ES | EU


2015ko Urtarrila 21


Bost hilabeteko aholkularitza eta prestakuntza eskaintzen ditu ideia berritzaileetan oinarritutako negozio planak egiteko


Ekintzaileentzako Yuzz programak edizio berri bat ireki du eta etorkizuneko enpresari gazteek jada eman dezakete izena datorren otsailaren 19ra arte. 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako programa horrek bost hilabeteko laguntza, prestakuntza eta aholkularitza eskaintzen ditu, helburu honekin: lehiaketan parte hartuko duten gazteek proposatzen dituzten funts teknologikoko ideia berritzaileetan oinarritutako negozio planak egitea.

“Santander Emprendimiento” Nazioarteko Zentroak (CISE) antolatzen du ekimena, Araban CEIAren (Arabako Eraberrikuntza – Industrialdea) babesarekin, Bizkaian Barakaldoko CEDEMIren (Ezkerraldeko Enpresen Garapenerako Zentroa), Deustuko Unibertsitatearen eta Ermuko Izarra Centre erakundearen eskutik, Banco Santanderren babesarekin “Santander Universidades” Dibisio Globalaren bidez eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin SPRIren bidez.

YUZZek hiru zentro jarriko ditu parte-hartzaileen esku Euskadin. Araban (CEIA) eta Bizkaiko Ermua (Izarra Centre) eta Barakaldo (Cedemi) herrietan kokatuko dira espazio horiek, trebakuntza eta aholkularitza jarduerak gauzatzeko beharko dituzten azpiegitura eta ekipamenduarekin.

Gainera, parte-hartzaileek tutoretza eta diziplina anitzeko aholkularitza programak jasoko dituzte, bakoitzarentzat pertsonalizatutako laguntzarekin batera. Enpresa berritzaileen edo oinarri teknologikoko enpresen negozio planetan esperientzia duten profesionalek egingo dute tutoretza-lana eta ikasketa-prozesuan lagunduko diete ekintzaileei, etengabeko arreta eskainiz eta negozio plana prestatzeko orientazioa emanaz.

YUZZ programaren bidez parte-hartzaileek aditu-sare zabal bat izango dute eskura, enpresa munduko profesionalek, irakasleek eta berrikuntzan nahiz ekintzailetzan espezializatutako ikerlariek osatua. Sare horretan Estatu osoko 200dik gora aditu egongo dira, zeintzuek irakaskuntzan edo mundu profesionalean batutako esperientzia partekatuko baitute parte-hartzaileekin hitzaldi, maisu-eskola, tailer edo bestelako prestakuntza-jardueren bidez. Enpresak sortzeko eta kudeatzeko prestakuntza hori ekintzaileen kasu praktikoetan oinarrituko da eta helburutzat izango du ekintzailetzako trebetasun eta gaitasunak barneratzea.

60.000 euro banatuko dira Estatuko hiru proiektu onenen artean: 30.000 lehen sariarentzat, 20.000 bigarrenarentzat eta 10.000 hirugarrenarentzat. Tokian tokiko sariek (bat zentro bakoitzeko) Silicon Valleyra (Kalifornia, AEB) bidaiatzeko aukera emango diete gazteei, bertatik bertara ezagutu dezaten berrikuntza arloko nazioarteko erreferente nagusia. Astebetean irabazleek enpresa teknologiko ospetsuak bisitatuko dituzte, irakaskuntza eta enpresa arloetako eragileekin elkartuko dira eta “networking” jarduerak egin ahal izango dituzte.

Horrez gain, Arabako lehen 3 sailkatuek espazio bat izango dute dohainik 6 hilabetez CEIAko instalakuntzetan, eta beren proiektuak garatzeko aholkularitza espezializatua ere bai. Deialdiaren oinarriak eta izena emateko inprimakia www.yuzz.eu web orrian eskuratu daitezke.