ES | EU


2017ko Apirila 30


Sopelako Barinatxe hondartzan (“La Salvaje) sortu zitzaion ingurumenarekiko kezka: “Itsasoa barrura sartu zitzaidan, artean hizketan eta oinez ere ez nekienean…” Nerabezaroan surfeatzen emandako ordu guztiek piztu zioten itsasoaren alderako grina, urteak igaro ahala hazten joan dena: “Institutuan, ni eta ni bezalako beste ero batzuk zientziari buruzko informazioa irensten hasi ginen. Etengabe irakurtzen nuen teknologiari buruz, baina, batez ere, natur zientziei buruz”.  

Félix Rodríguez de la Fuente, Cousteau eta Carl Saganen dokumentalek arrasto sakona utzi zuten beragan. “Eurengan islatuta ikusten nuen neure burua, eta hunkitu egiten ninduten. Haurra nintzenetik sentitu nuen dibulgatzaile bihurtzeko gogoa, ingurumenaren komunikatzaile izatekoa. Nire helburua zen besteek ere senti zezatela nik sentitzen nuena. Natura zaindu eta errespetatzearen garrantziaz sentsibilizatu nahi nituen”. 

 

Zer dago hoberik, benetan gustuko duzun zerbaiti buruz ikasi eta arlo horretan ekintzaile izatea baino?

Barruan daramat itsasoa: Itsas biologiako ikasketak egin nituen, eta 25 baino gehiago urte igaro ditut urpean, zoragarria bezain ezezaguna den ekosistema hori ikertzen eta horri buruzko dibulgazio-lana egiten, hil ala bizikoa baita gizakiak biziraun dezan.

Gutako bakoitzak, jakin gabe ere, garatuago dauzka gaitasun batzuk besteak baino. Sekulako enpatia dut naturarekin, halaxe izan da txiki-txikitatik. Halako sentikortasuna dut arlo horretan, ezen berehala igartzen baititut ekosistemei kalte eragiten dizkieten ekintzak, eta maite duzun norbait galtzearen antzeko mina sortzen dute nigan. Negargura ematen dit planetari eragiten diogun kalte konponezinak, inkontzientzia maila neurrigabe batekin egiten diogunak. Zoritxarrez, sarri egin dut negar, azkena urpean, ikusirik “Gelidium” alga desagertu egin dela itsaspeko zabalera erraldoietatik. Espezie horrek zelai zabalak sortzen ditu, eta bertan garatzen da giro horretako bizitza. Espezie inudea da, klima aldaketaren ondorioz galdu da eta horrek ingurumen-alarma larria piztu du.

 

Ikasketak amaitutakoan ikerketarekin eta dibulgazioarekin lotutako hainbat proiektutan aritu zinen lanean

Zerbait benetan gustuko baduzu, zinez maite baduzu, energia bat sortzen da zure baitan, eta horrek mugiarazi egiten zaitu, sentsibilitate handiagoz sentitzen duzun hori mundu osoari jakinarazteko. Urtetako ikerketari esker, irizpide zorrotza garatu dut, eta baita ikuspegi sistemikoa ere, hain urria eta hain beharrezkoa dena. Komunitate biologikoak nola bizi diren eta kanpoko faktoreek nola eragiten dieten ikertuz, ezagutza handia lortzen da ekosistemen funtzionamenduari buruz eta ekosistema horiek zaintzeko egin behar denari buruz.

EHUko ikerketa proiektuetan eta Getxoko Aquariumean hurbiletik ikasi dut zein hauskorra den itsasoko bizitza eta zein arriskutsua den bio-aniztasuna galtzea; horixe da aurrean dugun benetako arazoa. Klima aldaketaren ondorio ukaezinei buruzko eztabaida antzu batean murgilduta gaude. Ahots gutxik adierazten dute espezie-kopurua abiadura bizian ari dela murrizten, aurreztutako dirua bankuko kontutik bat-batean desagertuko balitz bezala. Izan ere, gure zibilizazioaren ondarea bere bio-aniztasunean zentratzen da nagusiki, eta altxor hori gero eta txikiagoa da. Beraz, gure planetan bizi diren espezieak zaintzeko gai izan behar dugu, gure etorkizuna bermatu nahi badugu.

 

Metatutako esperientzia horrekin, “Ekintzaile berde” izatea, eta “ko-ekintzailetza” bultzatzea erabaki zenuen, “Agua Sin Plásticos & Salud” proiektuaren bitartez.

25 urtez ikertzen aritu ondoren, eta ia hamaika dibulgazio-lanak egiten, ohartu ginen aukera bakarra zela ekintzara pasatzea. Nakusarbe kontzeptu holistiko eta integral batekin sortu zen, uste dugulako dena dagoela elkarrekin erlazionatuta. Saiatzen gara gure proiektuak globalki aztertzen, pentsatzen dugulako denak duela bere balioa, ekintza bakoitzak eragin saihestezina duela inguruan.

Enpresen Erantzukizun Sozialari buruzko aholkularitza ematen diegu enpresei, norabide argia har dezaten NBEk markatutako Garapen Sostengarriko Helburuetarantz. Gaur egun, “Agua sin Plásticos & Salud del Planeta” enpresan “Plastiko gabeko ura edaten dut, itsasoaren birsorkuntza babesten dudan bitartean” proiektua dugu eskuartean. Ekimen horrek informazioa ematen du iturriko uraren kalitateaz eta erabilpen-puntutik bertatik kalitatezko ura edateko dauden alternatibez; iragazki egokiak instalatzea litzateke konponbide osasuntsu eta sostengarrienetako bat. Botilen eta plastikozko bidoietan oinarritutako ur-banatzaileen alternatiba bikaina. Horrelako sistemekin araztutako ura zuzenean iturritik edateak uraren kalitatea bermatzen du, eta gainera, aktiboki laguntzen duzu plastikoak itsasotik desagerrarazten eta ekosistemen osasuna hobetzen.

Badakigu botiletan saltzen den uraren kostuaren %90 botilagatik beragatik dela, eta baita ere ura botilan eta botilak kaxetan sartzeko, garraiatzeko eta marketina egiteko prozesuengatik. Gainera, botila gehienak ez dira birziklatzen erabili ondoren. Plastiko horiek erraustegietara doaz, zeintzuek CO2 eta dioxinak isurtzen baitituzte atmosferara erretze-prozesua dela medio. Erabilitako botilen beste zati bat zabortegietara doa, are handiagoa eginez hondakinen kudeaketaren kostuaren arazoa, eta horixe da, hain zuzen, gai kezkagarrienetako bat (kezkagarriena ez bada) gizakiak ingurumenarekin duen harremanean. Beste ontzi-multzo bat zuzenean iristen da gure ingurura (kalera, parkeetara, autopista eta errepideetara, hondartzetara…), gizakia eta beren seme-alaben etorkizuna errespetatzen ez duten inkontzienteek botata. Hondakin horiek itsasora doaz zuzenean, lehenago edo geroago, uraren ziklo naturalaren bitartez. Jarraitu egin behar da informatzen, mundu guztiak ikus dezan nolakoa den arazoaren tamaina, eta erantzukizuna har dezan konponbidea bilatzeko.

 

Ozeanoetako zaborraren %80 baino gehiago botilak eta plastikozko poltsak dira… Arazo larria da hori, baina agian oraindik ez gara ohartu bere larritasunaz.

Kalkuluen arabera, 5,25 bilioi partikula plastiko daude une honetan itsasoan, 268.940 tona guztira. Urtero, zortzi milioi tona plastiko isurtzen ditugu itsasora, eta erritmo horri eutsiz gero, 155 tonara iritsiko gara 2025ean. Kalkuluek diotenez, 2050erako arrainak baino plastiko gehiago egongo da planetako itsasoetan.

Kosmetika arrunteko mikro-esferak dira arazo larrienetako bat: plastikozko esfera ñimiño horiek milimetro bat baino gutxiagoko diametroa dute, eta arazo larriak eragiten dituzte itsasoan, kalte handiak eragiten baitituzte fauna basatian eta pertsonen osasunean. Krema asko fabrikatzen dira polietilenoarekin (PE), polipropilenoarekin (PP), polietileno tereftalatoarekin (PET), metilo polimetakrilatoarekin (PMMA) eta nylonarekin. Substantzia horiek ohikoak dira aurpegi eta gorputzerako esfoliatzaileetan, garbigarrietan edo xaboietan eta, zuzenean edo zeharka, gure itsasoetan bukatzen dute. Plastikozko mikropartikula horiek, begi hutsez ikusi ezin direnak, hustubideetara iristen dira dutxatik edo harraskatik. Hondakin urak tratatzeko fabrikak ez daude diseinatuta halakoak iragazteko, eta horregatik, ozeano eta itsasoetako “plastiko zoparen” osagai bihurtzen dira. Itsasoko animaliek plastikoak jaten dituzte, eta elikadura-katearen bitartez, “mikro-plastikoa” gure plateretaraino iristen da. Partikula horiek ez dira deskonposatzen, eta behin itsasora iritsita, ezinezkoa da erretiratzea.

Nazio Batuen Programaren arabera (PNUMA), plastikozko hondakinek animalia askoren heriotza eragiten dute: itsasoko milioi bat hegazti baino gehiago urtean eta 100.000tik gora ugaztun. Xiringak, zigarroak piztekoak, eta hortzetako eskuilak ere aurkitu izan dira hildako itsasoko hegaztien urdailetan, janariarekin nahasten dituztelako.

 

Ekintza txikiak garrantzitsuak dira, adibidez, plastikozko botiletako ura ez kontsumitzea. Baina gure iturrietako ura ere kaltegarria izan daiteke osasunerako…

Nazio Batuen Ingurumenerako Programak (PNUMA) #ItsasoGarbiak kanpaina abiarazi zuen Balitik (Indonesia) 2017ko otsailaren 23an. Ekimen horrek helburutzat du planetako ozeanoetako zaborraren %90 sortzen duten plastikozko produktuak erretiratzea 2022rako. #ItsasoGarbiak kanpaina beraizik zuzentzen zaie gobernuei, sektore pribatuari eta hiritarrei, eta kosmetikoen industriari eskatzen dio ez ditzala jarri plastikozko mikro-perla gehiago zaintza pertsonaleko produktuetan edo nabarmen murriztu dezala erabilpen bakarreko plastikozko produktuen fabrikazioa eta kontsumoa. Zentzu horretan, iturriko ur iragaziarekin betetako altzairu herdoilezinezko botila berrerabilgarria sustatzen dugu, iturriko ura edangarria eta legezkoa den arren, arriskutsua izan baitaiteke gure osasunerako. Iturriko uretan aurki daitezke hondar-kloroa, trihalometanoak, aluminioa, beruna, farmakoak, pestizidak, herbizidak eta mikrobioak, araztegietako tratamenduak gainditzen baitituzte osasunerako zalantzazkoak diren kopuruetan.

 

Eta zer egin dezakegu elementu kutsagarri horiek uretatik kentzeko?

Urari buruzko informazioan, sentsibilizazioan eta kontzientziazioan dago gakoa; galdera hauei erantzuten saiatu beharko genuke: zer egiten du urak gizakiaren osasunerako? Nolakoa da iturriko uraren kalitatea? Nola hobetu edaten dugun uraren kalitatea?… Horretarako antolatu behar dira hitzaldiak, tailerrak, ikastaroak, hezkuntza arloko ikus-entzunezkoak, urari eta sostengarritasunari buruzko erakusketa tematikoak, itsasoari eta urari buruzko ikasgelak…

Eta bereziki, prebentzio neurri gisa, berehalako konponbide bat eskaini behar da tratamendu indibidualizatuko sistemekin (blokeko ikatz aktiboa eta argi ultramorea) iragazitako ura edateko, eta lanean jarraitu sareko uraren kalitatea hobetzeko, gainditu gabeko ikasgaia baita osasun publikoan eta ingurumen osasunean.

 

Proposatzen duzun ekintza garrantzitsuenetako bat da enpresetako langileek espazioak izan behar dituztela behar bezala hidratatzeko, beren osasuna zaintzeko eta errendimendua hobetzeko.

Galdu egin da urak topagune gisa duen balioa. Dagoeneko ez da naturarekin eta bizi-energiarekin berriro konektatzeko toki bat. Hala, hainbat konponbide proposatzen dizkiegu enpresei, ura berriro toki erakargarria izan dadin gizakiarentzat, sostengarritasuna eta planetaren kontserbazioa sustatuz balore gisa. Era berean, balioa ematen diogu hidratazioari, erakutsiz zein garrantzitsua den laneko errendimendurako, pertsonen osasun integrala hobetzen duelako, eta beraz, produktibitate handiagoa sortzen duelako.

 

Bilboko Itsas Museoko “Carola” garabian pankarta bat dago zintzilik, Garapen Sostengarriko 6. Helburua aldarrikatuz: “Ur Garbia eta Saneamendua”.

Bestalde, musika ona, kultur esperientziak eta adierazpenak elkartuko dira ekainaren 8an Campos Elíseos antzokian… Konta iezazkiguzu sentsibilizazio-jarduera horiek eta beste batzuk…

Joan den martxoaren 22an Uraren Nazioarteko Eguna izan zen. Nakusarbe enpresak hainbat kontzientziazio-ekitaldi antolatu zituen Bilboko Itsas Museoarekin batera, balioa emateko gure baliabide estimatuenari. Ikasleei eta familiei zuzendutako hitzaldi eta jarduerak baliagarri izan ziren ikusarazteko ura zaindu egin behar dela, gure altxorrik handiena balitz bezala. Harrezkero, GSH 6 zintzilik dago “Carola” garabitik: Ur Garbia eta Saneamendua. Helburu hori finkatu da, batez ere, denontzat bermatzeko uraren eta saneamenduaren disponibilitatea eta kudeaketa sostengarria. Funtsezkoa da denontzat eskuragarri edukitzea ezpurutasunik gabeko ura. Lurrean badago behar adina ur geza amets hori lortzeko, betiere gure ahaleginak norabide berean jartzen baditugu.

Bestalde, eta garapen sostengarrirako ekintzak sustatzeko premiari dagokionez, jardunaldi berezi bat prestatzen ari gara Ozeanoen Nazioarteko Egunerako Joshua Edelman-ekin batera (Jazz Cultural Theatre of Bilbao ekimenaren fundatzailea). Datorren ekainaren 8an, arratsaldeko 20:30ean, “Un océano de Jazz” kontzertua egingo da Bilboko Campos Elíseos antzokian, Steve Turre tronboi-jolearen eskutik, eta neronek ere parte hartuko dut, kultura eta jatorri desberdinetako beste hamabost artistarekin batera. Bidaia musikal bat izango da, Euskadiko itsas hondotik hasi eta planetako beste toki batzuetara, frogatzeko kultur tradizioen eta naturaren kontserbazioa “helburu berbera direla”.

NBEk “Gure Ozeanoak, Gure Etorkizuna” aukeratu du aurten lelotzat, eta gizakiak itsumen sistemikoa duenez (bere garuna horrela eraikita dagoelako), behin eta berriro gogorarazi behar diogu, ezen ekosistemak kontserbatzeko, mezu positibo gehiago behar ditugula etengabe. Joan den apirilaren 22an Lurraren Nazioarteko Egunerako proposatu bezala, gure ekarpena ere egingo dugu, “ingurumen eta klima arloko alfabetatze” kanpainarekin.

http://jazzculturalbilbao.com/joshua-edelman-steve-turre-dos-figuras-del-jazz-de-nueva-york-ofreceran-proximamente-un-concierto-en-bilbao-por-el-dia-mundial-de-los-oceanos/

 

+info: www.aguasinplasticosalud.es

 

Alberto Santolaria Agua sin Plásticos