ES | EU


2014ko Iraila 18


“BANBU JAPONIARRAREN LEZIOA” EKINTZAILEENTZAT
Pazientzia izaten ikasi behar dugu, gure negozio proiektuak ernaldu daitezen eta indartsu eta osasuntsu haz daitezen

Ekintzaileok sarritan pazientzia galtzen dugu eta berehalako emaitzak ikusi nahi izaten ditugu, zorteak eta testuinguru hobeak negozioaren prozesua -hasi bere sorkuntza eta hazkundetik eta sendotzeraino- azkartuko dutelakoan.

Baina naturak denbora behar duen bezala bere bidea egiteko, betiere kontuan izanik ingurunearen menpe dagoela, gure jarduera ekintzaileek ere Zuhurtzia printzipioei jarraitu behar diete eta Pazientzia izan behar dute; eta ezin ahaztu ezinbestekoa den Pertseberantzia. Horra hor letra larriz idatzi beharreko hiru gaitasun, UP Euskadiren beste artikulu batean jorratuko ditugunak. Presa ez da aholkulari ona ekintzaile izateko, denborak ez du bere kabuz lan egiten eta naturak ere ez digu guk nahi genukeen moduan laguntzen.

Badakigu zein den nekazaritzaren funtsa: hazi on bat landatzen baduzu lur onean, behar bezala ongarritzen eta ureztatzen baduzu eta itxaron beharreko denbora itxaroten baduzu, landare eder bat ikusiko duzu ernaltzen eta landare hori ere behar bezala zaindu eta babestu beharko duzu, bere garaian fruiturik onenak eman ditzan.

Nekazaritza lanak ez badira egokiak pazientzia gutxi dutenentzat, zuhaitz hazkuntzan are gehiago luzatzen dira emaitzak lortzeko behar diren epeak eta urte askotako zaintza behar da egurra indartsua eta osasuntsua izan dadin.  Horrelakoak dira negozio gehienak, ahaleginaren, zaintzaren eta denboraren emaitza. Eta sektore bakoitzak, jarduera bakoitzak, negozio bakoitzak, pertsona bakoitzak… bere zuhaitza eta bere sorkuntza, mantenimendu eta hazkuntza erritmoa aurkitzen ikasi behar du, dela pinua, dela haritza, dela izeia, edo baobaba.

Euskal Ekintzailetza Sistemako kolaboratzaile Ramón Gazteluk bere ezagutza eta esperientziak partekatu zituen Emprende Foroan eta “banbu japoniarraren lezioaz” mintzatu zen bere tailerrean:

“Argi dago lurra lantzen duena ez dela landatutako haziaren aurrean jarriko, eta ez dela indar betean garrasika hasiko: “hazi zaitez!”, horrela haziko delakoan”.

Banbu japoniarrak badu berezitasun bat desegoki bihurtzen duena pazientzia gutxi dutenentzat:

  • Hazia erein, ongarritu eta etengabe ureztatzen duzu.
  • Lehen hilabeteetan ez da ezer nabarmenik gertatzen.
  • Egia esateko, haziak ez du ezer egiten lehenengo zazpi urteetan! Hala, landatzaile ezjakina ziur legoke hazi antzuak erabili dituela.
  • Zazpigarren urtean, ordea, sei asteko epean banbu landarea 30 metro baino gehiago haz daiteke!
  • Sei astean bakarrik hazi ote zen?
  • Ez. Egia esan, zazpi urte eta sei aste behar izan zituen garatzeko.

Banbu landareak naturalki agertzen dira kontinente guztietan, Europan izan ezik. Bere espezie, luzera eta lodiera desberdinak oraindik sarri erabiltzen dira Asian aldamioak eta bestelako egiturak eraikitzeko. Itxuraz lozorroan igarotzen dituen lehen 7 urte horietan banbuak sustrai sistema konplexu bat sortzen du eta horrek sostengatuko du aurrerago luzapen azkar eta harrigarria eragingo dion hazkunde prozesua; material honek klima-baldintza txarrak jasaten ditu, malgutasun aparta du eta gai da zama handiak eusteko. Ezaugarri horiei esker, altuera gutxiko eraikinez beste, Hong Kong edo Shangaiko etxe-orratz erraldoiak ere banbuzko egituren laguntzaz eraikitzen dituzte.

Ekintzaileok banbu japoniarraren lezioa aplikatu behar dugu gure bizitza profesionaletan. Batzuetan, are gehiago krisi garaietan, badirudi gure ahaleginek ez dutela emaitzarik, baina gauzak ongi egiten baditugu, lehenago edo beranduago iritsiko da emaitzak ikusteko unea. Horregatik, ezin da zaindu gabe utzi “itxuraz” emaitzarik ematen ez duen lur zati txiki hori, egun batean kimu berde txiki bat deskubrituko duzulako eta horrek emango dizulako negozioarekin aurrera jarraitzeko indarra.

Negozio bat indartzea da hasierako oztopoak gainditzea eta merkatuan mantentzea irabaziak lortuz. Hots, aktibo izatea bezero zorro batekin eta finantza aurreikuspen positiboekin. Jarraitu  UP Euskadi atarian ematen dizkizugun aholkuak amestutako zuhaitza hazten eta sendotzen ikusteko.