ES | EU


2017ko Abuztua 17


2017ko abuztuaren 9an. Lehen ekitaldian izan zuen arrakastaren ondoren, Sopela Kosta Fest jaialdiak ‘Surf Business Meeting’ ekimena berriro hartuko du, aurten surfaren industria indartsuak enpresa-egitasmo propioak sustatzeko eta lan aukerak bilatzeko eskaintzen dituen aukerak aztertzeko.

Hizlarien artean ekintzaileak, egonkortutako enpresak, aditu profesionalak eta nazioarteko erakundeak eta erakunde lokalak izango dira. Hauek guztiek beren eskarmentua partekatuko dute, eta alorrak profesional berriak erakartzeko eta ekintzailetza egitasmo berriak abian jartzeko dituen aukerez mintzatuko dira.

Beren parte-hartzea baieztatu duten erakundeen artean daude Aspom, Frantziako nazioarteko enplegu agentzia, surfean eta irristatzeko kiroletan espezialdua; Ocean Living Lab egitasmoa aurkeztuko duen Euskadiko Gaia Clusterra, itsasoko kiroletan espezialdutako lehen europar laborategia eta Eurosima, Europako Surfaren Industria Erakundea. Horrez gain, Euskadi, Espainia, Portugal eta Frantziako hainbat enpresek lortu duten arrakastaren gakoak azalduko dituzte.

 

Helburua: profesional berriak sortzea

Nabarmentzekoa da azken urteetan kirol-jarduera honen potentzial ekonomikoak gora egin duela, surfaren alorrarekin lotura duten enpresa txiki eta ertainen kopuruak hazkunde esponentziala izan baitu. Ez dira turismoarekin zerikusia duten enpresak bakarrik, etengabe fabrika berriak, markak, banatzaileak eta teknologia edo marketing etxe berriak sortzen ari baitira. Horregatik, surfaren alorra jende askorentzat benetako irteera profesionala ere bada.

Honenbestez, hainbat erakunde publikok, garapen agentziak, udalerrik eta unibertsitatek alorra babesteko ehun eraginkorra sortu dute, ekintzaileak sustatzeko, besteak beste.

Surf Business Meeting industria honetan lan bila dabiltzanei, erakundeei, ekintzaileei eta prestakuntza edo eskarmentua duten profesionalei eskainitako ekimena izango da. Ezagutzak zabaltzeko aukera bat izateaz gain, joerak ezagutzeko edo baieztatzeko aukera emango die, bai eta garapen profesionalerako ezinbestekoak diren harremanak indartzeko aukerak ere.

 

Euskadin errealitate ekonomikoa da surfa

Surfean aritzen direnek ekonomia-alor garrantzitsu bat abiarazten dute, industriarekin zerikusia duena ezezik, baita kulturarekin edota turismoarekin lotutakoa ere. Sopelari dagokionez, herriaren irudiarekin eta izaerarekin bat egiten duen kirola da, berezkotasunetik abiatuta garapen ekonomikoan eta sozialean zeresana duena.

Surfaren garrantzia erakusten duten datu orokorrak azpimarratzekoak dira. Mundu osoan 35 milioi lagunek egiten dute surfean, eta mugitzen duten negozioaren zenbatekoa 22.000 milioi ingurukoa da. Espainiar estatuan 250.000 lagun inguru aritzen dira, 220 surf-eskola daude eta 154 talde. Honek guztiak 480 milioi euro inguru mugiarazten ditu.

Egin diren azterketa desberdinen arabera, Euskadira urtero 75.000 lagun inguru etortzen dira olatuak hartzera. Tokian-tokiko egoerak aztertuz gero, hiriburu ‘surferoenetako’ batean, Donostian alegia, 18.300 surflari zenbatu dira, bertakoak eta kanpokoak. Hauek 5,9 milioi euroko eragin positiboa sortzen dute. Hiri honetan, surfaren industriak 216 laguni ematen die lana, eta udaleko BPGren %0,11 sortzen du.

+info: www.sopelakostafest.com