ES | EU


2017ko Ekaina 01


Georges Belinga, Koop SF34 mikro-enpresa sozialen haztegiaren sortzailea.

 

Afrikanized Commerce Bilboko San Frantzisko auzoan kokatutako Koop SF34 haztegiaren barruan sortutako proiektu bat da. Georges Belinga ekintzaileak bultzatutako ekimen horrek helburutzat du euskal enpresei laguntzea beren produktuak Afrikako herrialdeetara esportatzen, oinarri logistikoak eta inbertsio-aukerak sortuz. Era berean, proiektuaren helburua da balioan jartzea Bilbon bizi diren Saharaz azpiko pertsonen ezagutza eta gaitasunak. Ekimenak SPRI Taldearen laguntza du.

 

Zergatik jarri zenuten martxan Koop SF34 haztegia?

 

Ikusi genuelako Saharaz azpitik etorritako jende asko langabezian zegoela. Betto Snay bazkideak eta biok erabaki genuen elkarte hau sortzea, lana bultzatzeko Saharaz azpiko komunitateko pertsonen artean, beti ere pertsona horien gaitasunak oinarritzat hartuta. Era askotako gaitasunak dauzkate, hala nola, hizkuntzetarako, harremanetarako… eta horiek denak aprobetxatu egin daitezke, euskal ekonomia-sareari ekarpen positiboa egiteko.

 

Afrikanized Commerce da Koop SF34 elkarteko proiektuetako bat, zertan datza?

 

Afrika asko ari da hazten, baina Euskadin ez dugu ezagutzen. Duela urte eta erdi inguru jardunaldi batzuk antolatu genituen, euskal enpresei erakusteko nolako aukerak zituzten beren produktua Afrikako herrialdeetara esportatzeko. Hortik abiatuta, hainbat premia detektatu genituen eta pixkanaka proiektua definitu dugu. Atera genuen ondorio garrantzitsuenetako bat izan zen produktu europarra ez dela saltzen Afrikan, ez daukalako behar adinako presentziarik. Hortaz, bi herrialdetan zentratu gara, Kamerun eta Senegalen, bi alderdi dauzkan proiektu batekin: industria primarioari lotutako Made in Euskadi edukiontziak sortzea eta oinarri logistikoak ezartzea aipatutako bi herrialde horietan.

 

Zertan datza edukiontzien proiektua?

 

Hiru izango dira, eta Malin, Senegalen eta Kamerunen jarriko ditugu. Lehenengoak Baserri du izena; kanpoaldean dituen eguzki xaflei esker gai da lurzoruaren azpiko ura erauzi eta soroak ureztatzeko eta uzta tenperatura hotzean mantentzeko. Nekazaritza arloan horixe da arazo larriena, alegia, asko produzitzen den arren, ezin dela kontserbatu eta uztaren zati handi bat galdu egiten dela. Kamerunen edukiontzi akuaponiko bat jarriko dugu, arrain eta landarez betetako zirkuitu itxi bat, ura iragazteko balio duten eguzki xaflez hornitua. Edukiontzi horrek eskola funtzioa ere izango du, ikasleek sistema ikas dezaten, eta gero aukera izango dute mikro-kredituen bidez horrelako bat erosteko eta beren jarduerari hasiera emateko.

 

Eta azkena?

 

Hirugarrena izotzezko edukiontzia izango da eta Senegalen jarriko dugu, arrantzatik bizi den eskualde batean. Nekazarientzat bezala, arrantzaleentzat ere arazo handia da kontserbazioa. Horregatik, kofradia moduko bat sortu nahi dugu arrantza arduratsua bultzatzeko, eta izotza ekoitziko dugu arrantzaleek itsaso zabalera eraman dezaten.

 

Zein garapen-puntutan daude orain?

 

Kamerungo gobernuko lehen ministroarekin eta hainbat kiderekin egon gara, interesa agertu dute, eta urrian Bilbon egingo dugun topaketa batera etorriko dira. Senegalen ere gauza bera egin dugu. Orain prototipo bat garatzen ari gara, eta irailaren hasierarako prest izatea espero dugu. Horretarako, Uriarte Safybox enpresarekin ari gara lanean, eta akordio bat lortu dugu Ner Been konpainiarekin, hark baitauka gaur egun Europa hegoaldeko akuaponia teknologia aurreratuena. Pentsatzen dugu badirela enpresa batzuk edukiontzi hauen produkzioan inbertitu nahiko dutenak, konponbide erreplikagarria delako eta diru-sarrerak sortuko dituelako. Ez da GKE bat, inbertsioak itzulera izan behar du gure ustez.

 

Proiektuaren bigarren zatia oinarri logistikoena da. Nola funtzionatuko dute?

 

Herrialde horietan egongo gara, beraz, aldi berean ateak zabaldu nahi dizkiegu merkatu horietan sartu nahi duten eta ezagutza ezagatik edo aurrez esperientzia txarrak izateagatik ausartu ez diren enpresei. Balio bat eskaini nahi dugu katearen barruan, zubia eraginkorra eta etenik gabea izan dadin, eta horrela, esportazio kostuak merkatu daitezen. Badakigu enpresei komeni zaiela zerbait ukigarria ikustea, beraz, SPRI Taldearekin lortu dugun akordioari esker, jardunaldi bat egingo dugu datorren urrian, prototipoak amaituta daudenean. Ekitaldi horretara gonbidatuko ditugu dagoeneko Afrikara esportatzen duten enpresak edo merkatu horretan sartzeko moduko produkturen bat dutenak.

 

Nolako aukerak eskaintzen ditu Afrikako merkatuak euskal industriarentzat?

 

Afrikan badaude %8ko hazkunde tasa duten herrialdeak, eta gehienak %3tik gora hazten dira. Nabarmena da komunikabideek euskal enpresetan eta oro har enpresa europarretan duten eragina, baina Afrika Europa baino bost aldiz handiagoa da, beraz, Etiopian gertatzen ari denak ez dauka zerikusirik Kamerunen, Ghanan edo Senegalen gertatzen ari denarekin. Eztanda demografiko bat dela medio, eskaera hazi egin da eta azpiegitura asko behar dira. Era berean, alde batera utzi behar dugu Afrikan egiten den guztia garapenerako lankidetzari lotuta dagoelako ideia. Argi dago gauzak ondo egin behar direla eta ezin diozula bezeroari iruzur egin; kode deontologiko bat aplikatu behar da, hemen bezala.