ES | EU


2017ko Urria 06


WimbiTek startupak haririk gabeko sentsore eta teknologiak garatzen ditu makinak kontrolatzeko edo produktuak lokalizatzeko

 

 

Fabrikazio prozesuetan edo 4.0 Industrian inpaktua izan dezaketen gailu guztietatik, ziurrenik “beacon”ak izango dira ezezagunenak. Tresna txiki batzuk dira, haririk gabeko teknologia darabiltenak mezuak edo abisuak igortzeko. “Baliza” horiek erabiltzen dira, adibidez, pertsonak edo objektuak lokalizatzeko GPSek estaldura eskasa duten toki itxietan. Eta sentsore batez hornitutako “beacon” bat gai da informazio zehatza emateko sentsoreak puntu zehatz batean erregistratzen dituen magnitude fisiko edo kimikoei buruz. Era askotako erabilpenak izan ditzakete, eta orain arte marketina bezalako arloetan zentratu izan badira ere, euskal enpresa batek erabaki du joera hori aldatzea.

 

WimbiTek 2016ko martxoan sortu zen, Euskal Herriko Unibertsitateko ADIAN ikerketa-taldearen spin-off gisa. Startup horretako bost kideek 7 urtetik gorako esperientzia dute akatsak jasaten dituzten haririk gabeko informazio sistemen diseinuan, garapenean eta inplementazioan. Beren indar-guneak dira haririk gabeko sareentzako protokoloen diseinua, sentsoreetako informazioa atzemateko sistemak, energetikoki eraginkorrak diren dispositiboak eta datuen bistaratzea. Eta “beacon” teknologia darabilte horretarako.

 

Unai Burgosek, WimbiTek enpresako zuzendari nagusiak, gogora ekarri du horrelako gailuekin izandako lehen esperientzia, batere zerikusirik ez duena esparru industrialean duten erabilpenarekin: “Duela bi urte hegaztiak monitorizatzeko sistema bat garatu genuen, Aranzadi Zientzia Elkartearekin lankidetzan.  Geuk sortutako GPSdun motxila txiki bat jarri genien hegaztiei.  Dispositiboak txikia izan behar du –ezin du hegaztiaren bolumen osoaren %5 gainditu-, eta arina ere bai. Gainera, klima-baldintza txarretan iraun behar du eta sistema bat izan behar du bateria kargatzeko. Motxila hori daramaten hegaztiak gure balizetatik igarotzean, motxilan bildu duten informazioa deskargatzen da eta non egon diren jakin dezakegu. Informazio hori oso baliagarria da, aukera ematen baitu zientzia eta ingurumen arloetako azterketak egiteko. Orobat baliagarria da animalien portaera aztertzeko, eta alderdi hori garrantzitsua da zenbait kasutan, adibidez, desagertzeko arriskuan dauden espezieei edo kaioei buruz ari garenean; azken horiek gogaikarri samarrak dira eta kontrolatuta eduki behar dira”.

 

Gauzen Interneta

Haririk gabeko teknologiek asko eboluzionatu dute azken urteotan, eta gaur egun “Bluetooth” teknologia oso mugatua da, ekintza-eremu eskasa baitu. Horregatik, WimbiTek enpresak proposamen berritzaileekin lan egiten du, estaldura handiagoa eskaintzeko. “Beste aukera bat da datuak denbora errealean bidaltzea SigFox izeneko Gauzen Interneteko plataformaren bidez. Sare horrek haririk gabeko sistema bat erabiltzen du datuak hainbat kilometrotako distantziara transmititzeko, komunikazio kontraturik gabe, eta estaldura ona du, batez ere Mendebaldeko Europan” azaldu du Burgosek.

 

Aranzadirentzat garatutako proiektuen ostean, egoitza Donostian duen startup honek 4.0 Industria bezalako sektore berrietan jarri ditu begiak. “Ziur gaude IoT (Gauzen Internet) erabiltzen duten sentsoreei eta haririk gabeko sareei buruz daukagun ezagutza ondo egokitzen zaiola 4.0 Industriari. Dagoeneko hasi gara zenbait proiektu garatzen, makinen tenperatura, iraupena eta lokalizazioa neurtzen dituzten “beacon”-ak erabiliz. Ordu askotan martxan dauden makinak berotu egiten dira. Tenperatura sentsorea duen “beacon” bat jartzen badugu makina horren ondoan, ia denbora errealean bidaliko ditu alarmak, eta makina hori ez da matxuratuko. Beste aukera bat da tenperatura sentsoredun dispositibo horiek jartzea kamioi-hozkailuetan, horrela ziurtatzeko tenperatura-katea ez dela hausten produktu bat garraiatzean. Hori oso garrantzitsua da trazagarritasun arloan” azpimarratu du WimbiTek enpresako zuzendari nagusiak.

 

Neurrira eginiko fabrikazioa

“Beacon”ek datuak eta informazioa atzemateko duten garrantziaz harago, aipatzekoa da datuak transmititzeko erabiliko den haririk gabeko sarearen kalitateak eta segurutasunak erabakiko dutela gailu horien funtzionaltasuna, hala, Unai Burgosek dioenez: “Gure taldean badauzkagu haririk gabeko sentsorika-sareetan eta sare dinamikoetan espezialistak diren langileak. Konponbide gehienak objektu estatikoetan zentratzen dira eta informazioa segurtasunez bidali behar da, dela enpresako barne sarearen bidez edo dela beste IoT sare batzuk erabiliz. Enpresei laguntzen diegu beren digitalizazio prozesuan, informazioa biltzeko haririk gabeko dispositiboak diseinatu eta inplementatuz eta ondoren informazioa lainora igoz. Gainera, balio erantsiko zerbitzuak ere identifikatzen ditugu”.

 

Bada azken alderdi garrantzitsu bat, zeren “beacon” bidez biltzen diren datuek denbora errealean eta ulertzeko moduan iritsi behar baitute bezeroarengana. “Bezero bakoitzak erabiltzaile profil bat eta bere pasahitza izango ditu gure web orrian sartzeko, eta bertan uneoro bistaratu eta deskargatu ahal izango du dispositiboei buruzko informazioa. Datu horiek nahi bezala kudeatu eta antolatu ditzake. Guretzat oso garrantzitsua da bistaratze argia eskaintzea, bezeroek ahalik eta probetxu handiena atera diezaioten informazioari”.

 

“Beacon”, sentsorika, haririk gabeko sareak, IoT edo datuen analitika bezalako teknologiez gain, startup honek 3D inprimaketa erabiltzen du bere produkzio prozesuan, bezeroaren neurrira eginiko dispositiboak fabrikatzeko. “Osagai elektronikoak erosten ditugu, esaterako GPSak, erresistentziak edo osziladoreak, eta gero plakan muntatzen eta diseinatzen ditugu. Hori guztia babesteko, 3D inprimagailuetan fabrikatutako eta neurrira eginiko estalki bat erabiltzen dugu. Azkenean, bezeroak dispositibo zehatz bat eskatzen digu, eta guk bere premietara egokitu behar dugu ahalik eta kostu txikienarekin. 3D inprimaketari esker lortzen dugu hori” adierazi dute WimbiTek enpresako kideek.

 

Euskal enpresa gazte honek bere bezero-katalogoa handitu nahi du, sektoreak bere produktuen gaitasunak ezagutu ditzan. 4.0 Industriaz harago, beren teknologiak “Smart Cities” eta “Smart Energy” arloetan ere aplikatzen dira.