ES | EU


2014ko Urria 02


Andoni Munduate da “La Salsera”ren hiru fundatzaileetako bat. “La Salsera” startup eta proiektuen fabrika bat da, proiektu ugari sortu dituena, batez ere gastronomiaren esparruan. Elkarrizketa honetan azaldu digu zein urrats berritzaile eman dituen bere konpainiak azken bi proiektuak martxan jartzeko.

La Salsera proiektu fabrika bat da eta marketin eta komunikazio tresnak baliatzen ditu bere lana egiteko. Hori al da azkenaldian gauzatu dituzuen bi proiektuen –The Loaf  okindegia eta Pantori artisautza produktuak saltzen dituen denda- arrakastaren arrazoia?

Marketin tresnez ari garenean, komunikazioa barne, esan nahi dugu gauzatzen dugun edozein proiektuk bere txokoa izan behar duela merkatuan. Marketinaren ikuspegi holistikotik, enpresan prozesu orok egokitu behar du zenbait galderatara: nork erosiko du hau?, nola iritsaraziko dugu bezeroarenganaino?, zein testuingurutan jarriko da martxan?

THE LOAF Bakeries edo Pantori kasuak arrakastatsuak izan dira era horretako proiektuek izan ohi dituzten aldagai gehienak birformulatu ditugulako, ia zerotik pentsatzen hasita. Esaterako, THE LOAF proiektuaren bidez deskubritu dugu zer den berrikuntza ogiaren munduan: berriro eskuratzea aspaldi galdutako teknikak -inola ere berriak ez direnak- eta desagertzera kondenatuta zeuden arte eta produktuen zentzua.

Era honetako proiektuek kalera eraman dute orain arte jatetxe handietan edo Basque Culinary Center gisako erakundeetan bakarrik egiten zen berrikuntza?

Aholkularitza lanak egiten ditugu eta langintza horretarako sektore guztietako zereginetara egokitu behar dugu, baina, horrez gain, autonomoki gauzatzen ditugun proiektuak hiru bazkideon -Xabier de la Maza, Ignacio Bueno eta neu- interesekoak dira. Zalantzarik gabe, joera horietako bat gastronomia da, baina ez da bakarra. Nolanahi ere, gurekin lotura duten gaiak lantzea gustatzen zaigu, negozio-aukera soilaz harago.

Berrikuntzak garrantzi handia izan du herri honetan, hori ukaezina da. Baina ez da behar adina lantzen berrikuntza hori merkatuko testuinguru errealera eramateko bidea. Horregatik, zubi lana egiten dugu, eragileak, erosleak, saltzaileak, banaketa kanalak, mezua, bitartekoa, eta abar lotuz.

The Loaf eta Pantori proiektuek badute beste ezaugarri bat, beren merkatu naturalen tamaina handitzen saiatu direlako bestela mantendu ezingo liratekeen negozioak mantentzeko. Nola lortu dute hori?

Hala da. Esango nuke, batetik, gogoeta egin dugula merkatu naturalaren definizioari buruz, eta, bestetik, ahalegin handia egin dugula “bezeroak sortzeko”. Eta ez soilik lan komertziala egiteko, hau da, “kalera atera eta saltzeko”, nahiz eta gure ustez komertzialarena den munduko lanik zailenetakoa eta gutxien baloratutakoa. Jakin-mina, interesa, ezagutza eta eskaera pizten saiatzen gara beste modu batera jomuga publikoan sartuko ez liratekeen pertsonen artean.

THE LOAF Bakeries enpresa, esaterako, 2009an jarri zen martxan The Glutton Club ekimeneko ogi ikastaro batzuen bidez. Elkarte hori “La Salsera” fabrikako bazkideok sortu genuen kultura gastronomikoa sustatzeko. Bagenekien parte-hartzaile gehienek ez dutela sekula ogirik egingo, baina ikasi zuten produktua nola egiten den eta orain askoz tresna gehiago dituzte zer kontsumitu hobeto erabakitzeko.

Pantori dendaren kasuan, proiektu osoaren helburua da jendeak inolaz ere ezagutuko ez lituzkeen produktuak “deskubritzea”. Gehienetan bezeroak ez du produktu bat erosten existitzen denik ere ez dakielako, eta horixe aldatu nahi genuen. Nekazaritza eta elikadura sektoreko ehunka produktorek merkatu berriak ireki dituzte ekimen horri esker.