ES | EU


2015ko Ekaina 09


Ahalbidetu erakundea Bilbon jaio zen duela bi urte eskas eta bere helburua da merkatuko lehen lan aukeraren bila dabiltzan graduatuei enpresa mundurako atea irekitzea; batetik, osatu egiten ditu graduatu gazteek lehendik dituzten ezagutza espezifikoak edozein jardueratarako balio duten gaitasunekin, eta, bestetik, enpresa babesleek praktikak eta kontratuak adosten dituzte gaitasunak ongi barneratu izana frogatzen dutenekin. Horixe da “Aprender Haciendo-Eginez Ikasi” programa berritzailearen oinarria.

“Aprender Haciendo – Eginez Ikasi” EZ da prestakuntza ikastaro bat. Berrikuntza islatuta geratzen da metodo desberdinen bitartez barneratzen diren gaitasunetan; metodo horiek dira Mentoring-a, taldeko dinamikak eta enpresa birtualaren garapena, eta horietan, beti hobetuz joateko grina daukaten gazteek tutoreen laguntza jasotzen dute, tutore horietako batzuk zuzendaritza-kargu boluntarioak direlarik eta beste batzuk, berriz, merkatuetan eskarmentu handia duten erretiratuak. Amaierako saria ez da bakarrik beren prestakuntza osatzeko jasoko duten gaitasun eta trebetasunen multzoa, baizik eta Vicinay, Dominion, CIE Automotive, Petronor, Tecnalia, Gamesa, RBT Consulting, Kereon partners, Redline asesores, EBI, Oneka, Inser Robótica eta Icaza bezalako beste hainbat enpresa, programa amaitu zain daudenak parte-hartzaileen artean identifikatzeko beren garapenean lagunduko dieten profil freskoak.

Hamalau tutore boluntariok, denak ere enpresa munduko zuzendaritza-karguetan ari direnak, programako parte-hartzaileei lagunduko diete, batetik, entzule aktiboak izanez eta, bestetik, ikaskuntza prozesua estimulatuz galdera, elkarrizketa eta enpresetan jasoko dituzten bezalako enkarguz osatutako metodologia bat erabilita. Hala, rol profesionalak beteko dituzte departamenduka antolaturik, eta egingo dituzten jardueren bidez emaitzak lortuko dituzte enpresa batean egingo luketen bezalaxe; funtsean, enpresa birtual baten barruan ari dira.

“Eginez Ikasi” programa gaitasun-detonatzaile bat da prestakuntza osagarriak (ingeniaritza, arkitektura, ADES, zuzenbidea, irakasle-ikasketak, gizarte hezkuntza, psikologia, ingurumen-zientziak…) dituzten gazteentzat. Ikastaroak  220 ordu presentzial ditu (astero ordu kopuru bat), gehi lan indibiduala nahiz talde-lana egiteko beste 350 ordu, 23 astean (irailetik martxora). Denboraren kudeaketa, ekimena, komunikazioa, talde-lana, plangintza… 12 gaitasuneraino barneratzen dira prozesu honetan.

 

Ester Villanueva: “Oso ezberdina da unibertsitatean ikasten duzuna eta hemen ikasten duzuna”

Ester kimika industrialean eta metalurgia adarrean espezializatutako ingeniari teknikoa da. Horrez gain, ingelesa hobetu du eta hizkuntza horri dagokion titulazioa lortu du. Halere, enpresek pertsona esperientziadunak bilatzen dituzte, eta oso zaila da  aukera bat lortzea erakusteko baduzula lanerako gogoa eta badituzula gaitasunak eta trebeziak. Hala, senitarteko baten bitartez izan zuen programaren berri eta plaza bat eskatu zuen: “Ez nuen sekula pentsatuko  hainbeste ikas nezakeenik eta hainbeste gauza emango zidanik: jakituria, eraginkortasuna, kultura, lagunak, ezagutzak… ez nekien, bestalde, pertsona bezala ere badudala hazteko ahalmena. Izenak argitzen du dena: Eginez ikasi”.

 

Titulazio desberdinetako ikaskideekin lan egitea ere aukera paregabea izan da: “Bakoitzak emateko daukan onena ikasten duzu praktikaren eta ezagutzaren aldetik; entzuteko gaitasuna lantzen duzu, komunikatzekoa, jendaurrean hitz egitekoa, zure ideiak defendatzen dituzu, erabakiak hartzen dituzu…  Enpresa baten barruko rolak ere sekula ez nituen imajinatu harik eta garatu nituen arte. Ikusten duzu zein den bakoitzaren erantzukizuna, bakoitzaren garrantzia eta eragina, enpresa bat benetan zer den”.

Gaur egun Esterrek TECNALIAn erakutsi dezake ahaleginen emaitza: Programan ikasi ditudan gauza asko ari naiz aplikatzen hemen; ekintzailea naiz, aurrea hartzen dut eta zeregin eta gaitasun asko garatzen ditut,  programatik pasatu ez banintz beharbada sekula ezingo nituenak garatu, ez bainekien egiteko gauza nintzenik ere”.
Iván García: “Gaitasun baliagarriak eskuratzen dira mundu profesionalerako eta bizitzarako”.

Iván García abokatu ekonomista bat da, enpresan eta teknologietan interesaturik dagoena. “Lizentziatura amaitzean ez neukan argi zer egin nahi nuen: enpresa mundua gustatzen zait, baina ikusirik nola zegoen lan merkatua, abokatu bulego batean sartzea gomendatu zidaten. Tutore batek Unibertsitatetik ezagutzen ninduen, Ahalbidetu elkartearen ekimenaz hitz egin zidan eta izena eman nuen Programaren lehen edizioan. Ahalbidetun aukera izan dut arlo profesionalerako eta bizitzarako gaitasun baliagarriak eskuratzeko eta ikuspegi askoz zabalago batetik ulertzeko nola funtzionatzen duen enpresa batek …”

Gazte honek lagun onak egin zituen programan, batzuk adar akademiko oso desberdinetako ikaskideak eta beste batzuk tutoreak. “Beste gazte batzuk animatu nahi ditut programan parte hartzera, nik bezala, laguntza jaso dezaten unibertsitatearen eta enpresa munduaren arteko “gap” hori gainditzeko, edozein direla ere egin dituzten ikasketak”.

Ivánek eta Esterrek bihotzez eskertzen dute programan parte hartu izana, Ahlbidetu elkartearen programaren bidez aukera izan dutelako tresna onak eskuratzeko eta enpresetarako sarbidea hobetzeko, eta orain enpresetan erakutsi dezakete barruan duten gogo eta indar guztia. “Prestigiozko tutoreak izan ditugu eta horrek ez du preziorik; pertsona itzaldunak dira, gustatzen zaie beren lana eta badakite nola egin” dio Esterrek. “Orientazioa eman didate, indartsu sentiarazi naute eta erakutsi didate nola aurkitu nire helburuak lortzeko bidea… Orain badakit zeintzuk diren nire indar-guneak eta ahuluneak, eta horri esker inoiz baino seguruago sentitzen naiz”.

 

Negozio eta enpresa planak, fabrikazio digitala, Gauzen Internet…

2013-2014 eta 2014-2015 edizioetan hainbat gaitasun landu dira eginez ikasteko metodoaren ardatz bezala: fabrikazio digitaleko tailer bat martxan jartzeko Business Plan bat, bizi zikloa aztertzeko aholkularitza bati buruzko enpresa plan bat, jakintza lana automatizatzeari buruzko txosten bat, nekazaritza eta elikadura sektoreari aplikatutako Gauzen Interneti buruzko plan bat eta lau aholkularitza-enpresaren arteko aliantza proiektu bat.

Azken edizioan Lanbidek akreditatu egin du “Aprender Haciendo – Eginez Ikasi” programa, zeinak Ingeniari Elkargoaren eta Bilbao Ekintza erakundearen laguntza baitu. Ekimen  honen hurrengo erronka berritzen jarraitzea da, eta helburu hauek markatu ditu datozen hiru urteetarako:

 

  • -Tutore taldea finkatzea eta adin eta gaitasunen araberako banaketa hobetzea, programaren jarraipena eta etengabeko berrikuntza bermatzeko.
  • -Gaitasunak osatu edo ordezkatzea Programa egin duten graduatuen eta graduatu horiek kontratatu dituzten enpresen feedback-arekin.
  • -Aztertzea aukerarik badagoen gaitasunak menperatzeko moduluak eta kontzeptuak erabiltzeko.
  • -Aztertzea komeni den talde kopurua handitzea eta jakitea baita ere bideragarria den.
  • -Enpresa babesleek lehentasunezko bide gisa akreditatu dezatela “Aprender Haciendo -Eginez Ikasi” programa langile berriak hartzen dituztenean.

 

Zure enpresak talentu onena nahi badu.
Zure talentua enpresa onenen bila badabil.
Bisitatu webgune hau: www.ahalbidetu.org