ES | EU


2017ko Iraila 28


Bidaya elkarteak enplegagarritasunari buruzko hitzaldi bat antolatu du Bilbon.

 

Lan bila hasten direnean, emakume musulmanek hesi asko aurkitzen dituzte, horietako gehienak mendebaldeko aurreiritzien gainean eraikitakoak eta irudiarekin edo jatorri arabiarra izatearekin lotuak daudenak. “Aurreiritzi asko daude emakume musulmanei buruz, eta ezjakintasunak bultzatutako bazterkeria ere bai, batez ere emakumeak beloa badarama. Dena den, espainiarra ez den izen-abizena izateak ere eragin dezake bazterkeria” azaldu du Yasmin Salem-ek, jatorri jordaniarra duen ekintzaileak. “Curriculum ikusezina deitzen diogu horri, zeren, behin argazkia eta izena ikusi ondoren, enpresariek ez baitiote beste ezeri begiratzen”, jarraitu du Hajar Samadi-k, Bidaya-Euskadiko Emakume Musulmanen Elkarteko presidenteak.

 

Halere, Bidaya Elkarteak ez du biktimismoan erori nahi eta helburutzat du emakume musulmanen jabekuntza sustatzea, tresnak eskainiz eta sentsibilizazioa sustatuz gizartean. Helburu horrekin antolatu du “Emakume musulmanen enplegagarritasuna: ekintzailetza, erronkak eta eskubideak” hitzaldia irailaren 30ean. Bertan izango da, besteak beste, Yasmin Salem, emakume musulmanei lana bilatzen laguntzeko Masturah Job plataformaren sortzailea. Ekintzaile gazte horrek azalduko du nola egin duen bere bidea mundu profesionalean, hainbat proiektu abiarazi baititu bere kabuz. “Emakume musulman guztiek dute biziraupen istorio bat atzean, gainerakoengandik desberdina dena eta hazten lagundu diena” azaldu du Yasmin Salem-ek, “nik beti esaten diet askoz gehiago prestatu behar dutela euren burua, ezezko guztiak baiezko bihurtzeko edota beren bidea egiteko”.

 

Yasmin familia ekintzaile batetik dator, eta emakume musulmanentzako edertasun areto bateko arduraduna da Madrilen. Hantxe ohartu zen bere bezero askok zailtasunak dituztela lana aurkitzeko. “Mundu musulmanari zuzendutako negozio asko daude, gaitasun espezifikoak dituzten pertsonak behar dituztenak, horregatik funtzionatzen du ongi plataformak” adierazi du Salem-ek. Bidaya Elkarteko presidenteak dioenez, “Yasmin ekintzaile eredugarria da, bere diskurtsoak emantzipazioa eta jabekuntza sustatzen ditu, eta horregatik bere eredua erakutsi nahi diegu beste neska batzuei”.

 

Deustuko Udal Zentroan eskainiko da “Emakume musulmanen enplegagarritasuna” hitzaldia, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundearen laguntzarekin. Bidaya Elkartea 2008an sortu zen emakume musulmanez osatutako talde baten eskutik, eta helburutzat du esperientziak partekatzea eta esperientzia horiek gizarteari erakustea. Urtean zehar prestakuntza eta sentsibilizazio jarduerak antolatzen dituzte beren bazkideentzat eta gainerako herritarrentzat.