ES | EU


2015ko Urria 04


“54 kg energia positibo eta izugarrizko gogoa bizitzeko, egiteko eta izateko. Adimen independentea, 5 zentzumen eta emakumeek duten seigarren sen hori. 1.67 metro sormen, irribarre ugari eta lanaren, itsasoaren eta justiziaren alderako grina…” Horrela deskribatzen du bere burua Anak Linkedin sare sozialean duen profilean. Finlandia, San Frantzisko, Txina, India… bilbotar hau gelditu gabe dabil munduan barrena eta kooperatiba bat sortu zuen Mondragon Unibertsitateko beste ekintzaile batzuekin, “Eginaz Ikasteko”.

Txantxetan esaten du “negar egitekotan hobe dela Ferrari batean negar egitea”, halere argi dago Ana Ekintzaile Soziala dela. Gurpildun negozio bat abiarazi du: BeCiclos. Enpresa horren helburua da “Bizikletak erreskatatzea Holandan eta haientzako familiak bilatzea Europako beste hiri batzuetan”.

 

Han eta hemen, hau sortzen eta hartan lanean… Zuen prestakuntzak ez dauka zerikusirik ikasgela barruan egiten diren ohiko ikasketekin!
Ez, egia esan, azken urteotan ikasgelak ez dira izan gure habitat naturala. Nire aiton-amonek oraindik ulertu ere ez dute egiten bukatzen ari naizen karrera; “ikasi gabe ikasle izatearen kontu hau” ez da guztiz logikoa. Baina baliagarria izan da, eta balio handikoa. Gure prestakuntza ez da besteak baino hobea edo txarragoa… Desberdina baino ez.

Askotan neure buruari ere galdetzen diot, zer egiten dakit? Eta galdera horren erantzuna ez dago ikasgaiaren izenburuan edo ia buruz ikasi duzun liburuarenean, eta batzuk harri eta zur geldituko dira erantzunarekin: proiektuak burutzen dakit, gai naiz edozein esparrutan mugitzeko eta badakit  zertan moldatzen naizen ongi eta zeintzuk diren nire ahuluneak. Ez dit beldurrik ematen bidaiatzeak, “helduekin” bilerak izateak eta aurrekontu eta helburuez mintzatzeak; nire beldur handiena geldirik egotea da.

 

 

Abenturazale izate hori genetikoa da? Txikitan ekintzailetzaren marmitan erori zinen edo Mondragonek txertatu dizu dosi txikitan?

Seguru asko txikitan marmitan eroriko nintzen. Ez dakit ekintzailetzarenean edo egonezin sindromearenean. Uste dut Mondragonek lagundu digula denok barruan dugun gaitasun hori zabaltzen eta gauzak sortzen, etengabeko aldaketan pentsatzen… Tresnak eman zizkigun denok dauzkagun ideiak proiektu bihurtzeko. Batzuk gaizki atera ziren eta beste batzuk ondo, baina denetatik ikasten da.

 

 

Eta duela urtebete ingurutik, Donostia, Holanda eta A Coruñako hiru ikaskiderekin bat egin duzu dagoeneko enpresa den proiektu bat garatzeko…
Hala da, Daniel, Saskia, Gonzalo eta laurok BeCiclos sortu dugu. Holandan berreskuratutako bizikleta zaharberrituak saltzen ditugu, berritu ezik zabortegian bukatuko luketenak. Bizikletak konpontzeko, kopuru handiegian ekoitzitako piezak erabiltzen dira eta berrintegrazio sozialeko programetan dabiltzan mekanikoek muntatzen dituzte. Gainera, fedea dugu gure enpresan, ondo pasatzen dugu eta, lanpostuak sortzeaz gain, gai izan gara gizarteari balioa emateko, neurri batean behintzat.

 

Inoiz bizi izan dudan abentura handiena da. BeCiclos erronka berri bat da hilero. Orain salmentak handitzen saiatu behar dugu, onlineko denda hobetu behar dugu erabiltzailearentzat erosoagoa izan dadin, pertsona gehiagorengana iritsi behar dugu eta bizikletaren erabilpena indartu, bai udan eta bai neguan… Hamaika gauza dauzkagu egiteko!

 

 

Eta hau guztia Bilboko “Pop Up Denda” batean hasi zen!

BeCiclos proiektu moduan sortu zen, eta oso motibatuta zeuden eta helburu komun bat zuten 4 gazteren esperimentu bat da. 160 bizikleta kamioi batean sartu eta Deustura joan ginen, alokatutako lokal batera; han, bezeroei bizikletak saldu genizkien 3 hilabetez.

Lanean orduak eta orduak sartu eta negozioa aldatu ondoren, duela ia urtebete erabaki genuen jauzi egin eta Holandan bertan biltegi erraldoi bat alokatzea, eta bizikletak ondo konponduko dituzten profesionalak kontratatzea. Inbertsio bat ere jaso genuen, enpresa handi batek osagaiak eman baitzizkigun… Web orri bat (www.beciclos.com) sortu genuen bizikletak ikusi eta ordaindu ahal izateko, eta adoptatzen dituzten Europako familia berrien etxeetara bidaltzen ditugu.

 

Mota askotako eta ezaugarri desberdinetako bizikletak daudenez, bakoitzari bere izena eta historia ematea erabaki genuen, eta erosleak adopzio formulario bat sinatu behar izaten du zin eginez jasoko duen bizikleta erabili eta zainduko duela. Hori ez da aldatu.

 

 

Bizikletaren kultura beste hiri batzuetara eraman nahi duzue; LifeStyle & Environment!

Horixe da gure asmoa. Holandan denek erabiltzen dute bizikleta, zeinahi den beren adina eta bizitokia (ingurune malkarretan nahiz lauetan) eta edozein dela ere eguraldia (euria nahiz elurra).

Baina jakina, hiri guztiak ez dira berdinak. Esaterako, Espainiako hiri askotan mugatuta dago bizikleten erabilera, batez ere azpiegituren arloan, baina baita ere bide publikoetako erabiltzaile askok uste dutelako bizikletan dabiltzanak “paseoan dabiltzan hippiak direla”…

 

Gauza asko aldatu behar dira. Gure helburua da jendeari ikusaraztea bizikleta beste aukera bat dela. Denei erakutsi nahi diegu zein erosoa den bizikletan ibiltzea, zein abantaila dituen… Eta bizikletan joanez gero, CO2 erre beharrean, kaloriak erretzen dira! Zer gehiago eska liteke?

 

 

Hauxe da ekintzaile gisa dituzun esperientziak partekatzeko unea, zein aholku emango zenizkieke ekintzaile izan nahi duten beste pertsona batzuei?

Benetan garrantzitsuak diren detaile txiki batzuk aipatuko dizkizut: batez ere, plan on bat izan behar duzu, gaizki atera daitezkeen alderdi guzti-guztiak barne hartuko dituena. Ez gara igarleak noski, baina modu on bat da hasieratik porrot ez egiteko. Diruak ez dakar zorionik, baina nahiago dut Ferrari batean negar egin. Hau da, pentsatu nondik aterako duzun tripa betetzeko adina diru…

Partekatu familiarekin, lagunekin, ikaskideekin… Buruan duzunaz zuk baino gehiago jakin dezakeen norbaitekin… Iritzi guztiak dira baliagarriak!

Eta gogoa eta asmo irmoa behar dira egin nahi duzun hori egiteko. Ez izan aldatzeko beldurrik. Azkenik, bilatu lagunduko dizun jende-taldea, zure antzeko interesak dituena.

 

 

Bisitatu Anak Linkedin sarean duen profila:

https://es.linkedin.com/in/analarrea

Eta bere web orria:

http://www.BeCiclos.com

BeCiclos