ES | EU


2017ko Apirila 22


Beren web espazioan, lehenik eta behin, eskerrak ematen dizkiete bisitari guztiei: “Ezer baino lehen, BiRick lantaldeko kideok ongi-etorria ematen dizugu eta eskerrak eman nahi dizkizugu auto-kudeatutako gure proiektu txiki honen alderako interesa azaltzeagatik…” Honela aurkezten dute David Reguerak eta Sergio Larredondak BiRick proiektua, sostengarritasuna sortzen duen proiektu auto-kudeatua: “Sostengarritasuna da BiRick proiektuaren arima, eta gure jarduera guztiaren haria. Horrekin hobetzen dugu gure bizitokia –eta, neurri batean, planeta- eta gainera, ingurukoak kontzientziatzen ditugu! 

BiRick EcoFun Tours, BiRick EcoSolutions eta BiRick EcoEvents dira Balioa, Beroa, Kolorea eta Sinpatia eskaintzen dituen ekimen honen hiru adarrak: “Ibilgailu sinpatikoak dauzkagu, argazki guztietan primeran ateratzen direnak, eta buru-argitasun apur batekin, gauza harrigarriak egin ditzakegu…”

 

BiRick lantaldean diozue zuen ekimena “auto-kudeatutako proiektu txiki bat” dela. Zergatik? Zer da “auto-kudeaketa”?
Proiektu auto-kudeatua dela diogu, denon artean erabakitzen dugulako norantz jo, edozein dela ere bakoitzak proiektuan daraman denbora. Eredu honek bi alderdi dauzka… Alde txarra da erosotasun eremutik ateratzen gaituela, oso erosoa baita “lanera joan, nire lanorduak egin eta etxera itzuli, proiektuaz gehiegi axolatu gabe”. Baina badu alde ona ere, zeren norbere erosotasun eremutik kanpo “gertatzen baita magia”, hau da, hazteko balio du, eta ez profesionalki bakarrik, baita pertsonalki ere. Eta horrek “engagement” handia sortzen du! Hori bai, ahalegin handia egin behar da.

Hitz gutxitan, auto-kudeatzea da proiektuaren patua eta norberarena geure esku hartzea. Ez gara langile hutsak, zuzendariak ere bagara!

 

Kanpotik ikusita badirudi pedalei eragitea dela zuen lana, baina zuekin hitz egin ondoren ikusten da BiRick proiektuaren ariman askoz ere gauza gehiago daudela…

Jakina, ekonomiagatik, ohitura daukagu dena hitz bakarrarekin etiketatzeko. Oso metodo eraginkor eta azkarra da, baina horrek ideia “naïf” samarrak sortzen ditu… BiRick ez da pedalei eragitea bakarrik, irakasle batek lanorduetan bakarrik lan egiten ez duen bezala. Ia hasieratik ohartu ginen proiektu bideragarria –eta gainera gure bizitzei zentzu apur bat emango ziena- izan nahi bagenuen, lan asko egin beharko genuela (askotan “kobratzen ez dena”), eta horrek ez zuela zerikusirik izango pedalei eragitearekin, baizik eta buruari eragitearekin. Hiru urte behar izan ditugu gure balio proposamen komuna gorpuzteko –bakoitzak badituelako bere proposamen propioak-, eta eskaintzen ditugun zerbitzu guztietan aplikatzeko: sostengarritasuna.

Era berean, eredu gara “kalera bizikletan irteteko” beldur diren guztientzat… Gu geu irten gara, gurpilak eta pedalak hartuta.

 

Aste Santua iristean turistaz betetzen da Bilbo, eta ikusi dugu jende askok gozatu duela hirian zuekin.

Bai, eta hori, kontuan izanik Aste Santuan etorri den jendea ez dela gure jomuga “target-a”. Bilboko turismoa pizten ari da pixkanaka, duela urte batzuk ez zukeen inork imajinatuko Bilbo gaur egun dagoen bezala. Halere, ezin dugu ahaztu hiriak baduela zer erakutsi, hor dugu adibidez Euskalduna Jauregia, urtearen %90ean betetzen dena, eta kalitatezko turismoa –ez kantitearen araberakoa- sortzen duena, oporretako turismoak sortzen duen urtarokotasunetik urrun. Hortxe txertatu nahi dugu BiRick, kalitatezko turismoaren esparruan, eta bisita profesionalak eskaini hirian barrena, ibilgailu sostengarri batean. Zentzu horretan, gure balio proposamena da bertako jendearekin elkarreragitea, beren begietatik erakutsi dezaten hiria. Hala, gure handicap-a irauli eta arma nagusi bihurtzen dugu: ez da gauza bera zure lana bi lagunek (BiRick bakoitzean bi sartzen direlako) edo hogeiko talde batek baloratzea eta ordaintzea. Jakina, tour pribatu baten esperientziak ez dauka zerikusirik autobusez antolatzen den irtenaldi batekin…

 

Baina Turismoak ez du jarduera sortzen urteko egun eta ordu guztietan, beraz, banaketa eta logistika sostengarriko zerbitzuak ere eskaintzen dituzue.

Denok nahi dugu CO2rik gabeko Bilbo ibilgarri eta atsegina. Gure logistika zerbitzuekin erakusten dugu bidalketak egin daitezkeela modu sostengarri eta ekologikoan, hiria eta hiritarrak errespetatuz. Balio hori estimatzen duten eta denontzako etorkizun hobea eraiki nahi duten enpresa eta saltokiekin lan egiten dugu.
Eta ekitaldi bereziak antolatzea da zuen alderdi sortzaileenari balioa emateko modu bat…

Ia hasieratik ikusi genuen munduko beste hiri batzuetan publizitaterako euskarri gisa erabiltzen zirela horrelako ibilgailuak, eta horrek negozioaren eskalagarritasuna hobetzen zuela: Tour-ak egitearekin batera, publizitateagatiko diru-sarrerak sor daitezke. Gainera, pixkanaka konturatu ginen ez-ohiko ekitaldi puntualak egin ditzakegula, eta horrekin marjina handiagoa sortu gure proiektuari egonkortasun -eta lasaitasun- handiagoa emateko. Askotariko ekitaldiak izan daitezke, esaterako, pizgarri-bidaietarako antolatutako jarduerak edo zaharren egoitzetako pertsona nagusiak kalera ateratzea Bilbo deskubritu dezaten.

 

Sergio, erabiltzen dituzuen ibilgailuak ere bereziak dira… Politak, eta itxuraz, oso praktikoak ere bai!

Logistikan, adibidez, eredutzat hartu ditugu Holanda eta antzeko beste herrialde batzuk, gainerakoak baino askoz aurrerago baitaude bitarteko sostengarrien erabilpenean. Zehazki, “bullit” modeloa erabiltzen dugu bidalketak banatzeko, “cargo-bike” paregabea baita hirian barrena entregak egiteko.

 

David, dataren arabera, dozena bat lagun izaten duzue lantaldean.

Bai, zoritxarrez, urtarokotasunaren arazoari aurre egin beharrean gaude –momentuz. Iaz ohartu ginen banaketak eta tour-ak batera egitea “ez dela oso bateragarria” eta paraleloki garatu beharreko jarduerak direla. Eta nola Sergio gurekin izan zen denboraldi hartan, erabaki zuen bere gain hartzea jardueraren ardura. Aurten, gainera, iraultza txiki bat eragin nahi dugu BiRick proiektuaren barruan, ibilgailuak kalera atera ordu askotan, eta 12 lagunerainoko lantaldea osatu txandaka lan egiteko. Gure helburua da denboraldiaren amaieran sortutako likidoarekin hiru pertsonak lanean jarrai dezatela urte osoan, eta horrela, paraleloki garatu proiektuaren hiru adarrak.

 

Lantaldeari buruz hitz egiten duzuenean nabarmena da NER eredua. Zertan izan da lagungarri? Bestelako zein laguntza jaso dituzue proiektua aurrera eramateko?

Horrelako proiektuak a priori ez dira oso interesgarriak enpresa arloan –eta beraz, ezta ekonomikoki ere-, oso zaila delako aurrera eramatea, eta ia ez daukatelako eskalagarritasunik. “NER group” taldearen laguntzak bi osagai nagusi dauzka: “Materialak eta Baloreak”.

Materialaren kasuan, azpiegiturak ematen dizkigute jarduera garatzeko, hau da, gastu finkoak estaltzen dituzte gure lehentasuna izan dadin pedalei eta buruari eragitea eta “enpresa munduko Everestera igo beharrean, Gorbeara igo gaitezen”.

Bigarren osagaia, eta bietan garrantzitsuena, baloreak dira –dio Sergiok: duela hiru urte NER Group deskubritu nuen, eta bat-batean, izena jarri ahal izan nien barruan neuzkan gauza askori. Gardentasuna, elkartasuna, erosotasun eremuak… Eta batez ere, ikaskuntza eta hazkunde pertsonala. NER Group funtsezkoa da BiRick existitzeko.

Dena den, laguntza asko jaso dugu baita ere Bizkaiko Foru Aldunditik, Bilboko Udaletik eta EEEtik; horiei guztiei esker daukagu, gaur egun, proiektu bat eskuartean. Orobat eskerrak eman nahi dizkiogu Bilbao Ekintzari, eskaintzen duen prestakuntza eskaintza zabalagatik, oso lagungarria baita pentsaera ekintzailea barneratzeko.

 

Zuen jarduerari balioa emateko, besteak beste, APP bat sortu duzue, PhotoBook, eta horri esker, ibilgailu elektronikoan eginiko bisitak ere proposatzen dituzue: “Birick on the Road”

Hala da, negu garaian Think Tank-ean gotortzen gara dagoeneko eskaintzen ditugun zerbitzuak fintzeko, eta mezu oso argi bat bidaltzen duten esperientzia berriak sortzeko: bizirik gaude, hazten eta hobetzen ari gara. Iaz APP bat sortu genuen (enpresa barrurako, ez bilatu AppStore dendan), eraginkortasunez neurtzeko tour-ekin lotutako guztia, eta jakiteko “nola doan partidua, irabazten edo galtzen ari garen”, eta baita ere gure bidaiariekin elkarreragiteko.

Gainera, gida-liburu txiki bat sortu genuen Bilboko argazki zaharrekin, tour bakoitzean ematen ditugun azalpenak osatzeko. Denboraldi honetan gida-liburu hori erabiltzen hasi gara eskaintzen ditugun tour guztietan, eta app-ak zuzenean kalkulatzen digu proiektua eremu berdean edo gorrian daukagun; gainera, erotzerainoko “stat” kopurua erantsi diogu… Kar, kar, kar! Bestalde, beste bi zerbitzu eskaintzen hasi gara: irtenaldiak probintzian barrena ibilgailu elektriko batekin eta gaueko ibilaldiak.

 

+info: www.birick.com

Birick taxi bici