ES | EU


2015ko Iraila 26


Turistatzat dauka bere burua Donostian, bere hirian, eta, ahal duenean, gainerakoenenean ere bai. Sarri galtzen da han eta hemen, baina ez zaio axola. Mapa bat erostea erabaki zezakeen, baina nahiago izan zuen kamera bat hartzea. Ukelelea jotzen du, badaki Michael Jacksonen “MoonWalk” dantzatzen, eta izugarri gustatzen zaio azentuak imitatzea. Bere adineko edozein gazte bezalakoa da… Baina hobby heterogeneo horiei denbora eskaintzeaz gain, “ikaragarri gustatzen zait ekintzailetzaren, startup-en eta berrikuntzaren mundua”. Mondragon Unibertsitatean ikasi zuen eta agian toki guztietan galtzeko joera duelako, orain interakzioak eta esperientziak diseinatzen ditu geo-kokapenean oinarritutako teknologia baten inguruan, negozio-linea berriak sortzeko.

 

Bistan da oso pertsona aktiboa zarela. Zer da zuretzat ekintzailetza?

Niretzat ekintzaileak dira nahi dutena lortzeko borrokatzen diren pertsonak, etorkizunean zerbait bisualizatu eta gai direnak zerbait hori egia bihurtzeko, prest daudenak erratzeko eta errakuntza horiek bizi duten prozesuaren parte direla onartzeko.  Niretzat ekintzailetza jarrera bat da.

Nire kasuan, azken lau urteotan bizitako esperientzien bidez barneratu dut jarrera hori, ikaskideekin kooperatiba bat sortu nuenean eta hainbat proiektutan inplikatu nintzenean Txinan, Indian, San Frantziskon, Finlandian eta Holandan. Hori guztia Mondragon Unibertsitateko ekintzailetza unitateak sortutako ekosisteman garatu zen, LEINN ekintzailetza graduan, alegia.

 

Batetik bestera zabiltza etengabe, non zaude han ala hemen?

Une honetan Bartzelonan nago, Software as a Service (SaaS) sisteman oinarritutako startup baten proiektua egiten. Geo-kokapena, big data, gauzen internet… horiek dira nire eguneroko lanean darabilzkidan hitzak. Interakzioak eta esperientziak diseinatzen ditut geo-kokapenean oinarritutako teknologia baten inguruan. Horrek esan nahi du erabiltzaileen portaera ezagutu beharra dagoela beren esperientzia hobetu ahal izateko, hala online eta offline munduak konbinatzen ditut negozio-ildo berriak sortzeko.

Oinarri teknologikoko proiektu batean parte hartzen dudan lehen aldia bada ere, segurtasun osoz aurre egingo diet aurrean dauzkadan erronkei. Azken urteotan proiektu desberdin askotan parte hartu dut ikaskideekin sortu nuen kooperatibarekin. Nagusiki hezkuntza, turismo eta gastronomia arloetako proiektuak garatu ditut, eta denek dute elementu komun bat: abiapuntua beti da bezeroa/erabiltzailea, berriki Bartzelonan hasi dudan proiektu honetan bezalaxe.

Kontzeptu bat sortzen genuen eta bazkide potentzialak probatzen genituen. “Lean start up” kontzeptuaren printzipioei jarraiki, enpresa bat ez da diseinatu behar mahai aurrean eserita imajinatu duzun hipotesi batean oinarriturik; hipotesiak baliozkotu egin behar dira, eta, ahal bada, erosketa-egoera erreal batera iristen saiatu behar da, bezeroak/erabiltzaileak nola jokatzen duen ikusteko. Gero, ezagutza berri horien arabera biratu behar da estrategia (aldaketa gehiago egin). Horixe da urteen puruz  ikasi dudan gauza garrantzitsuenetakoa.

Erratu albait azkarren, zerk funtzionatzen duen eta zerk ez ikasteko.

 

Ganbara ongi jantzita duzu zalantzarik gabe, zer darabilzu buruan?

Norbaitek esan zidan behin: “inork ez dizu esango zure ideia ona edo txarra den, merkatuak berak erantzungo dio galdera horri”.

Eta ez zaio arrazoirik falta.

Horregatik, proiektuak eta pertsonak konektatzen dituen plataforma bat garatzen ari naiz orain.

 

Eta pertsonek zer behar dute beren ideiak proiektu bihurtzeko?

Batetik, unibertsitate, inbertsiogile, haztegi eta proiektu azeleragailuek sortzen duten ekosistema ekintzailea eta, bestetik, organismo publikoen laguntza, babesa eman diezaieten beren erronkentzat eta laguntza ere bai porrotari beldurra galtzeko.

Era berean, nire ustez funtsezkoa da globalki pentsatzea eta lankidetzak bultzatzea; zentzu horretan, garrantzitsua iruditzen zait laguntza bereziak eskaintzea beste kultura ekintzaile batzuk ezagutzeko eta esperimentatzeko. Nire kasuan, nire proiektua Donostian has nezakeen, baina ezinbestekoa iruditu zitzaidan ingurune hurbiletik atera eta neste ekosistemak hobeto ezagutzea; Bartzelonan bizi naizenetik izugarri aberastu naiz pertsonalki eta profesionalki, eta esperientzia hau guztia lagungarri izango zait zalantzarik gabe Euskadin hobeto jarduteko.

 

https://www.linkedin.com/in/amaiagiralt