ES | EU


2014ko Iraila 25


NEGOZIO BATEK ARRAKASTA IZAN DEZAN GOGOETA OSO GARRANTZITSU BATETIK ABIATU BEHAR DA: INOIZ EGIN AL DUZU ZEURE AMIA ANALISIA?

Ongi ezagutu behar duzu zeure burua, identifikatu ahuldadeak, jakin zeintzuk diren beste batzuengandik bereizten zaituzten indar-guneak, ezagutu eta gainditu bidean aurkituko dituzun mehatxuak, eta, nonahi zaudela ere, aurkitu aukerak

“AMIA analisia” teknika metodologiko sinple bat da, 60ko hamarkadan AEBetan sortua. Teknika horrek geure proiektuen, negozioen edo egoera pertsonal nahiz profesionalaren errealitatea ezagutzeko balio du.

Lortutako emaitzak ebaluatu ostean, ekintzaileek helburu zehatzetara bideratu ditzakete beren planak eta arriskuak gutxitu.

Enpresen eta proiektuen arloan, AMIA analisiak merkatuko lehiakortasun abantailak aurkitzen eta deskribatzen lagunduko digu; arlo pertsonalean, berriz, baliagarri izango zaigu gure muga eta indarrei buruzko gogoeta egiteko, jomuga onuragarriak identifikatuz eta oztopoak saihestuz.

Hauxe da AMIA siglen esanahia:

  • Ahultasunak
  • Mehatxuak
  • Indar-guneak
  • Aukerak

Errepasatu dezagun, izenak berak emandako ordenan, hitz horien funtsa eta bakoitza lantzeko modua:

AHULTASUNAK

Zereginak eta proiektuak behar bezala garatzea oztopatzen duten hesi propioak dira, hots, ZEURE gabeziak, arazoak e.a.

Adibidez: Ez naiz ondo moldatzen zenbakiekin… Oso desordenatua naiz… Jendeari ez zaio nire izaera gogorra gustatzen…

Ahultasunak ezagutu egin behar dira, hala saihestu eta desagerrarazi egin ditzakegu, edo gutxienez elementu horiek konpondu edo konpentsatuko dituzten konponbideak bilatu.

Beraz, zenbakiekin lagunduko dizun norbait eta ordenatua izateko metodo bat bilatuko beharko duzu, eta ez azaleratu zure jenio txar hori gainerakoen aurrean, edo bestela, harreman pertsonalak eta profesionalak beste norbaiten esku utzi.

Badaude konpontzeko zailagoak diren beste ahultasun batzuk, batez ere bizi dugun une honetan, esaterako, proiektua aurrera ateratzeko baliabide ekonomikorik ez izatea.

Kasua hori bada, sormena koherentziaz erabili beharko duzu, eta beste konponbide batzuk bilatu: proiektua faseka banatu, behar dituzun baliabideak pixkanaka lortu ahal izateko; seriotasunez azaldu proiektua baliabide ekonomikoak, teknikoak edo humanoak dituzten pertsona eta erakundeei edota proiektuz aldatu, baldin eta finantzaketa faltak bideragarritasuna arriskuan jartzen badu.

Zure ahultasunak hobeto identifikatzeko, egin galdera hauek zeure buruari:

– Hain onak ez diren zein alderdi saihestu ditzaket?

– Zein gaitasun edo jarrera hobetu ditzaket?

– Nola ikusten naute ingurukoek, zertan kritikatzen naute?

Eta, jakina, hitz egin estimatzen zaituen jendearekin, eskatu zure egiazko argazki bat egiteko gutxien gustatzen zaizkien alderdiekin.

MEHATXUAK

Mehatxuak dira jomuga pertsonal eta profesionalak lortzea eragotz diezazuketen kanpoko oztopo guztiak.

Adibidez: Oso ongi prestatutako jendea dago munduan… Gauzak gaizki doaz eta jendeak ez du ezer erosten… Urliak entxufea dauka eta berari ematen dizkiote lan guztiak…

Mehatxuak ez dira erraz gainditzen, baina saihestu daitezke. Egunetik egunera ongi prestatutako jende gehiago irteten bada mundura, zuk etengabe ikasi eta desikasi beharko duzu; ez da egia jendeak ez duela ezer erosten, kontua da askoz ere gehiago zaintzen duela zer erosten duen eta inoiz baino gehiago hartzen ditu kontuan abantailak eta onurak, beraz, ahalegin handiagoa egin beharko duzu zeure produktuarenak behar bezala komunikatzeko; eta Urliak entxufea badu, bilatu KALITATEA eta ZERBITZUA estimatzen duten merkatuak eta bezeroak, Urliak ez baitaki ezer egiten 33. artikulua gabe.

Mehatxuak hobeto identifikatzeko, aztertu itzazu hauek:

– Zein oztopo daude zure eta zure helburuen artean?

– Zer da beste batzuk zuk baino hobeto egiten dutena?

– Zer dut nik kanpokoei gustatzen ez zaiena eta beraz niretzat oztopo bihurtzen dena?

Era berean, komeni da zure sektorearen egoerari buruz ongi informatuta egotea, prentsa espezializatua irakurtzea, estatistika eta joera txostenak kontsultatzea, “Benchmarking”a egitea…

INDAR-GUNEAK

Gatozen berriro zuregana: badakizu zeintzuk diren zure ezaugarri eta gaitasunak, beste ekintzaile batzuengandik bereizten zaituztenak.

Adibidez: Izugarri atsegin dut nire lana… Pertsona zintzoa naiz… Nire jardueraren alderdi zehatz batean gutxi dira ni bezain onak…

Zure indar-guneak zure aurretik doaz, ziurrenik ingurukoek ezagutuko dituzte, baina erraz ezagutzeko moduan azaldu behar dituzu. Zurekin harremanetan dagoen jendeak jakin behar du nolakoa zaren eta arazoei nola aurre egiten diezun, baita ere jakin behar dute erronkak aise gainditzen dituzula eta, zuk bezain ongi gutxik lantzen dituzten arlo horietan, argi eta garbi erakutsi behar duzu zein den “bereizten zaituen faktorea”.

Bilatu zure indar-guneak, alderdi hauek azalduz:

– Zerk pizten du nire distira naturala?

– Zein dira ingurukoei ematen dizkiedan benetako abantailak eta onurak?

– Zer egiten dut beste inork baino hobeto, zeintzuk dira nire ezaugarri onenak?

AUKERAK

Hor kanpoan aukera mordoa dago zure zain; ziur aukeraz jositako eszenatoki berriak aurkitu dituzula ahultasunak identifikatu eta landu dituzulako, mehatxuak gainditu edo saihestu dituzulako eta indar-guneei balioa eman diezulako.

Adibidez: Zenbait pertsona zabartu egiten dira krisiaren ondorioz… Gaur egun merkatuak bermea eskatzen du… Beste eskualde eta herrialde batzuetan ez dute nik dudana edo ematen dudana…

Bizi dugun egoera zaila dela medio, beste pertsona eta negozio batzuek lehiakortasuna galdu dute, zenbaitzuetan etsi ere bai; baina egin jauzi, ekarri aire freskoa eta erakutsi zure balioa. Hain zuzen ere, une honetan gehiago zaintzen ditugu gauza guztiak eta ziur egon nahi dugu erosten duguna arrazoizkoa dela prezioan, kalitatean nahiz zerbitzuan; hori dena bermatzea nahi dugu.  Ez ahaztu aro globalean bizi garela: talentuak, merkantziek eta diruak inoiz baino muga gutxiago dituzte.

Zer egin behar duzu aukerak aurkitzeko?

– Informa zaitez komunikabideetan, blogetan, sare sozialetan…

– Adi egon gertatzen diren aldaketen berri edukitzeko: teknologikoak, kulturalak, sozialak, araudi arlokoak, juridikoak…

– Egin harremanak metodikoki foroetan, azoketan, bidaietan, networking jardueretan…

Ekintzailea bazara, gogoan izan negozioaren elementu nagusiena ZU ZEU zarela.

Egin AMIA analisi pertsonal bat, eta zuri edo zure inguruneari buruz behar adina hausnartu duzunean, erabili teknika bera zure negozioak merkatuan dituen lehiakortasun abantailak aurkitzeko.

AMIA MATRIZEA

Wikipedia atariko artikulu batek dio negozio baten AMIA analisian “indar-guneak eta aukerak konbinatuz potentzialtasunak sortzen direla, eta horiexek erakusten dituztela erakundearentzako ekintza ildo onenak.

Ahultasunak eta mehatxuak konbinatuz sortzen diren mugek, berriz, ohartarazpen serio bat plazaratzen dute.

Era berean, dagokien faktore konbinaketarekin zehaztutako arriskuak (indar-gune eta mehatxuen konbinaketa) eta desafioak (ahultasun eta aukeren konbinaketa) kontu handiz aztertu beharko dira nahi dugun etorkizunerantz abiatzean, adibidez, Produktu berri bat garatu” behar denean.

1302DAFOeuskera