ES | EU


2015ko Iraila 04


dr. Minsky Bilboko Branding enpresa bat da, Diseinu Estrategikoaren aldeko apustua egin duena eta xedetzat duena bezero bakoitzarekin ezarritako helburu ekonomiko neurgarriak  lortzea. Nines Vaquero eta Javier González 2010ean hasi ziren lanean eta beren enpresa dagoeneko ongi errotuta dago merkatuan. Beren prozesu metodologiko propioan sinesten duten negozio txikiei, ETEei, enpresa handiei nahiz organismo publikoei eskaintzen dizkie beren zerbitzuak.

Javier, nolakoak dira zuen lantaldea eta zuen bezeroen profila?

Nines Vaquero eta Javier González gara dr. Minsky enpresaren bizkarrezurra. Nines estrategian eta edukietan zentratzen da. Nik estrategiarekin laguntzen diot, eta diseinu-lanarekin osatzen dut zeregin hori, arlo horretan prestatuta nagoelako. Eskuartean dugun proiektu motaren arabera, lantalde bat daukagu bezeroekin planifikatu dugun estrategia aplikatzen laguntzen diguna. Bezero horiek dira, funtsean, ekimen berriak martxan jarri nahi dituzten, produktu zorroa sortu edo aldatu nahi duten edo, besteak beste, marka suspertu nahi duten negozio txikiak, ETEak edo enpresa handiak. Organismo publikoekin ere lan egiten dugu, batez ere ekintza programa berri bat ezagutzera eman nahi dutenean, hedapen- edo kontzientziazio-kanpainak egin behar dituztenean, e.a.

 

Izen bitxia da Dr. Minsky, nondik dator?

Izen berezi bat nahi genuen, “aldez aurretiko edukirik gabea”, izan ere gure helburua zen izenaren bitartez jendearen memorian atxikitzea; baliteke Minsky arraroa izatea lehen entzunaldian, baina bigarrenez entzuten duzunean betiko gogoratuko duzu. Eta bestalde, “dr.” terminoak badu bere zentzua, bezero ditugun enpresen irudi eta komunikazioaren osasunari laguntzen diogulako, haien ongizaterako komeni diren terapiak eta zaintzak eskainiz.

Edukirik gabeko izen bat pentsatu genuen, hain zuzen, eduki hori guk geuk eraiki nahi genuelako planifikatutako ekintzen bidez, hau da, negozioen marka eta komunikazio arloetan kontzeptu estrategikoak eta konponbide eraginkorrak eskainiz.

 

Zerk bereizten zaituzte zuen sektoreko beste enpresetatik? 

Enpresa guztiek saldu nahi dute gehiago, baina askok ez dituzte ezagutzen Branding-aren abantailak. Sarritan enpresek “diseinu kosmetikoa” lantzen duten profesionalengana jotzen dute, eta profesional horiek oso lan ona egiten dute, baina gure apustua diseinu estrategikoan oinarritzen da; bezero bakoitzarekin finkatzen ditugun helburu ekonomiko neurgarrietara orientatzen gara.

Branding-a ez da lorpen politak finkatu eta book eder bat egitea. Prozesu metodologiko pertsonalizatu bat da, non enpresa, erakunde edo proiektu bakoitzari marka bat eraikitzen laguntzen baitiogu hutsetik hasita, eta jada badaukatenei berriz merkatuetan behar bezala proiektatzen laguntzen diegu. Eta horretarako, ezinbestekoa da bezeroa prozesuan integratzea, ongi jakin dezala zerk bereizten duen gainerakoengandik eta nola aurkezten dion bere burua gizarteari: “Markan pentsatzea” da negozioan pentsatzea oraingo eta etorkizuneko ikuspegiarekin.

 

Eta zertan datza aipatzen duzun prozesu metodologiko hori?

Negozio guztiek dute bereizten dituen zerbait. Guk zerbait hori aurkitzen laguntzen diegu, estrategia definitzen, balioa emateko euskarriak diseinatzen eta hori guztia beren publikoenganaino hurbiltzen. Dr. Minsky enpresaren helburua da marka biziak eraikitzea, hau da, hazi egiten direnak eta ingurura egokitzen direnak.

Gure prozesua oso sinplea da: Ikerketa > Estrategia > Nortasuna > Kontaktu puntuak

Lan on bat egin ahal izateko funtsezkoa da eskuartean dugun errealitatea ezagutzea. Horregatik, lehenik eta behin, IKERKETA bat egin behar dugu jakiteko bezerotzat dugun erakundea zein testuingurutan mugitzen den. Bere indar eta ahuluneak identifikatu, mehatxuak eta aukerak bilatu… Baina ezin ahantz ditzakegu inguruan dituen elementu guztiak, hots, aztertu egin behar dira sektorea, bezeroen portaeran eragina izan dezaketen joerak, posizionamendua eta lehiakideen indar-guneak.

Lehen urrats horren bidez aztertu dugu nolakoa den erakundea, nolakoa izan nahi duen eta nolako ingurunea duen. Gero ESTRATEGIA definitu behar da, markari nortasuna eta balioa emateko. Ikusi behar da zeintzuk diren bere benetako ezaugarriak eta zein abantaila ematen dizkioten kontsumitzaileari. Bakarrak izateko behar duten “zerbait” hori aurkitu eta kontsumitzailearekin lotura bat sortu behar da. Bereizgarri hori oinarritzat hartuta definituko dugu markaren nortasuna eta horren arabera sortuko dugu planteamendu estrategikoa.

 

Orain artekoak gogoeta eta plangintza izan dira; orain ekintzara igaro beharko da…

Bai, iritsi da marka jantzi eta kalera ateratzeko unea, kontzeptuak forma, kolore, hitz eta argazki bihurtu behar dira. Funtsean, irudi eta hitzezko unibertso bat eraikitzen dugu, enpresaren errealitatearekin eta aldez aurretik definitutako estrategiarekin bat datorrena eta helburuak betetzen lagunduko diguna. Marka bizi eta indartsu bat sortuko dugu publikoak aukeratu dezan: Nortasunaren Diseinua.

Azkenik, beste puntu garrantzitsu bat, KONTAKTU PUNTUAK: markaren nortasuna sortutakoan harremanak egin behar dira. Lortu behar dena da irudi ona ematea publikoari eta, batez ere, publikoak produktua proba dezala, errepika dezala eta mundu guztiari konta diezaiola. Gure lana da erabakitzea nola aurkeztu marka audientziarekiko elkarreragina izango duen puntu guztietan. Fase honetan funtsezkoa da markak beti modu koherentean aurkeztu dezala bere burua. Horrela, erabiltzaileak esperientzia zehatz eta bereizi bat biziko du, eta oroitzapen bat sortuko du.  Hauek dira marka batek bere publikoarekin dituen kontaktu puntuak: erakundea osatzen duten pertsonak, eskaintzen dituen produktu eta zerbitzuak, kokatzen den espazio fisiko edo birtuala, helarazten dituen jakinarazpenak.

 

Aipatu iezaguzu zuen metodologia aplikatzeko aukera eman dizuen eta gustuko izan duzuen proiekturen bat.

Elektronikaren sektoreko enpresa batek, 30 urtetik gora daramatzana hirugarrenentzat produzitzen, erabaki zuen merkatura ireki nahi zuela eta laguntza eskatu zigun negozio ideiaren garapen prozesurako; enpresak oso argi zeukan bere etorkizuneko ikuspegia. Beraz, marka berri baten egitura egiten lagundu genion hutsetik hasita. Alderdi estrategiko batetik hasi ginen, nortasuna adierazi behar duten kontzeptuen bilaketatik alegia. Gero markaren adierazpena landu genuen, eta produktu batzuen diseinuan ere parte hartu genuen.

Marka merkaturatzeko euskarri guztiak sortu genituen, eta oraindik ere  lanean jarraitzen dugu markaren posizionamenduan.  Euskarri horiek estrategikoki bat datoz markaren baloreekin, produktua guk nahi dugun moduan posizionatu ahal izateko. Hainbat tresna garatu ditugu SMINN enpresarentzat: packaging-a, produktu katalogoak, txosten korporatiboa, prentsa kit-a, azoketarako stand-a, web orria, prentsarako iragarkiak…

Enpresak produktu ona zeukan, eta guk laguntza tekniko ona eta enpresaren helburuekin bat datorren branding estrategia eskaini genion. Ondorioz, erantzun ona lortu du merkatuan eta nazioartekotzeko bide seguru eta progresiboari ekin dio.

 

Zein da Dr. Minsky enpresaren etorkizuneko erronka?

Urrats bat gehiago eman nahi dugu “Zerbitzuen Diseinu” kontzeptuan, marka naturalki lotu dadin ematen dituen irabaziekin. Elkarrizketen aroan bizi gara, eta, horregatik, markaren eta targetaren arteko harremanak bideratu nahi ditugu; horretarako, aktiboki entzun behar zaio markaren bezeroari eta presente egon behar da bere publikoak darabiltzan komunikabideetan.

Gainera, begiak ongi zabaldu nahi ditugu irudiaren eta komunikazioaren arloetako joera berriekin inspiratzeko, eta bezeroei gure ingurutik harago sortzen diren konponbideak eskaintzeko.

 

Info+: http://www.drminsky.eu