ES | EU


2017ko Ekaina 28


Andoni García, Enkarterri Group taldeko presidente eta Laenk taldeko bazkide fundatzaile eta zuzendari nagusia, asmo handiko proiektu kolektibo batean murgildu zen duela 6 urte: Enkarterrietako eskualdea biziberritzea. Horretarako, bat egin zuen sektore desberdinetatik datozen baina ezaugarri komun bat duten hainbat enpresarirekin: Enkarterriekin identifikatzen dira eta elkarrekin partekatzen dute erantzukizun sozial egoki bat, Bizkaiko eskualde -Bilbotik 10 minutu baino gutxiagora dagoena- natural honi zuzenduta dagoena.

 

Krisi ekonomikoaren une gordinenetako batean sortu zen Enkarterri Group. Nondik etorri zen elkarte hau sortzeko ideia?

Bi elementu hartu behar dira kontuan: batetik, Enkarterrietako enpresari talde batek –elkartearen fundatzaile garenok- bagenuen premia bat edo kezka bat, gure enpresa proiektuak indartzeko eta garatzeko bideak aurkitu nahi genituelako. Bizi-eszenatoki bat sortu behar genuen gure jarduera mantendu eta bultzatzeko, ongi jakinik mugak eta aldebakarreko gaitasunak ditugula ETE edo mikroETE izateagatik.

Bestetik, eskualdeko enpresen errealitatea sektore anitzetan banatuta eta bakanduta dagoenez, gure lokarri bakarra zen Enkarterriekin identifikatzen ginela eta bagenuela harekiko erantzukizun sozial bat. Enkarterriak erabateko gainbeheran zeuden, ez baitzegoen motibaziorik, ez eta aurrera egiteko inbertsiorik; ez zegoen erreferentziazko jarduera-gunerik, ez rolik, ez eta aitortza edo identifikaziorik euskal enpresa-sarearen barruan.

Baldintza horiekin, eta eredutzat hartzeko moduko inolako esperientziarik gabe, ez zen batere erraza kohesio indarra egingo zuten ezaugarri komun interesgarriak bilatzea enpresentzat. Berrikuntzaren inguruko barne-gogoeta jarduera batean parte hartu genuen, eta hantxe hasi ginen indarrak batzen, bakoitzaren desberdintasunetatik abiatuta eta helduleku bezala erabiliz enpresen arteko lankidetza eta eskualdeko sustraiak. Horrela sortu zen Enkarterri Group sektore anitzeko enpresa elkartea, eskualde barruko kohesio eta garapen marko batean.

 

Hainbatetan aipatu izan da zein garrantzitsua den lankidetza publiko – pribatua eskualdea bultzatzeko. Nola aplikatu daiteke sinergia hori eskualdean?

Ez da gogoeta berritzaile bat. Baina Enkarterrietara ekarriz gero, dimentsio berezia hartzen du: Bizkaiko eskualde handiena da, biztanleria dentsitatearen ratio txikiena duena alde handiz. 11 udalerri edo alkatetzatatik kudeatzen da, baina bakoitzak errealitate eta arazo berezi eta desberdinak ditu: adibidez, bost udalerri daude langabetuen portzentajeko top ten zerrendan, eta ez dago industrian trakzio indarra egin lezakeen erreferentzia-gunerik. Horrelako testuinguru batean, fede eta borondate handia behar da indarrak eta baliabideak batzeko eta koordinatuki jarduteko, elkartasunez, errealitate indibidualetatik harago doan ikuspegi batekin eta Enkarterrien eskualde osoarekin identifikatuta. Ingurune ahuldua da eta desberdintasunez josia, baina geure hilobia zulatuko genuke aurrera egingo bagenu “bakoitzak berea salbatzeko” lan eginez eta ingurukoak kontuan hartu gabe.

Printzipio horretan oinarrituz prestatu zuen Enkarterri Group enpresa taldeak Eskualdearen Garapenerako lehen Plan Estrategikoa: “Enkarterri Green”. Plan horretan diseinatutako eszenatokira bildu ziren udal eta udal mailako erakunde guztiak. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza izan genuen plana osatzeko.

 

Enkarterri Green planaren helburu garrantzitsuenetako bat da enpresa proiektuak erakartzea, jarduera ekonomikoa, enplegua eta ongizatea sustatzeko eskualdean. Zein abantaila eskaintzen dute Enkarterriek beste eskualde batzuen aldean?

Ohartu ginen erantzuna oso sinplea zela: Enkarterrien ADNa onartu behar dugu, eta laburbilduz, esan liteke “paradisu natural bat garela, sostengarritasunaren paradisua”, betetzeko dagoen orrialde huts bat. Enkarterrietan ez da asmatu, birdiseinatu edo berreraiki behar sostengarritasun eta ingurumen printzipiorik. Berez gara horrelakoak, sostengarritasunaren eta ingurumenaren aldekoak. Bilboko hirigunetik 15 minutura gaudelarik, laguntzak eta baliabideak eskaintzen dizkiegu enpresei beren garapenerako. Denbora gutxiago behar da Bilbotik Balmasedara joateko, Basurtutik Santutxura joateko baino, nahiz eta 80 km orduko abiadura muga dugun autobian.

Enkarterriak dira aukera erraz, natural eta onena bere proiektua edo ekimena sostengarritasun eta ingurumen testuinguru batean txertatu nahi duenarentzat, edozein dela ere bere jarduera.

 

Enkarterri Group taldeak inguruko dozenaka enpresa eta udal batu ditu 6 urtean, eta lana eman die pertsona ugariri. Bilakaera azkar hori ikusita, norantz zuzentzen da, zure ustez, elkartearen etorkizuna?

Dagoeneko finkatu gara enpresa elkarte gisa, eta ongi ulertu dira gure estrategia eta helburuak. Gure jatorriari leial izanik, hiru zutaberen inguruan mugitzen dira Enkarterri Group taldearen jarduerak: lehenik eta behin, Enkarterrietan instalatzearen abantailak esportatzea; bigarrenik, inbertsioa erakartzea; eta hirugarrenik, gure bazkideekin identifikatzea, bakoitzak behar dituen tresnak, kanalak eta euskarriak aurki ditzan, enpresaren tamaina edo jarduera gorabehera.

 

Enkarterri Group osatzen duten enpresek jakin dute garai berrietara egokitzen bizirauteko. Bada ekimenen bat erakundearen barruan ekintzailetza sustatzeko? 

Ekintzaile batek nahi duena da proiektu bat abian jarri eta sendotzea, eta horretarako, zailtasun asko gainditu behar ditu, besteak beste, arrisku ekonomikoei aurre egin eta baliabideak bilatu, helburutzat izanik merkatuak eskaintzen duen aukera bat aprobetxatzea. Enkarterri Group taldeak gure eskualdea sendotu nahi du ekosistema bat izan dadin ekintzailetza sustatzeko.

Badira hurbil dauzkagun eskualdez gaindiko erakunde zenbait (Euskal Teknologi Zentroak, SPRI, BFA), Enkarterrien garapenerako agentziak (Behargintza, Enkarterrialde, Enkartur), gure inguruko prestakuntza zentro profesionalak, erakundeak… Eta horiekin garatu dugun lankidetzari esker, eta “Bizkaia Network / emprendimiento 4.0” edo “Enkarterri Synergies” bezalako tresna berritzaileen laguntzarekin, Enkarterri Group transmisio- eta laguntza-ardatz eraginkor bihurtu da, proiektuak modu integral eta koordinatuan garatu ahal izateko.

Mekanika horri esker posible dugu esparru teknologikotik datozen aukerak detektatzea: bideak zabaldu zaizkigu finantzaketa kanalak aztertu eta ebaluatzeko (eskuzabalak izaten dira landa eremuekin), aukera eman digu dagoeneko badauzkagun kokaleku egokiak bilatu eta eskaintzeko, neurrira eginiko profesionalak bilatu edo prestatzeko, eta erakundeetako kudeaketa identifikatzen eta koordinatzen laguntzeko.

Harro esan dezakegu azken urteotan ekintzailetza arloko proiektuen esperientzia oso positiboak bizi izan ditugula. Proiektu horiek esparru desberdinetakoak dira, badira bakarkako ekimenak, teknologi zentroenak, bazkideen arteko lankidetzak, eta Urbegi Fundazioaren eta gure Elkartearen bidez sortutakoak. Proiektu batzuk enpresa bihurtu dira.  Beste batzuk bidean gelditu dira, eta bakarren bat Enkarterrietatik kanpo kokatu da azken orduan. Baina denek eman digute Know How dosi eder bat, sinesgarritasuna eta norabide honetan jarraitzeko gogoa.

Nire iritziz, Enkarterri Group taldearen inplikazioak konfiantza eta animoak ematen dizkigu ekintzailetza sustatzen eta bultzatzen jarraitzeko. Enkarterri Group taldeak ahalegin handia egin du ekintzaileek Enkarterrietara begira dezaten eta inbertitzaileek aukera markotzat har dezaten. Enkarterri Group elkartearen bitartez, enpresen ikuspegia eta esperientzia jarri ditugu ekintzailetzarako tresnen eta testuinguruaren zerbitzura. Oro har, ekosistema abegitsu bat definitu eta sortu dugu. Ekosistema sostengarri bat, ekintzailetza proiektuak bultzatzeko eta gorpuzteko.

 

Garapen sostengarria eta ingurumenaren babesa dituzue helburutzat Enkarterri Group taldean, baina baita ere Laenk-en. Zeu zara uraren zikloa tratatzen duen Laenk enpresako bazkide sortzaile, administratzaile eta zuzendaria. Betidanik izan duzu kontzientzia ekologikoa? Nola uztartzen dira ingurumenaren zaintza eta aurrerapena?

Erantzuna oso erraza da Enkarterrien bihotzean jaio eta hazi den pertsona batentzat. Kimika eta energia sektoreetako multinazionaletan jardun dut profesionalki, urte askotan bizi izan nahiz potentzialki kutsagarriak diren sektore horietan jarduera handia duten Europako herrialdeetan. Eta kontzientzia horretatik urrundu beharrean, indartu egin zait neure baitan.

Garapenaren eta aurrerapenaren ereduak ingurumena errespetatu behar du, eta horixe egin behar dugu guk ere gure jardueran, edozer dela ere egiten dugun hori. Bi printzipio horiek banaezinak dira, eta elkar elikatzen dute, edozein jarduera sektoretan gaudela ere.

Jarduera kutsagarri batek, esaterako, ezinbestean murriztu eta desagerrarazi beharko du ingurumenean eragiten duen korrosio gradua, bestela, galdu egingo da, lehiak eta merkatuak suntsitu egingo dutelako. Era berean, jarduera oso kutsagarria ez bada ere, hobe da ingurumena eta sostengarritasuna zaintzea, bestela desagertu egingo baita, lehiakideek gaina hartuko diotelako eta merkatuak suntsitu egingo duelako.

 

Uren tratamenduan espezializatutako enpresa da Laenk, baina “ingurumen zerbitzuak” ere eskaintzen ditu. Zeintzuk dira zerbitzu horiek?

Zorionez, sostengarritasunaren eta ingurumenaren zaintzan dauzkagun exijentzia-mailak direla medio, ez da nahikoa ura tratatzea erabilpen, kontsumo eta isurketa beharretara egokitzeko (industriarako nahiz biztanleentzako).

Ura garestia da erosteko eta baita isurtzeko ere (isurketa kanona), eta gero eta garestiagoa izango da. Konponbide bakarra da tratamenduak eta erabilpenak ingurumenean duten eragina murriztea, isurketak gutxitzea eta berrerabilpena maximizatzea. Horrek behartzen gaitu gure zerbitzua bi bezero motari zuzentzera: kontsumitzaileari eta ingurumenari. Bi bezero banaezin dira, eta Laenk enpresak horiei zuzentzen die beren zerbitzua.

Bestalde, Laenk Taldeak eskaintzen duen zerbitzu-sorta zabaltze aldera (barnealdeko ingurumenaren kalitatea, desinfektatzeko eta plagei aurre egiteko tratamenduak, produktu kimiko sostengarriak merkaturatzea edota ura kontrolatzeko eta tratatzeko instalazioak), hiru negozio unitate independenterekin osatzen dugu gure ingurumen jarduera: Ambilur, LD eta LSI.

Funtsean, gure helburua da Ura, Airea eta Lurra ingurumenean elkarrekin konektatuta dauden bezalaxe integratzea Laenk Taldearen ingurumenerako konponbide-eskaintzan.

 

Zoritxarrez, enpresa guztiak ez daude ados urari baliabide gisa eman behar zaion garrantziarekin. Zein da, zure iritziz, enpresak ingurumenarekiko erantzukizunaz mentalizatzeko modurik onena?

Inork zalantzaren bat badu, datorrela Enkarterrietara, eta deskubritu dezala eskualdearen bihotza. Horrela, esponentzialki haziko da enpresek, erakundeek eta herritarrek aurrerapena, enpresa, ingurumena eta sostengarritasuna elkarrekin uztartu eta integratzeko duten asmoa. Enkarterrietan ingurumenarekiko eta sostengarritasunarekiko erantzukizuna arnasten da. Printzipio horiek berezkoak direnez gure kasuan, naturalki ateratzen zaizkigu, eta beraz, horixe da gure aurrerapenaren motorra eta sostengua.

Enkarterri Group taldeak ahalegina egiten du enpresa arloan ere joera horrekin bat egiteko. Enpresa bazkide guztiok oinarritzen gara ingurumenaren eta sostengarritasunaren errespetuzko printzipio horietan. Ez dira hitz eta filosofia hutsak. Eta, gaur egun eskuartean dugun proiektuari esker, enpresekin daukagun konpromisoa finkatuta, frogatuta eta errotuta geratuko da 2018an, asmoa baitugu enpresetan Enkarterri Green estrategia ezartzeko.

+info: www.enkarterrigroup.com

Enkarterri Group