ES | EU


2016ko Urtarrila 16


Daniel del Río eta Iñigo Sobradillok karrerako azken ikasketa-urtean ekin zioten beren lehenengo enpresa esperientziari. Lehen esperientzia hori lau bazkideren ekimenez eta osasun arloko ETE baten laguntzaz sortu zen, klinika eta ospitaleei zerbitzu teknikoa eskaintzeko. 

Esperientzia labur haren ostean, produktua garatzeko ingeniaritza berri bat abiarazi zuten, “Bizintek”, garapen elektronikoaren hasierako fasea osatzeko. Lehen urteetatik gai izan dira produktu berrien garapen-prozesu osoa estaltzeko, bezeroei lagunduz hasi kontzeptuaren eta ideiaren sorreratik eta produktua merkaturatu arte.

 

Sektore desberdinetarako konponbideak garatu dituzue: medikuntza elektronikoa, energia, teknologia, kirolak, kontsumo handia…

Gure bezeroen artean denetik dago: merkatura produktu teknologiko berriak ateratzen dituzten startup-ak, enpresa ertainak eta enpresa industrial handiak ere bai. Beti esaten dugu gustatzen zaigula arazotan sartzea, hau da, erronkak eta sektore edo merkatu berriak esploratzeko aukerak ekarriko dizkiguten proiektu berriei ekitea.

 

 

Lanbide honetan anekdota bitxi edo dibertigarri mordoa bilduko zenituzten…

Egia esan, proiektu bitxiren bat edo beste egin dugu, bai. A priori arraroak diruditen proiektuak garatu ditugu, esaterako, ilean automatikoki “rastak” egiteko makina bat.

 

Italian geundenean, “Robotika lehiaketa” batera gonbidatu gintuen Turineko Unibertsitateak. Ikasleetako batzuk 8-12 urte bitartekoak ziren, eta aste luzez aritu omen ziren gure “mOway” robotarekin lanean proba prestatzeko. Robotaren sortzaile eta diseinatzaile bezala aurkeztu gintuztenean, “rock izarrak” bagina bezala hartu gintuzten. Ikaragarria izan zen.

 

 

Zuen bezero diren enpresek estutu egingo zaituztete produktuak diseinatu eta merkaturatzeko prozesuak azkartzeko…

Guk mundu guztiarentzat eta sektore guztietan sortzen dugu, eta bezeroek ahalik eta denbora laburrenean izan nahi dituzte beren produktu/zerbitzuak. Baina produktuaren diseinuaren berezitasuna da epe luzeak dituela, luzeegiak hainbat bezerorentzat. Guretzat arrakasta itzela da merkatuan produktu bat izatea urtebete baino gutxiagoan, baina bezero gehienek milaka produzitu nahi lituzkete 3 hilabete baino gutxiagoan. Netscape enpresaren fundatzaile Marc Andeersenek esan zuen bezala: “Hardware is hard. It’s called hardware for a reason.”

 

Azken urteotan teknologia izugarri garatu da, eta horrekin batera, baita bezeroen itxaropenak eta premiak ere. Benetako PC ñimiñoak dauzkagu, eskuan eramateko modukoak eta nahiko merkeak. Horrek espektatiba izugarriak sortzen ditu. Hala, batzuetan ez gara jabetzen, adibidez, 800 ingeniari ari direla lanean iPhone baten kamera diseinatzen.

 

 

Une honetan gizartea kezkatuta dago produktuen zaharkitze programatuarekin.

Gure ikuspuntutik, zaharkitze programatuaren kontua legenda urbano bat da. Produktuen zaharkitzea ez dute fabrikatzaileek programatzen, baizik eta bezeroen premiek. Orain ez dugu telebista edo bideojoko-kontsola edo sakelakoa aldatzen hondatu egin delako, baizik eta askoz teknologia hobea dagoelako merkatuan. “Hobea den zerbait dago merkatuan”.

 

Egia da, agian, produktuak 70eko hamarkadan baino errazago hondatzen direla, eta bermea iraungitakoan haiek konpontzeko kostua oso altua dela, baina, miniaturizazioari esker, produkzioaren prezioak ere asko jaitsi dira, eta sarritan ez da beharrezkoa gauzak konpontzea, produkzio kostuak ere oso baxuak direlako. Gaur egungo sakelako telefono batek 10 aldiz osagai gehiago dauzka, eta 10 bider gauza gehiago egiten ditu. Logikoa da, beraz, gehiagotan hondatzea; estatistika kontu bat baino ez da.

 

 

Historian sartuko diren 10 euskal enpresa ekintzaileen artean aukeratu zaituztete…

Kasu honetan, abian jartzen ari garen ekimen berriari esker lortu dugu izendapen hori: Onean”, merkatura 2016an iritsiko den surf taula elektrikoa; uste dugu harrera bikaina izango duela. Interes handia piztu dugu ur-kirolen  munduan, eta gure asmoa da produktuak ilusioa sor dezala gure bezeroen artean, gu geu ilusionatu gaituen bezala.

 

 

Badirudi primeran doakizuela dena… 15 lagun zaudete jada lantaldean! Zeintzuk dira zuen hurrengo erronkak?

2015a oso urte ona izan da, eta 2016a ildo beretik joan dadin nahi genuke. Oso harro gaude gure pertsona taldearekin, eta uste dugu prest gaudela erronka handiagoak, proiektu handiagoak hartzeko. Datozen hilabeteetan proiektu interesgarri batzuk merkaturatuko ditugu; oraindik ezin dut haiei buruzko ezer esan, baina seguru interes handia piztuko dutela.

 

Info+: www.bizintek.es