ES | EU


2015ko Iraila 16


Erle Robotics dronen eta beste dispositibo robotiko batzuen garapenean espezializatutako euskal enpresa gazte bat da, eta oraintsu merkaturatu du Espainian eraikitako lehen “armiarma robotikoa”. Lurreko robot txiki bat da, iristeko zailak diren espazioetan erabil daitekeena, esaterako, hodi barruetan edo hondamendiak gertatu diren tokietan. Konpainiak crowdfunding (mikro-finantzaketa) kanpaina bat jarri du martxan proiektua finantzatzeko.

Erle-Spider sei hankako armiarma robotiko txiki bat da, eta armiarma horri gehitu dakizkioke ingurumeneko adierazleak neurtzeko sentsoreak, argazki edo bideo-kamerak eta telekomunikazio edo telefonia mugikorreko transmisio-ekipo modernoak.

Robotak aplikazio berritzaile ugari eskaintzen dizkie zerbitzu publikoen enpresei, industriarako laguntzakoei eta eraikuntzakoei eta baita ere prebentzio eta osasun arloko lanetan dabiltzanei.

Lurreko robot hau Marten erabili direnen antzekoa da, eta Arabako Erle Robotics startup gazteak garatutako dispositibo robotiko berriena da. Enpresa gazte horrek bi urte pasatuxeko ibilbidea baino ez du, baina dagoeneko nazioarteko hainbat enpresaren arreta erakarri du bere produktu berritzaileei esker.

 

Dispositibo berri horren ezaugarri nagusia (ikusi atxikita dagoen bideoa) bere tamaina txikia da: zapata kaxa bat baino txikiagoa da, eta bi kilo inguru pisatzen du. Eskaintzen duen balio erantsi handiena bere erabilgarritasuna da, izan ere, hain malgua izaki (hanka bakoitzak hiru mugimendu-gradu ditu) iristeko zailak diren espazioetan sar daiteke, esaterako hodietan, eta ingurumen parametro desberdinak monitorizatu ditzake eremu arriskutsuetan edo hondamendiak gertatu diren tokietan.

Erle Robotics enpresak garatu duen dispositibo berri hori mundu mailako liderra izango da lurreko dronen segmentuan, bai hezkuntza arloan eta baita ere ikerketan. Robot hau eta konpainiaren produktu lineako gainerako guztiak teknologia eta software irekia erabiliz garatuak izan dira.

Horri esker, kostua nabarmen murrizten da (400€ baino gutxiago balio du) eta, gainera, bezeroek nahiz mundu osoko garatzaileek aukera dute dispositibo robotiko horiek beren premiei egokitzeko, edo programatu egin ditzakete misioak gauzatzeko eta portaera zehatzak izateko.

Dispositibo honen arrakastak badu beste arrazoi garrantzitsu bat, alegia, dron eta robotentzako onlineko aplikazioen dendarako sarbidea, Canonical enpresaren bidez eskaintzen dena. Enpresa horren bidez garatzaile eta erabiltzaileek beren robotentzako aplikazioak eta portaerak partekatu eta deskargatu ditzakete, sakelako telefonoetan egiten dugun bezala, klik bakarrean.

 

“Beti pentsatu izan dugu – azaldu du Carlos Uragak, Erle Robotics-ko zuzendariak – robotikaren etorkizuna ez dagoela milaka euroko humanoideetan, baizik eta Linux sistema eragilean oinarritutako robot merke, ireki eta irisgarrietan”.

“Hau da, jendearen sormena benetako aplikazioak sortzera bideratuko duten – jarraitu du arduradunak – eta pertsonentzako erabilpen baliagarriak ekarriko dituzten robotetan. Espero dugu garatzaileek eta jendeak sortuko dutela robotentzako aplikazioen hurrengo belaunaldia, eta, hain zuzen, horixe proposatzen diegu”.

 

Crowdfunding kanpaina

Lurreko robot berritzaile hau merkaturatzean, Erle Robotics enpresak crowdfunding (mikro-finantzaketa) kanpaina berritzaile bat jarri du martxan dispositibo elektronikoen linea berri hori garatzen laguntzeko, eta eskala handian fabrikatzen hasi baino lehen  produktuaren aurre-salmenta egitea proposatu du.

Kanpaina hori Indiegogo plataforma teknologikoan garatu da –mundu osoko garrantzitsuenetako bat, 200.000 proiektu ekintzaile baino gehiago finantzatu baititu- eta helburutzat du 50.000 dolar biltzea. Erle Robotics enpresak proiektuaren kostuaren zati bat estaltzeko erabiliko du kopuru hori.

 

Erle Robotics (http://www.erlerobotics.com) Gasteizen sortu zuten Victor eta David Mayoral ekintzaile gazteek 2013aren amaieran. Bi ekintzaile horiek ingeniaritza, telekomunikazio eta informatikaren esparrutik eta enpresen administrazioaren arlotik datoz.

Konpainia berria ikerketa eta hezkuntzari egokitutako kostu baxuko dron txikien diseinuan eta fabrikazioan espezializatu da, eta sistema eragile librea (Linux) erabiltzen dute horretarako. 

 

Erle Robotics enpresak goi-mailako kualifikaziodun 10 profesional enplegatzen ditu, eta nazioarteko potentzial handieneko 30 startup robotikoen artean aukeratua izan zen Robot Launch 2014 lehiaketaren azken edizioan. Gaur egun sariketa horretako finalista da nazioarteko enpresa garrantzitsu zenbaitekin batera.

 

Info+: www.erlerobotics.com