ES | EU


2017ko Apirila 06


Novia Salcedo fundazioak abian jarri du Enplegua Sortzeko Eredu Berria ekimenaren 3. edizioa.

 

Novia Salcedo Fundazioaren Enplegua Sortzeko Eredu Berria programaren helburua da gazteak protagonista izan daitezela beren enplegua sortzeko orduan. Ekimenak elkarrekin uztartzen ditu negozio ideia bat duten enpresak eta gaitasun osagarriak dituzten gazte-taldeak, proiektu berri bat garatu dezaten lau hilabetean.

 

 

“Novia Salcedo fundazioan garatzen ditugun proiektuen bidez gazteek enplegagarriago izateko gaitasunak barneratzen dituzte” azaldu du Elisa Menak, erakundeko zuzendari laguntzaileak, “baina ohartu ginen bazeudela enpresek eskatzen ez dituzten profil profesional asko, ez baitakite zer nolako gaitasunak dituzten gazteek”. Horrela sortu zen NMGE (Enplegua Sortzeko Eredu Berria) programa, zeinaren helburua baita ekintzailetzako gaitasunak entrenatzea eta, aldi berean, laguntza ematea, parte-hartzaileek eurek garatutako proiektuan lan egin dezaten.

 

Alde batetik, fundazioak enpresak bilatzen ditu, hain zuzen ere, lanpostu berriak sortzeko moduko proiektu-ideiak dituztenak. Bestetik, premia horri erantzun diezaioketen eta sormenarekin eta ekintzailetzarekin lotutako gaitasunak dituzten hiru gaztez osatutako taldeak sortzen ditu. Lau hilabetez, lantaldeak proiektu hori garatuko du fundazioaren laguntzarekin eta enpresaren inplikazioarekin. “Ez dakigu kasu bakoitza noraino iritsiko den; baliteke enpresa bat edo spin-off bat sortzea (dagoeneko gertatu da hori) edo gazteak enpresan sartzea”, esan du Elisa Menak, “nolanahi ere, lantaldeak irabazi bat lortu behar du”.

 

Aurten 11 proiektu bultzatuko dira, eta hiru martxan daude, besteak beste, gaitasunak entrenatzeko serious game bat sortzeko proiektua, eta oihalezko packaging produktu berri bat sortzeko ekimena. Proiektua joan den otsailean amaitu zuten hiru lantaldeak lanean ari dira dagoeneko, eta aurreko edizioetan hainbat spin-off eta startup sortu dira, esaterako Kaleidoskopio marketin enpresa. Programak La Caixa Gizarte Ekintzaren babesa du, eta Europako funtsak ere jasotzen ditu taldeen lana finantzatzeko, baina azken helburua da gazteek lanpostu bat eskura dezatela prozesua amaitzean.