Madrid, Athletic de Bilbao, Real Sociedad eta Eibar. Orain klub gehiago identifikatu nahi ditugu, datozen hilabeteetan antzeko bidaiak egin ditzaten.

 

Zer da erakargarriena zuen balizko bezeroentzat? Zergatik aukeratzen dute Futbola.es? Zergatik Euskal Herria? 

Kalitatezko esperientziak eta bidaiak eskaintzen saiatzen gara beti. Gure ustez, bidaia horiek oso aberasgarriak dira aukeratzen gaituzten pertsonentzat. Ahalegin handia egiten dugu Euskal Herriko edo Espainiako klub onenekin harremanetan jartzeko, esperientzia ahaztezina izan dadin. Prestakuntza jasotzera datozen entrenatzaileen kasuan ere, profesional onen hitzaldiak bilatzen ditugu eta kalitatezko edukiak eskaintzen ditugu halako bidaia luze bat egitea erabaki duten pertsonen premiak asetzeko.

Bidaien barruan, klubek estadioak ere bisitatzen dituzte lehen mailako partiduak ikusteko. Entrenatzaileen kasuan, goi eta behe mailetako esperientziak proposatzen dizkiegu.

 

Internet eta sare sozialak dira, beraz, zuen oinarrizko ibilgailuak.

Asko erabiltzen ditugu sare sozialak Japoniako publikoarekin harremanetan jartzeko. Sortzen dugun informazio guztia Web orrian, Facebook-en eta Twitter-en ere esekitzen dugu. Gure lanean aurrera egin ahala, jarraitzaile kopuruak ere gorantz egin du, eta hori funtsezkoa da gure jarduerari ikusgarritasuna emateko.

Askotariko materialak esekitzen ditugu: dohainik eskaintzen diren artikuluak, gure jarduerak sustatzeko bideoak, eta Vimeo-n ere orrialde bat dugu, non ordainpeko prestakuntzarako materiala esekitzen baitugu.

 

Dagoeneko egin dituzue lehenengo lanak, seguruenik izango dituzue anekdota batzuk…

Beti sortzen dira anekdotak, ezustekoak… “Kashiwa Reysol” klub japoniarra Sevillara iritsi zen egunean, bidaia izugarri luzea egin ondoren, klubeko kide batzuek maletak logeletan utzi eta ibilaldi bat egitera irten ziren. Gaztelania ulertzen ez zutenez, 8 lagun sartu ziren gehienez 4 lagun onartzen dituen igogailu batean, igogailua bi solairuren artean blokeatu zen eta ia ordu erdi egon ziren teknikaria iritsi zain! Anekdota dibertigarria inondik ere, baina hasieran sekulako sustoa hartu genuen!

Igogailuak igogailu, Japoniara iritsi zirenean oso feedback positiboa eman ziguten; esan ziguten ez zutela sekula antzeko esperientziarik izan eta oso pozik zeudela bizi izandakoarekin.

  

Erakundeek lagundu dizuete enpresa martxan jartzen?

Bai, zenbait diru-laguntza eskatu ditugu: bi Bizkaiko Foru Aldundian eta bana Leioako Udalean eta Lanbiden.

Bizkaiko Foru Aldundikoak enpresa berriak sortzeko eta inbertsioak egiteko dira. Inbertsiorako diru-laguntza eman ziguten, eta orain lehenengoaren erantzunaren zain gaude, ea ematen diguten.

Leioako Udalak herrian hasten diren jarduera berrientzako laguntza bat eman digu.

Azkenik, Lanbiden eskatu dugun diru-laguntza Enpresa Proiektuak Sendotzeko da, eta oraindik ebatzi gabe dago.

Tarteka aztertzen dugu zeintzuk diren gure proiektuari ondoen egokitzen zaizkion laguntzak eta diru-laguntzak, eta batez ere jakin behar dugu nola erabili laguntza horiek etekin onena ateratzeko, guretzat oso lagungarria delako gure jarduera hobetzen, hazten eta beste pertsona batzuentzako lan aukera profesionalak sortzen lagundu diezagukeen edozein bitarteko.

 

Weba:  www.futbola.es

Facebook: futbola.es

Twitter: @futbolaes

Vimeo: futbola.es