ES | EU


2014ko Abendua 26


UNESCO-Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak abiarazi zuen Hiri Sortzaileen Sarea 2004ko urrian. Bere helburu nagusia da kultur aniztasuna sustatzea munduan eta esperientziak eta jakintza trukatzea, eta horrek aukera ematen dio lurralde bateko ekintzaileen sektore sortzaile hasiberriari indarrak batzeko, mundu mailako beste kolektibo batzuekin kolaboratzeko eta beren bereizgarri izango den marka eta jatorri irudi bikaina proiektatzeko.


Ekimenaren xedea da tokiko kolektibitateen potentzial sortzaile, sozial eta ekonomikoa aprobetxatzea eta UNESCOk kultur aniztasunaren arloan finkatuak dituen helburuak sustatzea,  indar guztiak batuz jarduera-eremu hauetan: literaturan, zineman, musikan, artisautzan eta herri artean, diseinuan, arte digitalean eta gastronomian, denak ere lehentasunezkoak euskal gizartearentzat eta erakundeentzat, osagai horien gainean eraikitzen baita  gure herriaren identitatea. Horixe pentsatzen dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak, zeintzuek gogor lan egin baitute aitorpen bikain hau lortzeko.

 

Orain Bilbo ere “diseinuaren hiriak” izeneko talde hauta baten barruan dago beste hauekin batera: Berlin (Alemania), Buenos Aires (Argentina), Pekin, Shanghai eta Shenzhen (Txina), Montreal (Kanada), Seul (Hego Korea), Nagoya eta Kobe (Japonia), Saint Étienne (Frantzia) eta Graz (Austria).  Hiri horiek tresna espezifikoak dituzte beren sektore sortzaileak babesteko, eta UNESCOren zigiluari esker beren negozio aukerak emendatu dituztenez, jarduera eta negozio hazkunde handia izan dute.

Ekonomia sortzaileak, diseinua aitzindaritzat duenak, berekin dakar ideiak eta ezagutzak sortzea. Kontzeptu horrek bere baitan hartzen ditu moda, arkitektura, publizitatea, gastronomia, kultura, turismoa eta entretenimendua, baina horrezaz gain bidea urratzen ari da baita ere ezagutzaren ekonomian, hezkuntzan, ikerketan eta garapenean, goi-mailako teknologian eta informatikan, telekomunikazioetan, robotikan, nanoteknologian eta industria aeroespazialean. Diseinua gero eta presenteago dago gure inguruan eta ate joka ari zaie jakin-min handiko pertsonei, zeintzuek ekonomikoki sostengarria den aukera bat ikusten baitute ekintzailetzan eta enpresa sorkuntzan beren talentu sortzailea proiektatzeko.

Industria sortzailea izango da aberastasuna eta enplegua sortuko dituen sektoreetako bat eta, horregatik, BEAZek laguntza eskaintzen du Enpresa eta Berrikuntza Zentroetan, industria horren hazkundea, sendotzea eta nazioartekotzea bultzatzeko. BIZKAIA SORTZAILEA bezalako programei esker,  ekintzaileek ibilbide osotu bat aurkituko dute BEAZen beren enpresa sortu eta plazaratzeko, aholkularitza jasoko dute beren proiektuaren diseinu globala egiteko eta erakundeen konpromisoa eta babesa izango dute diru-laguntzei, finantzaketari eta, besteak beste, kokapenari buruzko informazioa biltzeko.

Bestalde, barne-ekintzailetza bideratzeko orduan sormena izango da ziurrenik enpresetan gehien baloratzen den elementuetako bat, ezinbestekoa baita berrikuntza prozesu orotan, produktu eta zerbitzu berrien sorkuntzan edo negozio-bideetan. Arlo honetako aditu Richard Caves-entzat, sormenari esker produktuak beren aparteko kualitateengatik bereizten dira eta ez bakarrik beren funtzionaltasun eta prezioarengatik, eta beraz lehiakorrago bihurtzen dira. Gainera, sormen arloko langileek, onura ekonomiko eta sozialetik haratago, ikaragarri baloratzen dute beren ahaleginaren arrazoia eta esanahia.