ES | EU


2017ko Ekaina 29


Ander García Barroso, Drone by drone enpresako zuzendari teknikoa.

 

Drone by drone konpainia 2014an sortu zen Bilbon, eta berau da dronak profesionalki operatzeko AESAren baimena duen Euskadiko lehen enpresa. Enpresako zuzendari teknikoa, Ander García Barroso ingeniari aeronautikoa, Donostia Tech Week ekitaldian izan zen eta hizpide hartu zuen dronek marketinean eta publizitatean eta, oro har, gizartean duten eragina.

 

Zergatik erabiltzen dira dronak gero eta gehiago marketinaren munduan?

 

Ikus-entzunezkoen eta publizitatearen sektorean dron bat erabiltzeak malgutasun handia ematen digu grabatzeko, orain arteko helikoptero edo hegazkin txikiek eta lurreko bitartekoek (garabiek adibidez) baino gehiago. Gainera, merkeak eta eraginkorrak dira. Asko erabiltzen dira argazkiak ateratzeko eta publizitate spotak grabatzeko, baina protagonista ere badira, dronei buruzko albisteak berez saltzen baitira.

 

Zein aplikazio ematen dizkiezue Drone by Drone enpresan?

 

Ikus-entzunezkoetarako erabiltzeaz gain, beste sektore askotan ere baliatzen ditugu, esaterako ikuskapen industrialak egiteko, zehaztasunezko nekazaritzarako, arkeologiarako, geologiarako… Orobat erabiltzen ditugu segurtasun sektorean eta basoetan, eta I+G-ko proiektuak dauzkagu martxan guretzat teknologikoki puntakoak diren hainbat sektoretan. Aukera ugari dago, eta tresna baliotsua izan daiteke ia edozein sektoretan.

 

Dronen teknologia errotzen ari da hainbat sektoretan, adibidez zaintzan eta segurtasunean edo ikus-entzunezkoetan. Zein erabilpen emango zaizkio teknologia honi etorkizunean?

 

Dagoeneko eraginkortasunez erabiltzen dira zenbait sektoretan, baina hainbat erabilpen berri daude oraindik inplementatzeko daudenak; badaude esperientzia batzuk, baina ez da ezer egin modu eraginkor edo erregularrean. Adibidez, paketegintzan eta hirietako 24 orduko zaintzan. Aplikazio egingarriak dira, baina oraindik badaude muga legal eta tekniko batzuk erregularki erabiltzea eragozten dutenak. Konta ezin ahala aukera dago eta paketegintza da aurrenengoetako bat. Amazon enpresak marketin kanpaina oso indartsua egin du, eta paketegintza enpresa guztiek bat egin dute kanpaina horrekin; beraz, legalki posible denean eta teknologiak ahalbidetzen duenean, zerbitzu hori eskaini egingo da, zalantzarik gabe. Gizarteak gero eta errazago onartuko du dronen erabilera, eta haiekin bizitzen ohituko gara, XX. mendearen hasieran autoekin bizitzen ohitu ginen bezalaxe.

 

Gizarteak, oro har, ez du ezagutzen dronen inguruko araudia, eta kezkagarriak iruditzen zaizkigu pribatutasuna eta aireko espazioa bezalako gaiak.

 

Ulertzen dugu ezjakintasun hori, baina legea oso argia da. Sustapen Ministerioak ezarri zuen Segurtasun arloko legeria Estatuko Aireko Segurtasun Agentziaren bitartez, eta 8/2014 Errege-Lege Dekretuak eta 18/2014 Legeak arautzen dute dron profesionalen erabilera. Bi lege horietan ezartzen dira dronen irismen eta altuera mugak eta orobat esaten da non aireratu daitezkeen eta non ez. Ezin dute hegan egin, adibidez, hirietako eraikin multzoen gainetik, ez eta jendetzen gainetik, adibidez manifestazioetan, hondartzetan, ezkontzetan… Era berean, sistema aeronautiko orokorra errespetatu beharra dago, eta ezin dira erabili kontrolatutako aireko espazioan, ez eta aireportuen inguruan (8 km baino hurbilago). Laster iritsiko da lege berri bat, 2017ko irailerako aurreikusita baitago, baina 2 urte daramatzagu lege horren zain, beraz, ez dakigu zehazki noiz aterako den.

 

Zerk bereizten du zuen enpresa gainerakoetatik?

 

Drone by drone 2014an sortu zen bazegoelako dronak hegaldatzeko esparru profesionaleko lege bat eta horrek segurtasuna eman zigulako. Hala, Espainiako Aireko Segurtasun Agentziak baimendutako lehen enpresa operatzailea izan ginen Euskadin. Aeronautika sektoretik gatoz, eta goi-mailako kualifikaziodun lantaldea gara. Ni, zuzendari teknikoa, ingeniari aeronautikoa naiz, gure operazio zuzendaria 17 urterekin hasi zen hegan egiten eta esperientzia handiko pilotuak dauzkagu. Gure operazio esparrua ia produkzio sektore guztietara iristen da, eta bezero mordoa dauzkagu Estatu osoan. Gure balore bereizgarria aplikazio teknikoak dira; uste dugu oso espezializatuta gaudela aplikazio teknikoetan, baina ikus-entzunezkoen sektorea mespretxatu gabe, une honetan sektore horrek baitu produkzio jarduerarik handiena.