20 iradokizun, stand baten bidez ekitaldi batean presentzia planifikatzeko

2014ko Uztaila 03,


20 IRADOKIZUN, STAND BATEN BIDEZ EKITALDI BATEAN DUZUN PRESENTZIA PLANIFIKATZEKO ETA ERRENTAGARRITASUN EGOKIA ATERATZEKO

Ekitaldi batean stand bat edukitzea jarduera oso garrantzitsua da eta gogoz, arretaz eta dedikazioz planifikatu behar da

Ekitaldi baten ezaugarri nagusia izenean bertan dago. Terminoa latinezko “eventus” hitzetik dator eta hiztegiaren arabera hainbat esanahi ditu, baina gu batean zentratuko gara:

“Ekitaldi bat da programatutako gertakari garrantzitsu bat”.

Gertakari bat da, denbora zehatz batean gertatzen dena eta amaiera duena.

Garrantzitsua da eta, beraz, merezi duen arreta eman behar zaio.

Programatuta dago, hots, plangintza bati erantzuten dio.

Erakusketa Komertzialak, Areto Tematikoak, Foroak edo Azokak ekitaldi garrantzitsuak dira enpresentzat, non profesionalek beren produktu eta zerbitzuak ezagutarazten dituzten jomuga publiko zehatz baten aurrean eta denbora zehatz batean.

Zentzu horretan, ulertu beharreko lehen ideia da ekitaldiak hasiera, garapena eta amaiera dituela, eta amaitutakoan ez dela berriro egingo. Beraz, besteak beste, esaldi hau hartu behar dugu gogoan: “Ez duzu bigarren aukerarik izango inpresio on bat emateko.”

Behar duen garrantzia eta dagokion arreta eman behar zaizkio: ekintzaileontzat ekitaldiak aukera paregabea izaten dira geure burua ezagutarazteko, harremanetan jartzeko, beste pertsona edo negozio batzuekin aliantzak sortzeko… Emprende 2012 Foroa proiektu berrietan sinesten dugun eta proiektu horiek indartsu eta osasuntsu bilakatu nahi ditugun ekintzaileontzat pentsatutako hitzordu bat da.  “Obra handiak detaile txikiz osaturik daude”.

Azkenik, behar bezala planifikatu behar dira ahalik eta detaile gehien: honelako ekitaldiek esperientziak partekatzeko, eskaintza eta eskaera bateratzeko eta aukerak hurbiltzeko balio dute. Trukea bideratzen duen espazio bikain bat da, ekintzaileak, instituzioak, profesionalak eta ekintzailetzarekin lotutako enpresak harremanetan jartzeko balio duena. “Garrantzitsuena ez da plana, plangintza baizik”

Hona hemen 20 iradokizun, stand baten bidez ekitaldi batean duzun presentzia planifikatzeko eta errentagarritasun egokia ateratzeko:

1. Identifikatu gainerako erakusleak, jakin nor diren eta zer egiten duten, etorkizunean lehiakide, kolaboratzaile edo aliatu izan daitezke eta. Zertan diharduten jakinez gero, hobeto bideratuko dituzu ekitaldirako dituzun helburuak.

2. Ezarri helburuak aldez aurretik; proiektu berri bat aurkeztea, irudia indartzea, salmentak dinamizatzea, bezeroak bilatzea, kolaboratzaileak edo banatzaileak identifikatzea, harremanetan jartzea, komunikabideen aurrean zeure burua erakustea…

3. Jakinarazi zure kontaktu sare osoari ekitaldian egongo zarela eta, hala badagokio, komunikabideei ere bai: esan non egongo zaren, zer egingo duzun, zein helburu lortu nahi dituzun…

4. Prestatu marketinerako behar adina material, antolakuntzak aurreikusitako bisitari kopuruaren arabera. Komeni da bereziki txartel komertzialak, flyer-ak eta katalogoak egitea eta txosten on bat prestatzea aurkezpenak osatzeko.

5. Egin inbentario bat beharko duzun material guztiarekin, bulegoko materialak (papera, koadernoak, boligrafoak, grapagailua…) barne.

6. Beharrezko bada, oparitu bisitei promozioko artikuluak. Ez ahaztu artikulu horietan zure negozioaren harremanetarako datuak sartzea eta produktuaren edo zerbitzuaren azalpen labur bat ematea.

7. Aurreikusi zure espazioaren dekorazioa: altzariak, kartelak eta praktikotasunagatik, irudiagatik edo lehen begiradan duten eraginagatik baliagarri izan daitezkeen material guztiak. Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio du.

8. Aldez aurretik ezagutu standaren eta gainerako instalakuntza osagarrien ezaugarriak: bilera gelak, lanerako aretoak, kafetegia… ekitaldian egingo duzun lana osatzeko balio dezakete.

9. Egiaztatu erraz konpon ditzakezula izan ditzakezun premia teknikoak; sare elektrikoa, ordenagailua eta beste gailu batzuk konektatzeko behar adina entxufe, Internet, neurri bereziak…

10. Eraman ordenagailu eramangarri bat, ikus-entzunezko informazioa daukana, interesatuta dauden pertsonekin komunikatzeko. (Eta ez ahaztu kopia bat eramatea kanpoko memoria batean edo telepatikoki eskuratzeko moduan, bada ezpada).

11. Joan laguntzaileren batekin, aukera izan dezazun jardueretan parte hartzeko eta ahalik eta kontaktu gehien egiteko. Ahal bada, izan dadila jarduera ongi ezagutzen duen norbait edo gutxienez konfiantzazko pertsona bat.

12. Ekitaldia hasi baino lehen, hitz egin lagunduko dizuten pertsonekin zereginak eta funtzioak esleitzeko, helburuak lerrokatzeko eta, zergatik ez, zenbait pizgarrirekin beren proaktibitatea sustatzeko ere bai.

13. Arreta berezia eman zure jomuga publikoari; ekitaldi horietan badaude hainbat pertsona ikusmiran dabiltzanak, ez zaituztenak despistatu behar benetan interesatzen zaizkizunen kaltetan. Kontuz! Jende jatorra dira bai, baina denbora lapurtzen dizute.

14. Zaindu kontaktu bakoitzari eskaintzen diozun denbora. Hobe da aurreragorako hitzordu bat adostea eta behar bezala prestatzea; ziurrenik ekitaldian pertsona interesgarri gehiago daude zu ezagutzeko zain.

15. Gorde bisitatzen zaituzten pertsona guztien erregistro txiki bat, bakoitzaren datuak hartu eta geroago jarri harremanetan eurekin: aurez aurre, telefonoz, posta elektronikoz… Beti da komenigarria kontaktu fitxa sinple bat eskura izatea eskuz betetzeko eta denbora bat igaro ostean ere erraz identifikatzeko moduko datuak apuntatzeko.

16. Idatzi jasotzen dituzun bisita txarteletan zer interesatu zaion pertsona horri, zertaz hitz egin zenuten eta ekintzaren bat bideratzen lagun diezazuketen datu gehiago.

17. Ahalik eta informazio gehien lortu parte hartzen duten gainerako negozioei buruz; ziur etorkizunean nahikoa arrazoi izango duzula horietakoren batekin harremanetan jartzeko, elkarrekiko ekintzailetzan jarduteko edo lankidetzan aritu eta proiektu berri bat aurrera ateratzeko.

18. Lortu baita ere zure lehiakideei buruzko informazioa; ziurrenik zure jarduera hobetzeko, merkatuko txokoak bilatzeko edo, nork daki, lankidetzan jarduteko, indarrak batzeko eta emaitzak biderkatzeko aukerak aurki ditzakezu.

19. ¡”AfterEventea”! Ekitaldi baten abantaila handienak beti dira oraindik etortzeko daudenak, baina bilatu egin behar dituzu: akzioa-erreakzioa. Berrikusi lortutako kontaktuak eta eskuratutako informazioa, aztertu helburu berriak, planifikatu ekintza gehiago.

20. Prestatu “CheckList” bat hogei iradokizun hauekin, erantsi egoki iruditzen zaizkizun detaile txiki eta handi gehiago eta behar bezain beste berrikusi ekitaldia hasi baino lehen.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke