ES | EU


2017ko Iraila 20


2017ko deialdian 385 proiektu jaso ditu, horietatik 292 nazioartetik iritsitako hautagaitzak.

BIND 4.0 Eusko Jaurlaritzak sustatu eta kudeatutako programa publiko-pribatu bat da, industria sektoreko startupak azeleratzea helburu duena. Programak lau kolaboratzaile teknologiko handi ditu: Google, Amazon Web Services, Microsoft eta Siemens; kolaboratzaile horiez gain, 27 euskal industria handik kontratatuko dituzte BIND 4.0 programako startupak.

  

BIND 4.0 programaren –4.0 industriaren esparruko startupen azeleragailu publiko-pribatuaren- bigarren edizioak oraintsu itxi du 2017ko deialdia, aurreko edizioan baino %50 proiektu gehiago jaso dituelarik. Guztira, mundu osoko 385 startupek aurkeztu dituzte beren ekimen berritzaileak, zeintzuen bidez konponbide teknologikoki aurreratuak proposatzen baitituzte euskal enpresa industrial handietako prozesuak, zerbitzuak eta produktuak hobetzeko. Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren programa horrek 257 proiektu jaso zituen iaz.

 

Aurten Euskadiko 50 hautagaitza (24 Bizkaikoak, 15 Gipuzkoakoak eta 11 Arabakoak) jaso dira, gainditu egin direlarik iazko edizioko 42 proiektuak. Estatuko gainerako erkidegoetako startupek 43 proposamen aurkeztu dituzte, beraz, 2016an (29 proiektu) baino nabarmen gehiago. Azkenik, asko izan dira beste herrialde batzuetatik  (57) iritsitako proiektuak, guztira 292  (63 Europakoak, 98 Indiakoak eta 34 Kolonbiakoak), iazko 186ren aldean. Horrek esan nahi du ekimenak nazioarteko oihartzuna izan duela ekintzailetza berritzailearen testuinguruan.

 

Nazioartean erreferentziazkoak diren euskal enpresa askoren parte-hartzea  izan da programaren erakargarritasun eta posizionamenduaren funtsezko faktoreetako bat. 2016ko partner-ei (ABB, CAF, CIE Automotive, Danobat Group, Euskaltel, Fagor Ederlan, Maier Taldea, Alcor, ULMA Taldea, Iberdrola, ITP, Mercedes-Benz Vitoria, Michelin, NEM Solutions eta Repsol-Petronor) beste 12 konpainia batu zaizkie aurten: AERNNOVA, Alegria Activity, Arcelor Mittal, BATZ, Bridgestone, Cikautxo, Elay, Grupo Elecnor,  Gestamp, RPK, SENER eta Sidenor. Hala, guztira 27 dira programaren enpresa trakziogileak.

 

2016an Europa, Afrika, Amerika eta Asiako 42 herrialdetako 257 enpresa aurkeztu ziren BIND 4.0 programaren lehen ediziora, eta horietatik 11 startup aukeratu ziren, zeintzuek “ad hoc” konponbide berritzaileak garatu baitzituzten Euskadin finkatutako konpainia industrial handientzat.  Guztira, 16 proiektu teknologiko landu ziren, eta 50.000 euroko batez besteko fakturazioa lortu zuten.

 

BIND 4.0 programa

Bind 4.0 azelerazio programa publiko-pribatu bat da eta 24 asteko iraupena du. Parte-hartzaileek aukera dute ordaindutako proiektu bat garatzeko enpresa industrial kolaboratzaileetako batekin, eta badute baita ere laguntza-zerbitzuz eta jardueraz osatutako programa trinko bat.

 

BIND 4.0 programak helburu bikoitza du. Startupen ikuspegitik, edozein azeleragailuk eskaintzen dituen ohiko zerbitzuez gain (lan-espazioak, prestakuntza, mentoring-a, diru-laguntzak, finantzaketa…), BIND 4.0 programak aukera ematen die lanean hasteko bezero-hornitzaile harreman baten bidez (ordaindutako kontratu batekin) programako enpresa kolaboratzaile batekin edo batzuekin.

 

Enpresa kolaboratzaileen ikuspegitik, programak aukera ematen die 4.0 industriaren esparruko mundu mailako startup berritzaileenak ezagutzeko, beren talentua, teknologia edota konponbideak kontratatzeko eta, bide horretatik, enpresaren lehiakortasuna hobetzeko.

 

Apustu estrategikoa

BIND 4.0 herrialde mailako apustu estrategiko bat da, eta helburutzat du Euskadi ekintzailetza aurreratuaren munduko mapan kokatzea. Euskadiko Enpresa Agentziak (SPRI) koordinatzen du Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren programa hori, BIC – Enpresa eta Berrikuntza Zentroen eta Foru Aldundien laguntzarekin. BIND 4.0 beste startup azeleragailu batzuengandik bereizten da programa publiko-pribatua delako eta munduko azeleragailu bakarra delako bermatzen duena programako startupak iritsiko direla goi-mailako bezero industrialengana.