ES | EU


2017ko Martxoa 30


Maskota paseatzen nenbilela sortu zitzaidan ideia: “Esku batean, txakurraren uhala nuen, eta bestearekin testuzko mezu bat idazten ari nintzen. Halako batean, txakurrak tira egin eta sakelakoa erori zitzaidan. Orduan pentsatu nuen zorroak zerbait izan behar duela sakelakoa eror ez dadin. Zerbait sakelakoa esku bakarrarekin erabiltzeko, eta erortzeko arriskua saihesteko…”  

Sinplea eta eraginkorra, halakoxea da Euskadin diseinatutako Hoopcase, sare sozialetan oihartzun handia izan duen zorro iraultzailea. Joel, Álvaro, Bruno eta Felipek produktu praktiko eta funtzional bat garatu dute, oraingoz, Internet bidez bakarrik eros daitekeena: www.hoopcase.es

 

Lagunekin partekatu zenuen zure ideia, eta lanean hasi zineten…

Prototipo oso oinarrizko bat diseinatu eta hiru laguni erakutsi nien (Álvaro Cordero, Bruno Vergara eta Felipe Dermit). Gustatu zitzaien kontzeptua, eta lanean hasi ginen ideia hura egia bihurtzeko. Patentatzea pentsatu genuen, eta horretarako dagoeneko sortuta dauden asmakizunak aztertzen hasi ginen. Ikusi genuen bazeudela antzeko gauzak, baina ez zegoela ezer gure produktua bezain praktikorik eta funtzionalik. Denak ziren osagarri traketsak, sakelakoari edo zorroari eransten zaizkionak eta pisua eta bolumena gehitzen dutenak. Guretzat deserosoak dira, edozein gauzarekin trabatzen dira patrika edo poltsetan sartu-ateratzean, eta estetikoki ere ez zaizkigu gustatzen. Diseinu asko probatu ondoren, asmatu genuen azkenean. Funtzio anitzeko zorro arin bat egin genuen, sakelako erabiltzaileon arazoak konpontzen dituena, eta beste produktu batzuen desabantailak ez dituena. Eta orobat erantsi genion interesgarri izan daiteken erabilgarritasun gehigarriren bat…

 

Zein da “erabilgarritasun estra” hori? Zerk bereizten du Hoopcase merkatuan dauden beste zorro batzuetatik?

Merkatuko beste aukeretatik bereizten duen elementu nagusia da erabilgarritasun asko eskaintzen dituela, arina eta fina izanik ere.

Lehenik eta behin, euste-sistema esklusibo bat dauka, sakelakoa erori ez dadin. Uztai eraisgarri bat da, hatz luzea sartzeko balio duena; hala, sakelakoa segurtasunez erabil daiteke esku bakarrarekin, eta erosoagoa da, erpuruak pantailako azalera handiagoa har dezakeelako.

Bestalde, uztaiak euskarri funtzioa betetzen du multimedia edukiak bistaratzean, eta ez dago sakelakoa edalontzien, liburuen edo bestelako objektuen kontra jarri beharrik.

Azkenik, uztaia eraitsita dagoenean, zorroaren azalera ez da aldatzen; hau da, ez du espaziorik okupatzen.

 

Patentatu duzue produktua; prozesu zaila izango zen…

Arlo hori da buruhauste gehien eman dizkigunetako bat, ez baikenuen ezagutzen patenteen mundua. Nik besteren kontura lan egiten nuen, Felipe kirol prestatzailea da, Bruno kazetaria, eta Álvaro, berriz, soinu teknikaria. Interneten murgildu eta jarraitu beharreko prozedurak aztertu ondoren, gure proiektua idazten hasi ginen. Lan zaila izan da, terminologia oso garrantzitsua baita. Gainera, ongi zehaztu eta espezifikatu behar da zer den patentatu nahi duzuna.

Horrez gain, diru asko ordaindu behar da egin beharreko tramiteak egiteko (Gure kasuan, 5.000 euro inguru). Dokumentazioa aurkeztu eta handik hilabete gutxira, OEPMek gure eskaera onartu zuen, eta orduan hasi zen gure negozio-plana garatzeko prozesua.

 

Gaur egun non erosi daiteke? Zein da zuen banaketa politika?

Gure web orrian eros daiteke (www.hoopcase.es) eta baita Amazon-en ere. Beraz, une honetan Internet bidezko zuzeneko salmenta da gure banaketa kanala, eta sare sozialak dira produktua ezagutarazteko hedapen- eta sustapen-bitartekoak. Dena den, hizketan ari gara gure produktuan interesa agertu duten hainbat txikizkarirekin.

 

Zein dira zuen helburuak merkataritza eta hedapen arloetan?

Datozen hilabeteetarako finkatu ditugun erronkak dira Internet bidezko salmenta kopurua handitzea, beste herrialde batzuetako jendearengana iristea eta gure produktuak beste banaketa kanal batzuetatik merkaturatzea.

 

Jaso duzue laguntzarik proiektuarekin aurrera egiteko? Nolako laguntzak jaso nahiko zenituzkete?

Badugu babes morala, adiskide eta senitartekoek ematen digutena, baina oztoporik handiena da inbertitu beharreko dirua. Gure arazorik handiena finantzaketa izan da, eta oraindik ere bada. Laguntza bat eskatu diogu Bizkaiko Foru Aldundiari (ekintzailetzari laguntzeko programa), nahiz eta ez dugun jakingo eman diguten ala ez 2017aren bukaerara edo 2018aren hasierara arte. Hasten ari garenez, guretzat laguntza handia izango litzateke profesionalen aholkularitza jasotzea, dela marketinerako, enpresen kudeaketarako, finantzaketarako edo beste hainbat arlotarako.

 

Hoopcase zuen lehen proiektua da, baina ziur badituzuela ideia gehiago…

Bai, gure lehen proiektua da, baina horri esker, ideia gehiago sortu zaizkigu. Denak dira teknologia berrien ingurukoak, gaur egun horiek baitira nagusi merkatuan, baina oraingoz buru-belarri gabiltza lanean Hoopcase produktuarekin.

 

Esperientzia hau bizitzen ari zaretenez, esaiguzu, zaila al da ekintzaile izatea?

Oso, oso zaila. Gauzak ongi egin behar dira, beraz alta hartu behar izan genuen autonomoen erregimenean (nahiz eta diru-sarrerarik ez izan). Kostu gehigarri bat da hilero ordaindu behar dena, eta horrek bere eragozpenak ditu. Badakigu ekintzaile izateak eta norbere kontura lan egiteak berekin dakarrela dena arriskuan jartzea proiektu propio eta ilusionagarri batean murgiltzeko, baina uste dugu oro har ez dagoela erraztasunik horrelako ekimenak -gizartearentzat hain abantailatsuak direnak- bultzatzeko.

 

+info: www.Hoopcase.es

Zozoa, 17 / 48993 Getxo, Bizkaia.
contacto@hoopcase.es