ES | EU


2015ko Uztaila 27


UNE 166006:2011 Arauak – I + G + Baren Kudeaketa: Zaintza Teknologikoko Sistema eta Adimen Lehiakorra – honela definitzen du ADIMEN LEHIAKORRA: “negozio-giroari, lehiakideei eta erakundeari buruzko informazioa biltzeko eta analizatzeko eta, gero, haren esanahia eta eraginak komunikatzeko prozesu etikoa eta sistematikoa, erabakiak hartzen laguntzera bideratua”.

 

Definizio horrek diziplina honen oinarrizko bi atalak bateratzen ditu. Lehenengoan, inguruari buruzko datuak eta informazioa biltzen dira; bigarrengoan, datu horiek aztertu egiten dira, eta zenbait arlotan erabakiak hartzeko erabiltzen dira.

Alor horiek bat etorri behar dute erakundearen estrategiarekin, eta ezinbestekoa da alorrok definitzea adimen lehiakorraren jarduera bideratzeko.

 

Zergatik Adimen Lehiakorra?

Adimen lehiakorreko jarduerak egiteak onura asko ditu, eta, horregatik, baliabideetan inbertitzeak erruz konpentsatzen du erabakiak hartzeko unean informazio egokia izateak duen kostua.

 

Ondo antolatutako adimen lehiakorreko sistema baten bidez, hau lor daiteke:

* Aldaketa – eta aukera-seinaleak identifikatzea.

* Mehatxuak, lehiakide berriak eta produktu eta zerbitzu berriak detektatzea.

* Negozioari eragiten dioten lege- eta araudi-aldaketen inguruan egunean egotea.

* Kontsumo-joerak ezagutzea (bezeroen eskaera edo behar berriak).

* Informazio hori gogoeta-prozesuetan sartzeak lagundu egingo du erabaki zuzenak hartzen, eta enpresaren lehiakortasuna hobetuko du.

 

Gainera, ondo antolatutako adimen lehiakorreko jarduerak beste onura batzuk ere ekarriko dizkio enpresari. Interneten jakingo duzu zein diren onurok: www.adimenlehiakorra.eus

 

Norzentzat?

Eragile ekonomiko guztiek praktikatzen dute nolabait zaintza: azoketara joaten dira, albisteak eta artikuluak irakurtzen dituzte edo bezeroen edo lehiakideen webguneak arakatzen dituzte, besteak beste.

Baina urrats bat gehiago egin behar da: zaintzaren emaitza erabakiak hartzeko prozesuarekin konektatu behar da, eta lehiakideen egoera etengabe berrikusi eta eguneratu.

Informazioa lortzeko beharren eta bideratutako baliabideen arabera, adimen lehiakorraren alorrean egin beharreko jarduerak era askotakoak dira.

Enpresaren tamainak ez du zertan garrantzitsua izan adimen lehiakorra gauzatzeko, beharretara eta eskura dauden baliabideetara egokitu baitaiteke jarduera.