ES | EU


2015ko Uztaila 26


Pablo Mariz, Javier Fernández eta Xabier Solorzanok, Hezkuntza eta Ingurumenaren Kontrolerako Goi-mailako Prestakuntza Zikloko hiru ikaslek, Txorierri Politeknikoan ezagutu zuten elkar. Ideiak eta kezkak partekatzen hasi ziren eta ikusi zuten pasio eta bokazio bera zutela: natura eta ingurumenaren hezkuntza. “Jabetu ginen badela pertsona kolektibo zabal bat inguruaz gozatzeko zailtasunak dituena, eta hori konpontzea erabaki genuen”. Horrela sortu zen “AZERI Natura Guztiontzat” kooperatiba, zeinaren helburua baita natura pertsona guztiei hurbiltzea. Duela gutxi  jaso du ekimen sozialeko ekintzaileei zuzendutako Work-Lan saria.

 

Zuen zerbitzuak pertsona GUZTIENTZAT dira, modu inklusiboan eskainiko dituzue eta zailtasunak dituzten pertsonenganako bokazio argiarekin…
Ibilbideak, jarduerak eta materialak diseinatzen ditugu, gure irteeretara etortzen diren pertsona guztiek aukera berberak izan ditzaten txango horiek egiteko eta ikasteko. Hau da, demagun gidatutako ibilbide bat prestatzen dugula Pagasarri mendian eta bost zuhaitz espezie ikasiko ditugula, bada nahi duen guztia etor daiteke eta, gainera, denek ikasiko dute espezie horiek identifikatzen.

Tresna egokituak erabiliko ditugu pertsona guztiek ibilbidea egin dezaten (itsuentzako barra direkzionalak edo “Joelette aulkiak” mugikortasun murriztua duten pertsonentzat) eta material egokituak eskainiko ditugu, esaterako, Brailen idatzitako fitxak, usainak, soinuak eta argiak dituzten poteak…

Gure jardueretan ahalegina egingo dugu pertsonak ingurune naturalean integratu daitezen, baina, gainera, taldeko jarduerak egitean adiskidetasuna, enpatia eta errespetua ere sustatuko ditugu. Esperimentazioan eta zentzumenen erabilpenean oinarritutako jarduerak izango dira. Ez ditugu baloratuko abiadura, indarra edo mugikortasuna.

 

Irabazi asmorik gabeko kooperatiba sozial bezala hasi zarete lanean; zuen lanbidea eta inguruarekiko erantzukizuna ulertzeko modu bat.
Esan bezala, bokazioz ari gara, honetatik bizi nahi dugu baina ez daukagu aberasteko asmorik. Bizimodu honek aukera ematen dizu ingurune natural osasuntsu batean beste pertsona batzuekin esperientziak partekatzeko eta, gure ustez, nahiko bizimodu aberats eta zoriontsua da. Gainera, kooperatiben eredua bat dator gure izaerarekin eta gauzak ulertzeko moduarekin, eta gure autonomia erkidegoan badu izen ona eta babesa.

 

Dirudienez, hezkuntza esperientziala da zuen ekimenaren oinarria. Naturan lan egiten duzue eta zuen jarduerak ikasgeletara, elkarteetara, enpresetara, eta abarretara eramango dituzue.
Eguraldiak eta klimak izugarri baldintzatzen dute ingurumen hezkuntzaren sektorea.  Horregatik dibertsifikatu beharra daukagu, hilabeterik hotz eta euritsuenetan bestelako jarduerak egin ahal izateko. Udaberrian eta udan egingo ditugu kanpoko jarduerak, esaterako, bisita gidatuak, ibilaldi egokituak, arrasto eta aztarnen tailerrak… eta udazkenean eta neguan gehienbat ingurumenari buruzko gaien hitzaldiak eta tailerrak.

Horrek ez du esan nahi neguan ez garenik kanpora aterako, eta udan ez garenik ikasgeletara joango. Une bakoitzean eskatzen diguten zerbitzuaren arabera jokatuko dugu. Gainera, guk hurbilen dugun ingurunea sustatu nahi dugu: herri edo eskualdeetako parkeak, basoak, mendiak edo ibaiak; eta horretarako, txango luze edo laburragoak egingo ditugu. Hala, ikasgeletako jarduerak kanpokoekin konbinatu ahal izango ditugu eta hobeto aprobetxatuko ditugu hilabete okerrenetako eguraldi oneko tarteak.

 

Aukera apartak ere badira Euskal Herria aktiboki ezagutu nahi duten turista taldeei natura erakusteko.
Euskal Herriak aniztasun eta aberastasun natural izugarria du eta gero eta turista gehiago etortzen dira gure herrira gure ohiturak, kultura eta gastronomia ezagutzera. Dena den, turismo hori hiriburuetan zentratzen da gehienbat eta sarritan ez dituzte bisitatzen Urkiolako Parke Naturala, Gaztelugatxe edota Euskal Kostako Geoparkea. Gainera, aniztasun funtzionala duten hainbat kolektibok oztopoak izaten dituzte hemen jarduerak egiteko. Izan ere, EAE aitzindaria bada ere esparru sozialeko zenbait alderditan, ez dauka bere aukeren mailako turismo egokituko eskaintzarik.

Guk eskaera horren zati bat estali nahi dugu eta balizko bisitarien kopurua handitu beste enpresa batzuen (esaterako, Travel4All) laguntzarekin.

 

Animaliak ere erabiltzen dituzue zenbait terapia egiteko.
Javierrek hegazti harrapariekin lan egiten du, mundu hori jendeari hurbiltzeko. Ezagunak dira zakur eta zaldiekin egiten diren terapiak, baina ez hainbeste horrelako animaliekin egiten direnak. Hegazti harrapariak, gizarteratu arren, animalia basatiak dira. Kontuan hartuta hori guztia eta beren ezaugarriak (atzaparrak, mokoa, itxura, lumak…), esperientzia ahaztezina da hegazti horiek ezagutu eta hegan ikustea.

Haurrek gozatu dute egin ditugun jardueretan eta pertsona guztientzat eskaini nahi dugu orain. Badakigu, adibidez, buruko gaixotasunak dituzten eta ia estimulurik azaleratzen ez duten pertsona nagusi zenbaitek keinuak egin dituztela “Harris Arrano” bat gertutik ikustean.

 

Ekimen sozialeko ekintzaileei zuzendutako Work-lan saria jaso duzue. Eta sari horrekin batera hainbat baliabide eta laguntza emango dizkizuete. Bestelako zein laguntza behar dituzue proiektua aurrera ateratzeko?

Sariak eginiko lana aitortzen du eta motibazio handiagoa ematen digu  jakiteak jendeak  gustuko duela proiektua. Gainera, lagungarri izango zaigu enpresa martxan jartzeko hasierako inbertsioetarako. BEAZek ematen dituen laguntza ekonomikoak ere eskatu ditugu eta gure hasierako inbertsioak oso handiak ez badira ere, beti komeni da laguntasuna izatea.

Hala ere, guk beti erakutsi nahi izan dugu gure proiektuak eta gure lanak merezi dutela, eta hori frogatzeko modu bakarra da diseinatu ditugun jarduerak gauzatzea. Bezeroak lortzea da gure lehentasuna.

Gustura jasoko dugu erakunde edo elkarteetatik iristen den laguntza oro, eta izan dugun harrera ikusirik, mereziko du.

 

+info: https://www.facebook.com/azerinatur