ES | EU


2017ko Maiatza 03


Bostongo azeleragailuak 6 hilabeteko programa trinkoa eskaintzen du.

 

Bizkaia International Startup Connection, BISC, MassGlobal Partners-en eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko akordio bati esker sortu zen, eta helburutzat du Bizkaiko enpresa berriei laguntzea beren nazioartekotze prozesuan. 2016ko maiatzean sinatutako hitzarmen horri esker, urtean bi deialdi egiten dira, deialdi horien bidez azelerazio-prozesu ospetsu batean parte hartzeko (6 hilabetez) Cambridge Innovation Center zentroan.

 

Datorren maiatzaren 15era arte zabalik egongo da programa horretan parte hartzeko deialdi berria. Proiektua beraizik zuzentzen zaie sektore teknologiko baterantz zuzendutako negozio-jarduera duten startupei, betiere balio erantsi handia eskaintzen badute. Enpresek gutxienez 10 urteko antzinatasuna izan behar dute, baina berdin parte har dezakete oraindik enpresa gisa legalki eratu gabe dauden negozio proiektuek ere. Horrezaz gain, startupek gutxienez milioi bat euroko irabaziak izan behar dituzte urtean.

 

Maiatzaren 15etik aurrera hasiko da hautaketa prozesua. Maiatzaren 23ra arte luzatuko den lehen fasean, tokiko epaimahai batek aukeratuko ditu finalerdietara igaroko diren 20 ekimenak. Elkarrizketa pertsonalizatuak egin eta nazioarteko epaimahaiaren aholkularitza jaso ondoren, maiatzaren 30etik ekainaren 2ra bitartean iragarriko dira CIC-k aukeratutako 6 startupak. Horietatik bik aurtengo bigarren seihilekoan parte hartuko dute, eta gainerako laurek datorren urteko lehen seihilekoan egingo dute azelerazio-prozesua.

 

Cambridge Innovation Center Massachusetts hirian kokatutako berrikuntza-hub bat da, startup gehien biltzen dituena mundu mailan (1.100 enpresa proiektu). CIC aukera paregabea da Bizkaiko startupentzat, bai bere kokapenagatik, eta baita ere hurbil dagoelako puntako enpresa eta inbertitzaileengandik. Apple, Amazon edo Facebook enpresek, adibidez, bulegoak dituzte CIC-n, eta bertan hazitako enpresek 2.000 milioi dolarretik gorako inbertsioak lortu dituzte.

 

BISC akordioari esker, Bizkaiko 24 startupek egin ahal izango dute CIC-ko azelerazio-programa. Orain arte zazpi konpainiak parte hartu dute; horietatik hiru prozesu trinkoan murgilduta daude, eta beste lauk deialdiaren lehen edizioan parte hartu zuten.