ES | EU


2016ko Urtarrila 23


Enarak 2010ean ezagutu zituen bere bazkide izango zirenak. Sasoi hartan, unibertsitate-ikasketak bukatzen eta enpresa praktikadun ikastaro bat egiten ari zen. Irakasleak esan zion enpresa bat sortzekotan zebilela, eta bidelagun bat behar zuela. Ongi moldatzen zirenez, buelta pare bat eman zizkioten hasierako ideiari, beste batzuk gehitu zizkioten gero, eta hortik sortu zen CreativiTIC, errealitate handituan eta teknologia gorakorretan diharduen I+G-ko enpresa. Harrezkero, askotariko erronka eta ekimenei ekin diete, baina batu zituen hasierako ideia haren funtsa ez da aldatu: “teknologia berritzailea sortu inguratzen gaituen mundua hobetzeko…”

 

Zeintzuk izan ziren zuen lehen proiektuak? …Nolakoa izan da bilakaera?

Hasieran, hauxe zen gure proiektuaren izena: “Ikus-entzunezko berrikuntza sortzailea errealitate handituaren bidez”. Gure indar-guneak batuz (garapen informatikoa, ikus-entzunezko gidoiak, produkzio eta post-produkzio digitala, 3D diseinua…) sortu genituen gure lehen proiektuak, spot berritzaileen grabaketaren eta errealitate handituko web/sakelakoen garapenaren erdibidean zeudenak. Garai hartan errealitate handitua sortzen ari zen, batez ere marketin eta publizitate arloetan.

Gure mugarri nagusietako bat 2012an kokatuta dago. Europako proiektuen Infoday ekitaldi batean parte hartu genuen Luxenburgon, eta jardunaldi hari esker bazkide gisa sartu ginen Europako FP7 esparru-programako “Technology Enhanced Learning” arloko hiru urterako proiektu batean. Proiektu horren bidez errealitate handituko konponbide bat garatu dugu unibertsitateko laborategietan elektronikari buruzko hezkuntza emateko. Proiektu horrek ate asko zabaldu dizkigu nazioarteko I+G-ko garapen berrietarako nahiz teknologia sorkuntzarako, eta teknologikoki nahiz sektorialki gure tokia bilatzen lagundu digu.

Une honetan, hauek dira gure arreta-gune nagusiak: hezkuntza, non Augmented Class! edo ikasgela handituaren kontzeptu iraultzailea abiarazi baitugu; bio-medikuntza, 3Dko bisio holografiko bat garatzeko eta, bide horretatik, medikuntza nuklearreko diagnostiko kliniko bat egiteko CIBIR zentroarekin batera; eta turismo berritzailearen sektorea, teknologia disruptiboak aplikatzeko narratibaren nahiz hezkuntzaren ikuspuntuetatik.

 

Errealitate handituak eskaintzen dituen aukerak erraldoiak dira; energia eta baliabide asko behar dira esparru horretan ongi sartzeko…

Guztiz ados nago. Gure kasuan, erakunde publikoek laguntza handia eman ziguten gure proiektuak abian jartzeko eta ezagutzera emateko.

Arrazoi pertsonalak eta profesionalak direla medio, Logroño eta Bilbo artean bizi izan naiz, horregatik, bi hiri horietan sortu dira gure proiektuetako ideia asko. 2011n, une hartako ekosistema ekintzaileak bultzatuta, CreativiTIC enpresa sortu genuen Errioxan, Errioxako Ekonomi Garapeneko Agentziaren (ADER) laguntzarekin.

2012an Ekintzaile laguntza eman ziguten (SPRIk Cedemi zentroarekin batera eta Foru Aldundiak BEAZ zentroaren bidez) A3R (Audio Analysis for Augmented Reality) proiektua aurrera eramateko. I+G arloko ekimen horrekin audio errekonozimendurako gaitasuna sartu genuen errealitate handituan. Proiektu horretatik Sonnar Labs enpresa sortu zen, zeina aurten sartu baita Zitek enpresa haztegian, Bilboko GIETn.

Bestalde, “Errealitate Handitua eta Birtuala Goi-mailako Hezkuntzan” izeneko mintegi bat eskaini genuen unibertsitateko irakasleentzat UPV/EHUko FOPU programaren bidez. Harrezkero, lankidetza hitzarmen bat sinatu dugu unibertsitateko Enpresa Ikasgelarekin Bilboko EUITI instalazioetan 2015/2016 ikasturterako, eta hala, praktikak eta Gradu Amaierako Lanak zuzenduko ditugu Informatika Graduko ikasleentzat. Azken mugarri horri esker, ikasleei prestakuntza eman diezaiekegu etorkizunean enpresa mundura sar daitezen, eta, era berean, unibertsitateko hezkuntza sarean sartuko gara, funtsezkoa delarik gure Augmented Class! proiekturako.

 

Errealitate handituaren esparruan badaude startup eta konponbide gehiago ere. Zerk bereizten zaituzte haiengandik?

2010. urtean hasi ginen lehenbizikoz errealitate handituaren kontzeptua entzuten, eta ia inork ez zekien zer zen. Garai hartan ez zegoen egungoen gaitasunak zituen smartphone-rik, eta nola edo hala moldatzen ginen erakustaldiak egiteko, eramangarri bat, webcam bat eta Linux integratua zuen Nokia 900 telefono bat erabiliz. Teknologiak izugarri egin du aurrera harrezkero; software eta garapen kit berriak sortu dira, eta errealitate handituarekin batera errealitate birtualaren eztanda etorri da; gaur egun, HMD (Head Mounted Display) teknologiadun dispositibo berri mordoa daukagu (Google Glass, Oculus Rift edota Microsoft enpresaren HoloLens). Horrek guztiak joera bat sortu du, eta baita ere sektorean erabat murgildu diren enpresa eta startup-ez osatutako ekosistema bat.

Hasieran zaila izan zen lehenak izatea, baina, era berean, baliagarri izan zaigu zenbait proiektutara inor baino lehen iristeko (Europako proiektura adibidez), teknologia propio heldua izateko, eta merkatuan posizionatzeko. Gainera, lehen esan bezala, urte hauetan zehar proiektuak esparru zehatzetara bideratu ditugu, hala nola bio-medikuntzara eta hezkuntzara (horietan espezializatuta gaudela esan liteke), eta baita ere IoTra eta 4.0 Industriara, non konponbide sendo eta indartsuak eskaintzen baititugu. Eta, jakina,  sekula ez gaude geldirik; beti gabiltza ideia eta proiektu berritzaileen bila, azken “gadget-ekin lardaskan” eta sinergiak bilatzen ditugu beste esparru batzuetako enpresekin (esaterako, 3D inprimaketaren sektorekoekin).

 

Augmented Class! proiektuan zentratuta zaudete nagusiki. Zergatik? Zein da proiektu horrekin konpondu nahi izan duzuen merkatuko arazoa?

Aldez aurretik izandako kontaktuengatik, eta Europako proiektuagatik, beti izan dugu lotura estua hezkuntza arloarekin, bereziki unibertsitateekin. Augmented Class! irakasleen eskaeretatik sortu zen neurri handi batean: errealitate handituko tresnak eskuratu nahi zituzten kontzeptuak bisualki eta modu interaktiboan azaldu ahal izateko, prozesuan gehiegizko ahaleginik egin beharrik gabe. Une honetan merkatuan ez dago premia hori erabat konpondu dezakeen konponbide bakar eta globalik; badaude hezkuntzara bideratutako tresnak, baina nahiko zaharkituak daude, edo ez dute beren potentziala guztiz aprobetxatu. Halaber, badaude marketinerako edo beste esparru batzuetarako pentsatutako tresnak, baina, hain zuzen horregatik, oso konplexuak dira, eta ez dira eraginkorrak irakasleentzat.

Augmented Class! konponbide sinple bat da, eta bere bitartez edonork sor ditzake dispositibo mugikorrekin bistaratzeko moduko errealitate handituko proiektuak, denbora gutxian eta ezagutza teknikorik gabe. Gainerako tresnek ez bezala, offline funtzionatzen du (ikasgela askotan ez dute oraindik wifi konexiorik) eta elkarreraginerako gaitasunak eransten ditu, aukerak izugarri zabalduz. Horretarako, gure irakasle taldea daukagu; eurek gidatzen gaituzte garapenean zehar, kontuan har ditzagun ikuspegi pedagogikoa eta amaierako erabiltzailearena, premiak lehenetsiz eta ikuspegia zehaztuz.

Gaur egun, errealitate handitua edo birtuala gehiago ikusten ditugu marketinaren edo turismoaren alorretan. Hala ere, sumatu dugu hezkuntzan interes handia dagoela, bai gure herrian, eta bai atzerrian, bereziki, Irlandan eta Estatu Batuetan. Hainbat herrialdetako berrogeita hamar ikastetxek baino gehiagok erabiltzen dute beta fasean dagoen gure plataforma, eta amaierako produktuarekiko interesa agertu dute. Gainera, akordioak itxi ditugu eskualde mailako gobernuekin; proiektu pilotuak egingo ditugu lehen eta bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, non Augmented Class! sartuko baitugu gelarako lan-tresna gisa.

 

Bestelako zein laguntza behar dituzue proiektu berri hori aurrera ateratzeko?

Iritsi garen tokira iristeko eta gure teknologiak garatzeko, ez dugu jaso geure ekarpenez eta emaitzez besteko inbertsiorik edo kanpoko arrisku kapitalik. Egia da hasieran bilatu genuela, startup guztiek bezala; aitorpenak eta sariak eman zizkiguten eta programa eta azeleragailuetatik pasa ginen, baina inoiz ez genuen jaso dirurik. Une hartan argi geneukan zer egin nahi genuen, baina ez genekien nola; bost urtetan geure bitartekoak bakarrik izan ditugu bide hau egiteko, eta gogorra izan da; baina baita indargarria ere, eta geure helburuak argi izaten lagundu digu.

Une honetan inbertsio bila gabiltza, baina ez produktuak garatzeko, baizik saltzeko, hedatzeko eta nazioartekotzeko. Gure jarduerarekin batera haziko den bazkide bat nahi dugu, bi alderdiok eskuratu ditzagun lankidetzaren balioa eta emaitza ekonomikoak. Horregatik, azken urte honetan atzerrian ibili gara (geure bitartekoekin), azoka eta kongresuetan, nortzuk garen eta zer egiten dugun erakusteko (Frantzian, Irlandan eta Estatu Batuetan: Dublineko Websummit azokan, Las Vegaseko Collision Conf ekitaldian edota San Frantzikoko APP World jardunaldian) eta, gainera, sinergiak bilatu nahi ditugu Erresuma Batuan, UK Trade & Investment (UKTI) erakundearen laguntza dugularik horretarako.

Esan dudan bezala, hezkuntza eta bio-teknologia dira une honetan gure jardueraren ardatza, besteak beste Augmented Class! tresna ikasgeletan sartzea. UPV/EHUn daukagun ikasgela-enpresari eta irakasleentzat eskaintzen ditugun ikastaroei esker, harreman zuzena dugu hezkuntza komunitatearekin, eta batzuk dagoeneko probatu dute gure tresna beren ikasgeletan. Halere, oraindik bide luzea dugu egiteko: proiektu honen motibazio nagusia Jorge R. López Benito eta neu gara, eta, negozioa izateaz gain, uste dugu ikasle guztiek izan behar dutela aukera horrelako teknologien bidez hezkuntza jasotzeko, izan ere, natibo digitalak dira, eta umetatik erabiltzen dituzte tabletak zein smartphoneak. Zergatik ezin dira erabili ikasteko eta aldi berean ongi pasatzeko? Era berean, uste dugu hezkuntza esperientzia berriak sortzeko erabili behar direla, ordenagailuak edo tabletak ez baitira bakarrik idazteko edo bideoak ikusteko; horregatik, akordioak lortu nahi ditugu ikastetxeekin nahiz eskualde mailako gobernuekin, lehenik irakasleei prestakuntza emateko eta ondoren ikasgeletan proiektu pilotuak egiteko. Horrela, tresnaren eta atzean duen teknologiaren potentziala erakusteaz gain, hezkuntza kontzeptua eboluzionarazten saiatuko gara aro teknologikoan.

 

Jende oso kolaboratiboa zarete, ez daukazue arazorik beste pertsona eta enpresa batzuekin proiektuak partekatzeko. Zein negozio izan daiteke zuen osagarri?

Zentzu horretan, inoiz ez diogu aterik itxi kolaborazio bati. Izugarri gustatzen zaigu sinergiak bilatzea mota guztietako enpresa nahiz ekintzaileekin, dela proiektu bateratuak sortzeko edo dela uztartu daitezkeen negozioak bilatzeko. Esate baterako, arkeologiaren eta kultur ondarearen esparruetako ekintzaileekin egin dugu lan turismo- eta aisialdi-esperientzia berriak sortzeko (adibidez “Navarra de Cine”), akordioak lortu ditugu 3D inprimaketako eta robotika hezitzaileko enpresekin, lankidetza proiektuak garatu ditugu elektronikako garapen enpresekin; eta marketin agentziekin ere lan egiten dugu, euren esparruan proiektuak garatzeko. BQ enpresaren hornitzaile teknologikoak ere bagara, eta jakina, harremanetan gaude errealitate handituaren edo birtualaren esparruan gure antzeko garapenak egiten dituzten startup-ekin, uste dugulako ahaleginak batuz proiektu konplexu eta globalagoak garatu ditzakegula, bakoitzak bere esperientzia-eremuko balioak jartzen dituelako; aldiz, bakoitzak bere aldetik egingo balitu askoz garestiagoak lirateke. Gainera, esan dut lehen ere, errealitate handitua oso teknologia transbertsala da, bururatzen zaigun edozein esparrutan edo konponbidetan aplika daiteke.

Transbertsaltasun horretatik abiatuta eta Horizontea 2020 programaren ikerketa-esparruan, proposamen kolaboratiboak garatzen ditugu hainbat herrialdetako bazkideekin, hasi museo birtualetatik eta hezkuntzaren digitalizazioraino.

 

Bukatzeko, nolako enpresa izan nahiko zenukete 5 urte barru?

Nire bazkide Jorgek eta nik, bai eta abentura honetan lagun ditugun lankideok, argi dauzkagu zenbait gauza: enpresa bat nahi dugu, egiten dugunarekin gustura sentiaraziko gaituena, puntako teknologien bidez I+G-ko lanak egiten jarraituko duena, lortutako emaitzekin geure ikerketa elikatuko duena eta nazioarteko merkatura produktu bereizleak aterako dituena. Hori guztia, une honetan daukagun giro onarekin eta motibazioarekin. Gure jomuga globala da, eta gure produktuak ongien hartuko dituzten herrialdeetara zuzentzen saiatzen gara. Non egon nahi dugun? Bost urte barru Europako erreferente izan nahi genuke, Estatu Batuetan lurreratu, eta Asiako merkatuan sartzen ere hasi nahiko genuke, esaterako Txinan eta Ekialde Ertainean. Eta tamaina? Nik neuk nahiago nuke ETE txiki bat izaten jarraitu, gehienez 50 langilerekin, baina betiere bazkide estrategikoak izanez… Dena den, hori denborarekin ikusiko dugu, hazi ahala.

 

www.linkedin.com/in/eartetxe