ES | EU


2015ko Azaroa 21


Ez da erraza konpainia honen lana definitzea ikerketa zientifikoaren kulturatik kanpo: Bihurcrystal  enpresak teknologia fidagarriak garatzen ditu, zeintzuek nabarmen murrizten dituzten azaleren fisikako esperimentuetarako denbora eta baliabideak”. Abiapuntu gisa lagin mota berri bat fabrikatu zuten, kadentzia handitzeko aukera ematen duena azaleren zientziako zenbait esperimentutan.

Esperimentu horietako askok denbora asko eskatzen dute prestatze-lanetarako; hori dela eta, kostu handia dakarte  ikerlarientzat aukera aldetik eta finantzatzen dituzten erakundeentzat baliabide material aldetik. Gaur egun, filosofia hori aplikatzen dute baita ere “etxeko” konponbideak edo “asmamen handiko txapuzatxoak” (errespetu osoz) hedatu nahi dituzten produktu sorta berrietan. Hala, ikerlariek laborategietan garatutako asmakizuntxo horiekin, komunitate osoak eskuratu ditzakeen produktu fidagarriak lortzen dira.

 

Egin duzuen ibilbidea aitortua izan da hainbat aldiz; “Toribio Echevarria”, “Manuel Laborde” sariak… Eta 2013an proiektu ekintzaile gisa sortu zen Bihurcrystal, hainbat erakunderen laguntzarekin.

Bi esparruetako laguntzak jaso ditugu, hainbat erakunderen arteko “tirabira” bat izan da. Hasieran, “BIC Berrilan”ek bultzatu gintuen enpresa mundurantz, eta gaur arte ondoan izan dugu UPV/EHUrekin garatzen duen lankidetzaren markoan.

Baina garrantzitsua izan da halaber ikerketa arloko erakunde publikoen bultzada; ulertu dute garaiak aldatu direla, eta horrekin batera baita ere gizarteak ikerketa zentroei eskatzen diena; industria-ehun teknologikoagoa da gizartearentzako itzulera. Materialen Fisikako Zentroak (CSIC-UPV/EHU) eta Donostia International Physics Center (DIPC) zentroak aterpea, arnasa eta finantzaketa eman digute, ideia gorpuzten ari ginen bitartean.

 

BIC Berrilanera iritsi eta aholkularitza jaso zenuten enpresa gisa eman behar dituzuen lehen urratsei buruz; “Entreprenari” programak finantzaketa eman dizue. Horiez gain, bestelako laguntzarik jaso duzue?

Esan bezala, proiektu osoan zehar jaso ditugu BIC Berrilan zentroaren gidaritza eta gomendioak. Behin enpresa eratu ondoren, “BASQUEFONDO” hazi kapitaleko inbertsio funtsean sartzen lagundu ziguten, eta baita ere jakinarazi ziguten zeintzuk diren Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresa teknologikoen sorrera sustatzeko eskaintzen dituen tresnak, I+G-ri laguntzeko programak, eta abar.

Ezarritako helburu finkoak lortzeaz gain, laguntza horiek baliagarri izan zaizkigu irudi kaudimentsua emateko hain hurbil ez dauzkagun organismoen aurrean; esaterako, enpresak (batez ere ekintzaileak eta ETEak) finantzatzen dituen ENISA erakunde publikoaren aurrean.

 

Gazte zientzialariak zarete eta startUp bat sortzea erabaki duzue, baina ez da une gozoa; “Ikerketa + Pertseberantzia x Denbora = Balizko Emaitzak” ekuazioa ez da erraz ulertzen.

Eskerrik asko gazte deitzeagatik!  😉

Uste dut gizartearen garapenak oinarritzat izan behar duela ezagutza, eta ezagutzaren adarretako bat zientzia da. Nire iritziz, zientzia eta gizartea lotzeko bidea teknologia da, eta zubi horretan kokatu nahi dugu gure enpresaren jarduera…

 

“Ez nuen huts egin, 999 modu deskubritu nituen bonbilla bat nola ez egin jakiteko”. Bihurcrystal enpresak izango du zer esanik Thomas Alva Edisonen esaldi bikain horri buruz.

Argi dago pertseberantziak eta jakiteak zergatik porrot egin duzun,  laguntzen duela aurrera egiten; eta ez teknologiaren garapenean bakarrik, baita ere eguneroko bizitzan. Baina egia da baita ere I+G-ko proiektuetan sarritan ez dauzkazula bonbilla bat egiteko mila aukera, ez eta denak finantzatzeko dirurik.

 

Besteak beste, frogatu duzue platinozko kristal kurbatuak erabil daitezkeela bereizmen handiko X izpizko fotoemisio azterketetan. Ezagutza horrek nolako aplikazio praktikoak dauzka merkatuan?

Enrique Ortega irakaslearen ikerketa-taldeari esperimentu hori egiten lagundu diogu gure produktuarekin. Gure produktuen helburua da azaleren zientzia aitzinaraztea, zeinak lotura zuzena baitu horren modan dagoen nanoteknologiarekin.

Zenbait adibide azpimarratzekotan, hor dauzkagu azken belaunaldiko dispositibo elektronikoen fabrikazioa, grafenoa edo teknologia fotovoltaikoak; horien guztien garapena ezagutza horretan oinarrituta dago.

 

Sinergiak sortu dituzue Gipuzkoako industria garrantzitsuenetako batzuekin, “elkarrekin ari zarete lanean manufaktura teknika berritzaileenak aplikatzeko kalitatezko produktuen garapenean”. Nolako arazoak konpontzen dituzte zuen produktuek Gipuzkoako industrian?

Egia esan, sinergiak beste norabidean sortzen dira gehienbat: eskuartean dauzkagun proiektu askotan fabrikazio teknika aurreratuak erabili behar izaten ditugu, esaterako zehaztasun handiko mekanizatua edo soldadura teknika oso espezifikoak; eta Gipuzkoako industria-sarean bidaide paregabeak dauzkagu horretarako.

 

Bihurcrystal enpresan ongi dakizue Ikertzea eta Berritzea direla gehien erabiltzen diren aditzetako bi. Beste zein aditz daude zuen hiztegian?

Badauzkagu Edisonek aipatzen zituen 999 porrotetatik espontaneoki ateratzen diren zenbait interjekziotako aditzak… Baina txantxak alde batera utziz, komunikatzea eta kolaboratzea ere maila berean jarriko nituzke. Gure bezeroen, hau da, zientzialarien pentsaeratik hurbil egotea da gure indarra, eta eurek dakite ongien zer nahi duten. Horrek berdin balio du merkatu guztietarako, baina gure kasuan, bezero gehien-gehienak potentzialak dira.

 

Edisonen beste esaldi bat, bukatzeko: “Ez ditugu pertsonak oroitzen izan dituzten porrotengatik, baizik eta lortu dituzten arrakastengatik”. Zein tokitan ikusi nahi zenuke Bihurcrystal “historiaren barruan”?

Lehenik eta behin, Bihurcrystal enpresak historia izatea nahiko genuke; bigarrenik, historia hori arrakastatsua izatea; eta hirugarrenik, arrakasta hori onuragarria izatea enpresa sortzen lagundu digun gizartearentzat.

Enpresa honen helburua da zientzia ingeniaritzatik aitzinaraztea eta ingeniaritza zientziatik. Gure enpresa lider bezala ikusten dugu teknologiaren transferentzia eraginkorraren arloan, bi norabideetan, eta uste dugu lehiakortasun handiagoa ekar lezakeela ingurura.

 

+info: http://bihurcrystal.com