ES | EU


2016ko Urtarrila 02


Clucom kudeaketa hobetzeko aplikazio bat da, oinarrizko tresnak sinpletzen eta elkar integratzen dituena zenbait zeregin hutsal gauzatzeko: fakturazioa, denboraren kudeaketa, proiektuak, baliabideak, erosketak, txostenak, bezeroarekiko harremanen kudeaketa, dokumentazioa, e.a. 

 

Joseba Barrera, Sergio Oteiza eta Carlos Escuderok sortu dute, batez ere, autonomo, mikro-enpresa eta enpresa txikien premiak kontuan hartuta. Hala, aplikazioak aipatu tresna horiek sinpletzen ditu enpresen premien arabera, aukera emanez kudeaketa digitalizatzeko softwarean inbertitu gabe, prestakuntza espezifikorik behar gabe eta mantenimendu- edo integrazio-kostu gehigarririk gabe.

 

Merkatuan aplikazio asko daude, baina zuek beste bat garatu duzue autonomo, mikro-enpresa eta ETEen kudeaketarako. Zerk bereizten du merkatuan dauden gainerakoetatik, zerk egiten du besteak baino lehiakorrago? 

Merkatuan asko dira Clucom-en funtzionaltasunak partzialki betetzen dituzten tresnak, batzuk doakoak ere bai. Gureak, ordea, abantaila bat du, zeren datuei dagokienez, plataforma bakarrean integratzen ditu tresna guztiak, eta online da erabat. Egile desberdinen tresnak erabiliz gero, ezinezkoa edo oso garestia da aplikazio horietako datuak alderatu edo integratzea, nahiz eta enpresa barruan IKT profileko langile bat eduki, haren denborak ere dirua balio du eta.  Gainera, zerbait dohainik bada, ziur izan produktua zeu -erabiltzailea- zarela, era batera edo bestera! Clucom-ek kostu baxuan eskaintzen ditu bere tresna guztiak, autonomoek merke eskura ditzaten, eta, horrez gain, produktua Clucom dela bermatzen du, eta ez erabiltzailea.

Bestalde, teknologia arinak erabili ditugu Clucom garatzeko. Teknologia arin horiei esker aldaketak garatu ditzakegu eta gure bezero guztiei aplikatu diezazkiekegu beren produkzio-inguruneetan eta modu seguruan. Astero garatzen ditugu aldaketak, eta bi helbururekin hedatzen ditugu: bezeroen iradokizunak hobekuntza funtzional eta zuzenketa bihurtzea eta beste merkatu batzuetara egokitu ahal izatea, beste hizkuntza batzuetara itzuliz eta tokian tokiko inguruneetara egokituz.

 

Proiektuak kudeatzea, bezeroekiko tratua, fakturazioa, enpresen agenda eta baliabideak… CRM eta ERP baturik, eta erraz erabiltzeko moduan.

Enpresa ertain eta handiek prozesu guztiak digitalizatzen dituzte, eta digitalki dokumentatzen dute negozio osoa: proiektuen kudeaketa, bezeroekiko harremana, fakturazioa, erosketak, gastuak, e.a.  Kostuak handiak izan arren, enpresa ertain eta handi guztiek dauzkate ERP, CRM edo dokumentuak nahiz aginte koadroa kudeatzeko software bat. Argi dago zergatik: softwareak lehiakortasun abantaila argia ematen die eta kostua benetako ekarpena baino txikiagoa da. Tresna horiekin errazago jakin daiteke nondik egiten duen ihes diruak, non dauden proiektu errentagarrienak, nola hobetu daitekeen produktibitatea, eta informazio eguneratu eta erreala ere jaso daiteke.

Baina hori guztia ez dago  errotuta enpresa txikien kulturan, besteak beste, softwareak kostu altua duelako (lizentziak, mantenimendua), prestakuntza beharrezkoa delako halakoak erabiltzeko eta kanpoko zerbitzuak azpikontratatu behar direlako. Kudeaketa-kultura duten enpresa txikiek tresna ofimatikoak erabiltzen dituzte denetarako. Baliteke sistema eraginkorra izatea, baina motela ere bada, eta muga asko ditu: informazioa galtzen da; informazioa erreplikatu egiten da; datuak tokiko sareen barruan dauden ekipoetan gordetzen dira, zeintzuk ez baitira batere seguruak; txostenak egitea eta adierazleak eskuratzea oso lan astuna da; ezin da informaziorik eskuratu bulegotik kanpo; datu-iturriak ez daude elkarrekin integratuta…

 

Kudeaketarako tresna integrala da, profesional eta enpresen benetako premietara erraz egokitzen dena

Orain arte posible zen partzialki justifikatzea kudeaketa lanak eskuz (ofimatika bidez) egin beharra, softwarea oso garestia zelako, baina gaur egun ez dago aitzakiarik. “Cloud computing-ak” izugarri demokratizatu du teknologia; hala, orduko 30 euro fakturatzen dituen autonomo batek, ordu erdiko lanarekin ordaindu dezake balioa ematen dion tresna baten hileroko kostua. Gainera, tresna horri esker zailagoa da akatsak egitea, denbora mordoa aurrezten da, eta, beraz, dirua ere bai.

Zein faktura bidali ote nion bezero hari? Zenbat kostatu zitzaidan X ekipoa? Nork erabili zuen ibilgailua isuna jarri ziguten egunean? Zenbat irabazi edo galdu dut proiektu honekin? Zertan gelditu nintzen bezero harekin izandako azken elkarrizketan? Zenbat eskaintza bidali dizkiot? Erosketa hau egin ahal izango dut datorren hilabetean? Zenbat BEZ ordainduko dut hiruhileko honetan? Horrelako galderak eta askoz gehiago sortzen zaizkigu egunero, eta badute erantzuna. Enpresa batek ez badu gurea bezalako tresnarik erabiltzen, ezingo ditu erantzun. Kalkulu orriak erabiltzen baditu, bakarren bat erantzun ahal izango du, baina denbora beharko du eta beraz diru asko xahutuko du. Clucom aplikazioarekin berehala jakingo luke.

 

Dena aplikazio bakarrean eta lainoan: oso kontuan hartu dituzue segurtasuna eta pribatutasuna, onlineko informazioarekin neurri bereziak hartu behar direlako.

Segurtasuna eta pribatutasuna lehentasunezkoak dira gure bezeroentzat, beraz, baita ere guretzat. Segurtasunari dagokionez, framework-ak eta teknologia seguruak erabili ditugu Clucom garatzeko, hala nola SSI zifratua. Gainera, beharrezkotzat jo ditugun segurtasun neurri guztiak hartu ditugu, eta kanpoko enpresa batek egiaztatu ditu, zeinak gure plataforma aztertu baitu eta lantzean behin zuzentzen baititu gure ahuluneak.

Datuen babesari dagokionez eta erdi-mailako datuen tratamenduaren arduradunak garen aldetik, legeria betetzen dugu, eta hemendik gutxira segurtasun bera eskainiko dugu goi-mailako datuentzat ere.

Balizko bezeroek beldurra izaten dute beren dokumentu eta datuak lainoan sartzean, baita ere Clucomek bezala estandar guztiak betetzen dituzten aplikazioetan; baina, ez dira jabetzen pribatutasun legeak betetzen ez dituzten onlineko ostatu tresnak erabiltzen dituztela, besteak beste, Europako espazio ekonomikotik kanpo dauden zerbitzarietan jasotzen dituztelako datu horiek. ETE askok Interneterako irteera duten tokiko sareetan kokatutako zerbitzari edo ekipoetan gordetzen dituzte datuak, nahiz eta ez dituen inork monitorizatzen. Sarerako konexioa duen ekipo bat ez al dago lainoan? Esparru pribatuenean, gehienok informazio pertsonalez betetako dispositibo bat daukagu patrikan, 24 orduz Internetera konektatua, eta berau erabiltzen dugu onlineko bankarekin edo osasun sistemarekin konektatzeko. Arriskua beti dago hor, baina norbaitek ETE baten informazioa ostu nahiko balu, errazagoa litzateke bulegoko atera joatea eta enpresako WIFIaren gakoak eskuratzea.

 

Enpresek eta profesionalek aukera izango dute euskaraz, galegoz eta katalanez lan egiteko.

Bai, ez dago hiru hizkuntza ko-ofizialak eskaintzen dituen halako tresnarik. Garrantzitsua iruditu zitzaigun hasieratik eleanitza izatea, eta halaxe garatu genuen.

 

Argi dago prezioa garrantzitsua dela; bezeroak ez luke ordaindu behar beretzat beharrezkoa ez den funtzionaltasunik.

Esan bezala, kudeaketarako softwarea garestia da, kudeaketa-kulturadun enpresei zuzendua dagoelako, eta enpresa horiek oso egitura konplexuak izaten dituzte normalean. Software hori enpresa txiki batean ezartzen baduzu, %80 alferrekoa izango da; beraz, enpresak softwarearen %100a ordaindu behar du %20 bakarrik erabiltzeko.  Clucom aplikazioak behar duen guztia eskaintzen die, baina modu sinpletuan eta konfiguragarrian. Hala, oinarrizko kudeaketa-ezagutzak dituen pertsona batek maila batean erabili dezake, eta aurreratuxeagoa dagoen beste batek goragoko mailan. Behar dutena ematen saiatzen gara, eta gehiago behar badute, kanal bat ireki dugu beren feedback-a jasotzeko. Zenbait erabiltzailek beren premien berri ematen digute, eta gero, hobekuntzak bezero guztientzat inplementatzen eta hedatzen ditugu. Hala, gainerako bezeroek ere hobekuntza horiek baliatu ditzakete.

 

Design Kabi zentroan hasi zenuten zuen proiektua, eta horri esker, sinergiak sortu dituzue beste ekintzaile batzuekin.

Design Kabi ekimen eredugarria da gure ustez. Ekintzaile izatea ez da erraza, ahalegin handia eskatzen du, eta baita ere dirua, eta epe laburrean ez du irabazirik ematen. Inguruan beste ekintzaile batzuk dituzunean, errazago barneratzen duzu hori, eta Design Kabi horixe da, zurearen puntu bertsuan dauden proiektuz betetako espazioa. Ingurune horretan jende bizia daukazu ondoan, eta nahigabe ere sinergiak sortzen dira denen artean. Azkenean, nolabait, gainerakoekin kolaboratzen duzu. Guri oso ondo etorri zaigu, beste proiektu batzuekin kolaboratu dugu eta beste batzuek gurekin kolaboratu dute. Profil profesional oso desberdinak biltzen dira, ezagutzen ez ditugun gaietan expertis handia dutenak. Helburua da gure artean elkarrekiko osagarri izatea.

Bestalde, BEAZek  ikusgarrizko instalazioak dauzka, eta gainera, aholkuak, hitzaldiak eta prestakuntza ematen dizuten teknikariak eskaintzen dizkizu, zure proiektua hedatzen laguntzen dizutenak, e.a. Hemendik egun batzuetara bukatuko da gure egonaldia, eta gure jomuga berria erabat seguru ez dakigun arren, ziur gaude faltan botako dugula. Gainera, BEAZ bera laguntzen ari zaigu kokaleku fisiko berriaren bilaketan. Bizkaiko oinarri teknologikoko proiektu ekintzaile guztientzat ezinbestekoa da BEAZekin harremanetan jartzea, eta jakina, eskerrak eman nahi dizkiogu lantalde osoari.

 

Proiektua aurrera ateratzeko laguntza gehiago ere jaso dituzue.

Bai, CEIA-Arabako ekintzailetza programa batean parte hartu dugu. Gainera, CEIAren bitartez SPRIren finantzaketa eskuratu genuen proiektua martxan jartzeko. CEIA da gure tutorea, esperientzia handia dute eta tratu hurbila ematen digute. Aholkularitza eskatzen diegu, zalantzak kontsultatzen dizkiegu, eta beti erantzuten digute azkar eta ondo. Gainera, jende asko ezagutu dugu CEIAren bitartez: egun gure bezeroak direnak, teknologikoki lagundu diguten enpresak, SECOT, e.a.

SPRIren bitartez Ekintzaile programaren finantzaketa eskuratu genuen. Maketa funtzional bat eraman genuen gure proiektua defendatzeko, eta uste dugu gustatu zitzaiela, finantzaketa eman ziguten eta. Mugarri bat izan zen proiekturako, ez diruagatik bakarrik, baizik eta SPRIk fedea izan zuelako proiektuan, eta horrek pentsarazi zigun merkatuan ere eskaera izan zezakeela. Arestian Intergune azokan ere izan gara, aukera berriak identifikatzeko.

Azkenik, eskerrak eman nahi dizkiogu Tecnaliari ere, ELAN proiektua koordinatzen baitu. Haiei esker hurbiletik ezagutu dugu Peruko merkatua, eta harremanetan jarri gara Clucom Perun eta Latinoamerikako beste herrialde batzuetan merkaturatu nahi duten hango enpresekin. Ez da erraza epe laburreko mugarriak finkatzea, horregatik zuhur jokatzen dugu, baina eskuartean ditugun eta erabiltzen ditugun teknologiak gure alde dauzkagu.

 

Info+: www.clucom.com