ES | EU


2015ko Uztaila 07


MBA bat egitera etorri zen Bilbora eta erabaki zuen ekintzailea izatea, garai zailetan bere jaioterrira (Venezuelara) joan ziren hainbat eta hainbat euskaldunek bezala. Euskaldun haiek bezala, Anaskak ere borrokarako espiritua eta sormena uztartu zituen, bi faktore horiek ekonomia kolaboratibo bihurtzeko Berrikuntzaren merkatuan; emaitza plataforma eraginkor bat da, zeinak harremanetan jartzen baititu ikerlari aditu, ekintzaile, enpresa eta startup-ak eta garapen teknologikoak behar dituzten sektore aeronautikoko enpresak.

 

 

Jarduerarekin hasi zinenean, hauxe idatzi zenuen zure blogean: “Ez dago ekintzaile izateko une edo toki perfekturik…”

Bai, egunero egiten dut gogoeta hori. Ekintzaileak beti zain egoten dira elementu perfektu guztiak lortu arte, detaile guztiak zaindu nahi dituzte merkatura atera baino lehen, baina baliteke ateratzen direnean beranduegi izatea. Nire jaioterrian (Venezuelan) ekintzailetza arloan izan ditudan esperientziek erakutsi didate hori; arrakasta izan duten hainbat enpresa garatu genituen, baina segurtasun handirik gabe jauzi egin genuen merkatura, alegia gutxieneko neurriekin bakarrik, bestela “analisiagatiko paralisia” iristen da eta ez zara sekula ezertan hasten.

 

 

Eta erabaki zenuen Euskadin ekintzaile izatea. “5W asmakizuna” gainditu behar izan zenuen horretarako.
“5W” direlakoak dira “What, Who, When, Where, How”. Horiek dira edozein egoeraren aurrean neure buruari egiten dizkiodan galderak. Niretzat Where? da zailena, Non? alegia.
Egun batean Bilbora etorri nintzen MBA bat egitera. Ordura arte ez nekien ia ezer Bilbori buruz, Athletic-a baino ez, baina maitemindu egin nintzen hemengo ordenarekin, segurtasunarekin, jendearekin… eta hain berea duten nortasunarekin: zorrotzak, borrokalariak, zuzenak eta argiak, maite dituzte beren sustraiak, langileak dira eta beti saiatzen dira onenak izaten. Etxean bezala sentitu nintzen, balore horiek bat datozelako nireekin.

Era berean, uste dut bizitzak ematen didan ordaina dela, izan ere 40, 50 eta 60ko hamarkadan euskaldun asko joan ziren Venezuelara, enpresak sortzeko emankorrak ziren lur haiek aprobetxatzera. Eguneroko lanarekin atera ziren aurrera, eta orain guri dagokigu lur hauetara etorri, hemen gure hondar alea jarri eta suspertze ekonomikoan laguntzea.

Alderdi emozionalaz harago, Euskadik enpresa sare handia dauka, batez ere aeronautikaren sektorean. Inbertsio handia egiten da I+G+B-n, eta gainera biztanleriaren %45 profesionalak dira, beraz lur emankorra da ekintzailetzarako eta berrikuntzarako.

 

 

Zure erronka da aeronautikaren sektorean berrikuntza teknologikorako plataforma global bat sortu eta proiektatzea.

Bai, InnovAero erronka handi bat da, baina aldaketa bat gertatzen ari da berrikuntza egiteko moduan eta gu aldaketaren olatu horretan gaude. Gure plataformari esker, posible da “Berrikuntza Irekia” erabiltzea ikerlari adituak, ekintzaileak, enpresak eta startup-ak harremanetan jar daitezen garapen teknologikoak behar dituzten sektore aeronautikoko enpresekin. Egokitu egin dugu plataforma, sektorean hain beharrezkoak diren konfidentzialtasuna eta patenteen ustiapen arloetako xehetasunak zaintzeko.

Zer detektatu genuen eta zerk bultzatu gintuen? Analisi bat egin genuen, zeinari esker ikusi baikenuen lehiakor izateko ezinbestekoa dela berritzea, baina ETEentzat isatsari hozka egiten dion arraina bezalakoa da: ez daukate behar adinako giharrik berrikuntza departamendu bat edukitzeko edo aholkularitzei garapen handiak ordaintzeko; horregatik, harremanetan jartzen ditugu proiektuak garatzen ari diren edo haietan parte hartu nahi duten berritzaile edo ikerlariekin, betiere sektorearen kalitate eskakizunak zainduz. Era berean, ikusi genuen bazegoela patente kopuru bat, gordeta zeudenak eta oraindik merkaturatu gabe, patenteen jabeak ez zirelako harremanetan jarri halakoak behar dituztenekin.

Azpimarratzekoa da Airbus gisako enpresa handiekin eginiko bileretan esan digutela beharrezko dutela gurea bezalako plataforma bat, beren berrikuntza beharrak azaltzeko eta horrelako garapenetan parte hartu nahi duten enpresak aurkitzeko.

Sektore indartsua da, etengabe hazten ari dena; guk katalizatzaile teknologikoaren papera betetzen dugu.

 

 

InnovAero aurrera ateratzeko, laguntza publikoa eta pribatua beharko zenituen  

Gaur egun badut partner preskriptore bat sektorean, hain zuzen HEGAN Euskadiko aeronautika klusterra, berrikuntzarako tresna bezala ikusten gaituena bere enpresentzat. Duela hilabete beste partner bat ere lortu dugu, BIZKAIA TALENT, berrikuntza sortzeko goi-mailako kalitateko talentuak dituena.

Laguntza publikoei dagokienez, espero dut SPRIren eta BEAZen laguntzak lortzea, une honetan zabalik baitago proiektu berritzaileentzako diru-laguntza programa bat. Era berean, inbertsiogileen finantzaketa bila gabiltza plataforma hau aurrera atera eta garatzeko.

Oraingoz badugu aurkitzeko zailena dena: bezeroak. Eta, bestetik, berrikuntza behar duten enpresak ere bai, 60 inguru. Beste kluster batzuekin negoziatzen ari gara 100 enpresa eta 6.000 talentu ingururengana iristeko, besteak beste, ikerlariak, berritzaileak, ekintzaileak… haiekin guztiekin elkarreragin nahi dugu.

Sektore oso erakargarria da, etengabe hazten dena eta horrelako konponbide bat behar zuena.

 

 

Ingeniaritza mekanikoa ikasi zenuen, tradizionalki emakumeekin baino gizonezkoekin lotu izan den esparru bat. Nola eragin dizu horrek?

Txikitatik ibili izan naiz gustura mutilekin; oso ongi moldatu izan gara eta gauza asko ikasi ditut eurekin, esaterako pragmatikoa izaten. Horrek asko lagundu dit nire ibilbidean eta bizitza pertsonalean. Askotan izan ditut 70 gizon inguru nire kargu, fabrikako emakume bakarra nintzelako; emaitzak harrigarriak ziren. Oso erraz konektatzen dut gizonekin eta eroso sentitzen naiz. Orain, esperientzia hori lagungarri izan zait nagusiki maskulinoa den sektore batekin konektatzeko, baina desberdintasunek ez naute inoiz geldiarazi; nire ustez, emakumeok bidea egin behar dugu presentzia izan nahi dugun eremuetara iristeko.

 

 

Pertsona aktiboa zara sare sozialetan: Twitter, Facebook, Linkedin… Beste sare sozial batzuetan ere baduzu presentzia, esaterako MET Community izenekoan. Nola errazten du zure lanak harremanen kudeaketa?

Iruditzen zait sare sozialak oso garrantzitsuak direla, funtsezkoak esparru digitalean. Aukera ematen dizute globala izateko eta horretarako prestatu naiz; orain profesionalek  integralak izan behar dute. Networking digitala egiten dut, eta nire LinkedIn eta Twitter kontuak eta nire bloga beti oso aktiboak dira berrikuntzarekin, aeronautikarekin eta ekintzailetzarekin zerikusia duten ororen inguruan.

MET Community tutoretza jaso nahi zuten emakume ekintzaileentzako ekimen bat izan zen; programa horrek inpaktu handia izan du InnovAero ekimenean, baina oraindik gehiago dago egiteko. Parte-hartze handiagoa izan nahiko nuke bateratze familiarreko ekimenetan eta emakume eta gizon ekintzaileen arteko aldea minimizatzeko ekintzetan.

Atzerritarra naizenez, hutsetik abiatu behar dut, baina nire esku dago sare horietan parte hartuz espazio eta aukera horiek aurkitzea.  Horien bitartez posible dut neure burua ezagutzera ematea, horrelako ekimenetan parte hartzea, pertsonak eta enpresak ezagutzea eta sinergiak sortzea, zeina funtsezkoa baita nire sektorean.

 

 

Azkenik, Anaska, zein da InnovAero ekimenaren ikuspegia? Nola ikusten duzu plataforma 5 urte barru?

Nire ustez une honetan InnovAero oso tresna berritzailea da, eta lehiakortasun abantailak emango dizkie sektoreari eta sarean sartzen diren enpresei, eta baita ere ikerlariei, baina gerora premiazkoa izango da plataforma barruan egotea. Aurrean dugun aldaketa digitala atzeraezina da, gauzak egiteko modua aldatu egingo da eta berrikuntza aldaketa horren parte da: olatua hartu behar dugu, bestela olatuak aurrean eramango gaitu.

Badakit InnovAero erreferentzia puntua izango dela berrikuntza, sinergiak eta aliantzak garatzeko, eta pixkanaka beste sektore batzuetara egokitu eta hedatuko da, esaterako, automoziora, eraikuntzara eta osasun sektorera. Osasunaren sektoretik dagoeneko hainbat eskaera jaso ditugu antzeko plataforma bat garatu dezagun, eta ikusi dugu, gainera, premia handia dutela. InnovAero izango da maila globalean berrikuntza sortzeko modurik eraginkorrena.

 

 

Info+: http://innovaero.net