ES | EU


2013ko Abendua 03


“AUTO-SABOTAJEAREN BIRUSA” NEUTRALIZATZEA DA EKINTZAILEEK GAINDITU BEHARREKO ERRONKA GARRANTZITSUENETAKO BAT

Urratsak ematea, erabakiak hartzea, ezinezkoak diruditen erronkei aurre egitea… hori guztia baino arriskutsuagoa da “gauzak gertatu zain egotea”

Hiztegi digitalean “auto-sabotaje” hitza bilatzen badugu ikusiko dugu ez dela agertzen eta beraz artikulu hau ere bilatzailearen erantzuna aipatuz amaitu genezake:

Auto-sabotaje hitza ez dago hiztegian.

Definizioa aurkitzeko gramatikalki deskonposatu beharko dugu hitza.

Hala, bi bilaketa egin behar dira eta hauek dira emaitzak:

  • – Auto: (grekerazko a?t?- hitzetik) “norberarena” edo “norberak egitea” esan nahi du
  • – Sabotajea: (frantsesezko sabotage hitzetik). proiektuen, aginduen, erabakien, ideien eta abarren aurkako oposizio edo oztopo disimulatua

Bi terminoak bakarka identifikatu ondoren ohartuko gara ez daukala inongo zentzurik geure proiektu, agindu, erabaki eta ideien aurkako oztopoak disimulatuki ezartzeak, ezta? Baina, halere, sarritan egiten dugu, gure bizitzan zehar lortu ditzakegun arrakasta pertsonal eta profesionalen garapena kontzienteki eragotziz.

Santi gure lagunak kontatzen du behin esperimentu bat egin zuela eta orduantxe frogatu zuela auto-sabotajea existitzen dela, ziurrenik erronkak gainditzeko edo jomugak lortzeko norbere buruarekiko estima baxuaren kulturan oinarrituta.

Langileak aukeratzeko enpresa batek iragarki bat argitaratu zuen egunkarian Zuzendari Nagusi postu bat eskaintzeko, urtean 70.000 euroko ordainsari negoziagarriarekin. Deialdi horretara 1.000 hautagaitza inguru aurkeztu ziren.

Hilabeteren buruan enpresa berak iragarki bera argitaratu zuen egunkari berean kargu berbera eskaintzeko, baina urtean 280.000 euroko soldata eskainita. 5 hautagaitza bakarrik aurkeztu ziren. Zer gertatu zen?

Lehen pentsamendua litzateke postu hori ziurrenik ez dagoela gure talentu, gaitasun edo trebetasunen neurrira egina, baina ez dugu sekula jakingo aurkezten ez bagara eta are gutxiago elkarrizketarik izaten ez badugu, elkarrizketa delako aukera eragin dezakeen eszenatokia.

Biziraupen senak eragozten dio pertsona bati bere bizitza amaituko lukeen ezer egitea, baina badirudi ez dagoela senik gure helburuetarantz (batzuetan lortu ezinak iruditzen zaizkigun horietarantz) abiatzea eragozten diguten oztopo mentalak desagerrarazteko.

Ekintzaileok harro esan ohi dugu ez garela geldirik egoten horrelakoa delako gure izaera, baina guk ere sarri “auto-saboteatzen” dugu geure burua, lortu ditzakegun jomugak eta ekintzak mugatzen ditugu pentsatuz zenbait bidek ez gaituztela inora eramango… Zenbat aldiz gertatu zaigu horrelako zerbait dei bat ez egiteagatik, edo posta elektroniko bat ez bidaltzeagatik, edo norbaitengana ez hurbiltzeagatik, edo ekitaldi batera ez joateagatik, edo balizko bezero bat ez bisitatzeagatik…? Funtsean porrot egiteko beldurragatik?

Beste lagun min batek, Ramonek, beti esaten zuen “lapurtzeak bakarrik eman behar ligukeela lotsa”: joan aurrera, ez mugatu zeure burua. Eta gogoan izan beti “ekintzaileen 4 arauak“. Amaitzeko, hona hemen zenbait gogoeta bikain “auto-sabotajearen birusari” aurre egiten laguntzeko:

“Zenbat eta altuago jarri jomuga, orduan eta gehiago haziko zara”.
Friedrich Schiller (1759-1805) poeta eta dramaturgo alemana

“Behin eta berriro huts egin dut nire bizitzan, horregatik lortu dut arrakasta”.
Michael Jordan, kirolari estatubatuarra.

“Motiboa ez da beti lortu behar dena, baizik eta jomugan eduki behar dena”.
Joseph Joubert (1754-1824) saiakeragile eta moralista frantsesa.

“Etsi gabe porrotez porrot ibiltzen ikastea da arrakasta”.
Winston Churchill (1874-1965) politikari britainiarra.

“Mila bidek urruntzen gaituzte aukeratutako helmugatik, baina batek eramango gaitu haraino”.
Michel Eyquem de Montaigne (1533-1592) idazle eta filosofo frantsesa.

“Pertsona baten bizitzako arrakastaren sekretua da prest egotea aukera iristen denean aprobetxatzeko”.
Benjamin Disraeli (1766-1848) estatistikagile ingelesa.

“Garrantzitsuena ez da iristea, baizik eta joatea”.
Robert Louis Stevenson (1850-1894) idazle britainiarra.