ES | EU


2017ko Apirila 08


Globe Testing zerbitzu enpresa bat da, software probetan eta sistemen monitorizazioan espezializatua dagoena. Bere helburu nagusia da bermatzea bere bezeroen softwareak betetzen dituela erabiltzaileek espero dituzten kalitate estandarrak (esaterako, webeko edo sakelako aplikazio batean, SAP moduko ERP bat, eta abar).

Eneritz Zubizarreta zerbitzu arduraduna da Globe Testing enpresan, non arloka espezializatutako lantaldeek mota guztietako probak egiten dituzten kalitatea bermatzeko: “Horixe da bereizten gaituen elementua, hots, espezializazio handia, ongi egindako software testing-a baino ez dugulako egiten)”

 

 

Zuen jarduera ongi ulertzeko, Eneritz, erakutsiko dizkiguzu adibide batzuk?

Esaterako, demagun Euskotren enpresak sakelako aplikazio bat eskaini nahi diela euskal hiritarrei, trenen edo tranbien ordutegiak kontsultatzeko. Aplikazio hori “plazaratu” baino lehen, gure zeregina da egin beharreko proba guztiak egitea, bermatzeko aplikazioak behar bezala funtzionatzen duela eta erabiltzaileak arazo gabe egin ditzakeela operazio guztiak. Baita ere egiaztatzen dugu aplikazioa ongi bistaratzen dela, eta ongi exekutatzen dela mota desberdinetako dispositiboetan: iPhone, Samsung, Nexus, e.a. Probak egin ondoren, Euskotrenek lasaitasun osoz kaleratuko du aplikazioa, badakielako erabiltzaileek esperientzia ona izango dutela eta ez dela arazorik izango.

Beste adibide bat da Vueling enpresari ere ematen diogun zerbitzua. Horrelako konpainien artean normala da egun jakin batzuetan sustapenak egitea. Sustapenak funtzionatzen badu, milaka lagun konektatuko dira web orrira, eta nabarmen haziko da gune horren karga. Globe enpresak aurrea hartzen du, eta une horren simulazio bat egiten du hainbat hilabete lehenago, segurtatzeko egun horretan erabiltzaile guztiak webera sartu ahal izango direla eta arazo barik erosiko dituztela hegaldiak, weba erortzeko edo astirotzeko arriskurik gabe. Gure errendimendu probei esker jakin dezakegu nola funtzionatuko duen sistemak karga handiko uneetan, arazoak detektatzen ditugu eta konpondu egiten ditugu, “funtzioa hasten denean dena ondo atera dadin ☺. Horrela, Vueling enpresak bere bezeroen asebetetzea bermatzen du, zeren horrelako egun batean web orria eroriko balitz, galera ekonomiko handiak izango lituzkete eta bezero asko galduko lukete.

 

Kasu arrakastatsua zarete talentua atzemateari dagokionez. Oso sektore espezifikoan diharduzue. Lantalde gaztea duzue eta ongi prestatua. Nola lortu duzue?

Kalitate bermearen sektorea ez da software garapenarena bezalakoa. Garapenaren sektorean askoz ere ohikoagoa da garatzen dakien jendea aurkitzea. Hain zuzen, hezkuntza arloan garatzen erakusten da (besteak beste), bai informatika ikasketetan eta baita ere LH-ko modulu desberdinetan. Kalitate bermearen sektorean, berriz, ez dago unibertsitate mailako prestakuntza arauturik, beraz, espezializatzeko modu bakarra da ikastaro espezializatuak egitea edo esperientzia biltzea lan munduan.

Gure kasuan, bi urte hauetan jaso dugun proiektu eskaerari erantzun ahal izateko, erabaki genuen “Globe University” izeneko modulu bat sortzea, Lanbiderekin eta haren baitako “Lehen Aukera” ekimenarekin lankidetzan. Modulu horretan, informatikako ezagutzak dituzten pertsonak kontratatzen ditugu, eta taldea osatutakoan, sei hilabeteko prestakuntza espezializatua ematen diegu gure adituen eskutik. Prestakuntzaren ostean, langile berriak prest daude proiektuak gauzatzeko, lehen aipatu dudan espezializazio horren laguntzaz. Duela bi urtetik, uneoro daukagu Globe University talde bat prestakuntza jasotzen, eta horri esker osatu dugu gure probatzaile espezializatuen taldea.

Jakina, orobat atzematen ditugu kalitate bermearen sektorean lan esperientzia zabala barneratu duten eta Globe enpresan -sektore horretan espezializatuta dagoena- sartu nahi duten pertsonak.

 

Globe Testing oso azkar ari da hazten. 2 urtetan bakarrik 20 laguneko lantaldea osatu du, eta multinazional ezagunentzat ari da lanean: Zurich Seguros, Vueling, Bacardí…  Zeintzuk dira zuen etorkizuneko proiektuak?

Egia esan, Globe enpresako lantaldean askoz pertsona gehiago gaude, Gasteizkoaz gain, beste egoitza batzuk ere baditugulako Madrilen, Berlinen, Bernan eta Bartzelonan. Poz handia da guretzat horrelako bezeroekin lan egitea, ikustea hainbat urteren buruan konfiantza dutela gure zerbitzuetan eta gomendatu egiten gaituztela. Horrek motibatzen gaitu egunero hobetzera.

Enpresek lantalde espezializatuak behar dituzte, ez bakarrik euren orduak eta ahalegina eskaintzeko prest dauden langileak; proiektuen lider izango den bazkide teknologiko bat nahi dute, aholkularitza emango diena beren premiak ahalik eta ongien asetzeko, sektoreko jardunbide egokiak aplikatuz. Horixe egiten dugu guk gure bezeroentzat, eta emaitzei erreparatuz gero, esan liteke arrakasta dugula.

Epe laburrera hainbat erronka dauzkagu Espainian, bereziki Bartzelonan, non bulego bat zabaldu baitugu berriki proiektu eskaera handia dela medio. Suitzan ere esponentzialki ari gara hazten, eta zerbitzuak kanporatzen ditugu Euskaditik gauzatzeko. Zentzu horretan, eta teknologia berriei esker, beren premiei ongien egokitzen den lan-eredua eskaini diezaiekegu gure bezeroei, esaterako, Gasteiztik ematen dugun “nearshore” eredua.

Gure bezeroen on site presentzia izanik, eta aukera dugularik proiektuaren zati industrializagarria gure “nearshore”-ra kanporatzeko, lan-eredu erakargarria eskain diezaiokegu bezeroari prezioari dagokionez eta, aldi berean, lantaldeen ezagutza bateratzen dugu. Modalitate horretan lanean ari den bezero bolumenari esker, baliabideak handitu edo murriztu ditzakegu, uneko premien arabera. Halere, gure helburua da gure bezeroen premiei egokitutako ereduak eskaintzea, horregatik, estrategiatzat hartu dugu lantalde teknikoak zabaltzea gure egoitza guztietan, azkarragoak izateko eta gure bezeroei hurbiltasuna eskaintzeko.

 

Eneritz, iaz “Araban ekintzaile izan” saria jaso zenuen. Zaila da gaur egun Araban ekintzaile izatea? Zeintzuk dira arrakastaz ekiteko giltzarriak?

Nire ustez zaila da ekintzaile izatea bai Araban eta bai beste edozein tokitan…☺ Guretzat sekulako ohorea izan zen “Araban ekintzaile izan” saria jasotzea, sari horrek aitortzen duelako Globe enpresako familiaren ahalegina, dedikazioa eta konpromiso handia.

Gure kasuan, hiru urtez egon gara Arabako BIC enpresa zentroan, eta betirako esker ona zor diogu, ekintzailetzari laguntzeko egiten duen lanagatik. Globe enpresako bazkide guztiak informatikariak garenez, laguntza handia izan ziren BICen aholkularitza eta ekintzailetzarako prestakuntza eta ikastaroak. Jakina, Euskadiko erakunde desberdinetatik jasotako laguntzak ere oso garrantzitsuak izan ziren hasieran, aurrera jarraitu ahal izateko.

Arrakastaz ekiteari dagokionez, uste dut funtsezkoak direla konpromisoa, ahalegina eta profesionaltasuna. Proiekturen batean muturra sartu eta lana ondo eginez gero, ateak zabaltzen zaizkizu, bezeroek euren artean hitz egiten dutelako eta gomendatu egin zaituztelako. Ondo egindako lana da komertzial onena. Halaber garrantzitsua da lantalde ona izatea, eta nire kasuan bezala, Globe enpresaren ideia bere egitea, haiek ere ekintzaile bihurtuz. Baita ere baikor izatea, motibaturik egotea eta lan giro ona lortzea, errazago aurre egiteko hastapenei eta une zailei.

 

Zer eman dio Arabako Teknologi Parkeak Globe Testing enpresari?

Lehen esan bezala, hiru urte igaro ditugu BIC Araba zentroan. Lantalde handia garenez, eta hazteko aurreikuspenak ditugunez, pentsatu genuen teknologi parkearen barruko bulego batera joatea eta tokia uztea BICeko beste enpresa ekintzaile batzuei. Erabaki dugu teknologi parkearen barruan jarraitzea, guretzat kokaleku estrategikoa delako.

Nahiko hurbil gaude Euskadiko hiru hiriburuetatik, eta hori oso garrantzitsua da bertan ditugun bezeroentzat. Talentua atzemateko ere garrantzitsua da gure kokalekua. Leku askotako (Gasteiz, Arrasate, Bergara, Bilbo, Azpeitia, Labastida, e.a) jendea daukagu lantaldean. Erdigunean gaudelarik, pertsonak atzeman ditzakegu Arabako hiriburutik harago.

Azkenik -last but not least- kontuan hartu behar dira parkeak eskaintzen dituen zerbitzuak: ekitaldiak balizko bezero eta langileei gure berri emateko, prestakuntza espezifikoak, hemen kokatutako enpresekin kolaboratzeko aukera, e.a.

 

+info: https://www.globetesting.com