ES | EU


2016ko Martxoa 26


Enpresa eta industria esparruetan garatu dituzte beren ibilbide profesionalak, beti ere enpresarekin eta administrazioarekin lotuta. Senior aholkulariak dira, eta zuzendaritza-lanetan dihardute esparru anitzetan: estrategia eta marketina, salmentak, pertsonak (“gaizki deituriko giza baliabideen arloa”), laugarren sektorea, diseinua, berrikuntza soziala, produkzioa, kalitatea…

 

Bikonsulting osatzen duten kide batzuek beste enpresa ezagun batzuetan lan egin dute: Ford, Citröen, Renault, Gestamp Taldea, CIE Taldea, Innobasque, Eusko Jaurlaritza, hainbat udal, upategi taldeak, e.a. Orain, beren ezagutza eta esperientzia guztiak baliatzen dituzte antolakundeei Guztion Ona helarazteko.

 

 

Bitxia da enpresa handien interesentzat lan egiteari utzi eta orain zuen indar guztiak Guztion Onari eskaintzea. Nola sortu zen Bikonsulting? Zergatik kooperatiba bat?

Denbora asko eman genuen enpresan, eta 2008ko krisiari “esker”, hainbat lagun gogoeta prozesu pertsonal eta kolektibo batean murgildu ginen. Prozesu horretan ikusi genuen larriki kaltetutako sistema baten barruan gaudela eta balore gabezia dela horren arrazoi nagusia; sistema bat, emaitza ekonomikoak lehenesten dituena antolakundeen balio sozialaren edo ingurumenaren gainetik, eta argi dago horrek irtenbiderik gabeko desorekara garamatzala.

 

Hainbat kasu garrantzitsu aztertu ondoren, ikusi genuen bazela adierazle komun bat porrot egin duten hainbat negoziotan eta, adierazle horrek, zuzenean edo zeharka, lotura duela ikuspegi etiko ezarekin edo gizartearekiko konpromiso faltarekin. Horrek muturreko egoerara eraman zituen enpresa horiek, hots, itxi egin behar izatera. Horregatik erabaki genuen aholkularitza bat sortzea, enpresak etikaren eta baloreen bidean gidatzeko, sostengarri izan daitezen ekonomikoki, sozialki eta ingurumenaren aldetik.

 

Eta, kooperatiba forma eman bagenion koherenteki jokatzeko izan zen, esperientziadun edozein pertsona seniorrek gurekin lan egin ahal izan zezan norabide berean, bere ezagutza eskainiz konpromiso beretik abiatuta: BIKOnsulting-eko bazkide izateko konpromisoa.

 

 

Baina, zer da zehazki Guztion Ona?

Guztion Ona kontzeptuaren definizio filosofiko edota indibidual mordoa eman genitzake, baina, ez al dakigu ba denok bereizten zer den zuzena eta zer ez? Guztion Onaren aldeko aholkulariz osatutako kooperatiba bat gara, horrexek definitzen duelako ongien etikaren eta funtsezko baloreen bitartez lortu nahi dugun helburua. Gainera, Guztion Ona munduko konstituzio guztietan jaso eta eskatzen da, lege orokorren xedea delako. Eta, gure ustez, bada garaia legegintza arloko eskaera horiei jaramon egiteko.

 

 

Nola izan daiteke ekintzaile Guztion Ona aplikatuz?

Esandako guztiaren ondoren, baldin eta seguru bagaude posible dela enpresetan gauzak beste modu batera egitea etika eta baloreak aplikatuz sostengarritasuna (ekonomikoa, soziala eta ingurumenari dagokiona) lortzeko, beste horrenbeste egin daiteke ekintzailetza proiektu berrietan, hasieratik oinarritzen badira parametro etiko eta sostengarrietan. Errazagoa da zuhaitza zuzen haziaraztea okertu ondoren zuzentzea baino.

Gainera, ba al da horrelako parametroei jarraitu eta sostengarri izatea baino ezer berritzaileagorik?

 

 

Guztion Onaren indizearen eta balantzearen bidez neurtzen da nola bultzatzen dugun aldaketa negozioetan…

Tresna horiek aukera ematen digute enpresetan ongi egiten dena neurtzeko eta, hala, ongi egiten den hori balioan jartzeko. Legez derrigortuta gaude gure antolakundearen finantza balantze bat egitera. Zergatik ez dugu baita ere egiten balantze sozial bat eta ingurumen balantze bat? Xedea da enpresaren ekosistema neurtzea 68 adierazleri esker. Adierazle horiek lortzeko antolakundeko interes taldeak (“stakeholders” deiturikoak: hornitzaileak, finantzatzaileak, langileak, jabeak, bezeroak, produktuak, zerbitzuak, komunitatea, etorkizuneko belaunaldiak, e.a.) eta funtsezko baloretzat hartzen ditugunak gurutzatzen dira: Giza duintasuna, Elkartasuna, Sostengarritasun ekologikoa, Justizia soziala, Parte-hartze demokratikoa eta Gardentasuna. Horrekin guztiarekin enpresaren erradiografia argi bat egin dezakegu. Horrela, badugu abiapuntu bat adierazle horietan oinarrituriko etengabeko hobekuntza estrategia bat sortzeko.

 

 

Eta, aholkularitza gisa, zerbitzuak eskaintzen dizkiezue antolakundeei, enpresei, erakundeei…

Gure bazkideak esparru desberdinetako eskarmentudun aholkulariak direnez, gure zerbitzuak ere antolakundeko esparru desberdinetan garatu daitezke, edo globalki, bestela. Hauek dira eskaintzen ditugun zerbitzu nagusiak:

  1. Marka estrategia
  2. Teknologia berriak
  3. Enpresaren estrategia
  4. Guztion Onaren ekonomia
  5. Erantzukizun Sozial Korporatiboa / Enpresaren Erantzukizun Soziala
  6. B Corp
  7. Prestakuntza, tailerrak eta hitzaldiak
  8. GEA balio sozialaren monetizazioa
  9. Erakundeentzako aholkularitza

 

Hainbat erakunderekin egiten dugu lan: Udalak, Tokiko Garapen Agentziak, unibertsitateak, eta mota nahiz sektore guztietako enpresak. Guztion Onak mota guztietako antolakundeetara iritsi behar luke.

 

 

Euskadin hasi zenuten zuen jarduera, baina beste eskualde eta herrialde batzuetara ere zabaldu duzue Guztion Ona.

Guztion Onaren filosofia aspalditik existitzen da, baina orain arte inork ez du planteatu gurea bezalako antolakunde batean. Hori dela eta, munduko toki desberdinetatik deitzen digute. Dena den, ongi dakigu noraino irits gaitezkeen, eta ez dela ona hazteagatik haztea.

 

Urrats sendoak eman nahi ditugu, eta horretarako, arrazionalki hazi behar dugu. Bi urte eskas daramatzagu lanean, eta Estatuko toki desberdinetatik deitu digute. Gainera, BIKOpartner kideak dauzkagu Espainian barrena. Duela hilabete batzuk ordezkaritza bat ireki dugu Argentinan, eta hango BIKOpartner kideak, Renee Carrelok, eman ditu jadanik lehen urratsak herrialde hartako enpresa eta erakundeekin harremanetan jartzeko eta aholkularitza emateko; lankide argentinar batzuekin batera, “Ekonomia Berrien Katedra Librea” jarri du martxan La Platako Unibertsitate Nazionalean.

 

 

 

Javier Goikoetxea, Aholkularitzako zerbitzuen osagarri gisa, prestakuntza ekintzak (mintegiak, ikastaroak eta moduluak) eskaintzen dituzte, eta baita ere tailerrak eta hitzaldiak, arlo desberdinetan duten esperientzian eta ezagutzan oinarrituta: Guztion Ona – Brandinga – Enpresa Estrategia – Komertziala – Teknologia Berriak eta Komunikazioa.

 

Datorren apirilaren 27an Bikonsulting-ek I Sustainable Week Foroko mahai-inguruan parte hartuko du, Bilbon.

 

Info+: 
http://www.bikonsulting.com