“Euskadik ahotsa jarri behar dio agregakinen eta hormigoiaren sektoreari”

2017ko Iraila 11,

Amantegi Canteras Lourdes Urbieta
Lourdes Urbieta.

Emakume bat dugu aste honetako Radio Euskadiko Made in Basque Country programako protagonista: Lourdes Urbieta, Amantegi Taldeko Kalitate zuzendaria. Euskal emakume exekutibo bat, aitzindaria zentzu askotan eta erantzukizun karguak izan dituena nagusiki gizonezkoenak diren sektoreetan. Adibidez, Bizkaiko meatzeen ustiapeneko lehen zuzendaria izan zen, eta baita probintziako lehen artillaria ere. Horri guztiari esker, iaz Bizkaiko harrobien patronalaren (ASECABI) saria jaso zuen, eta duela aste batzuk berriro jaso du aitortza hori Begoña Betolaza eta Nerea Landarekin batera, kasu honetan Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendari Elkartearen eskutik. Funtsean, berebiziko emakume bat, zeinaren lekukotza baliagarri baitzaigu historikoki gizonek bete dituzten lanpostuetan emakume bat jartzearen inguruko mito faltsuak eraisteko.

 

Gero eta emakume gehiago dago erantzukizunezko karguetan, baina oraindik badira zurea bezalako kargu batzuk, ingeniaria baitzara, non harrigarria den emakumeak ikustea, eta gutxiengoa dira…

Egia da. Zenbait sektoretan emakumea gutxiengoa da oraindik, baina pixkanaka ari gara mito hori hausten. Nire kasuan, aitzindari izan naiz arlo askotan, eta horrek ate asko ireki ditu atzetik datozen emakume guztientzat. 25 urte daramatzat sektore honetan -ez da gutxi!-, pixkanaka ikusten ari naiz gero eta gehiago garela eta horrek asko pozten nau.

 

Zergatik zarete oraindik hain gutxi? Zeren edo noren errua da?
Ez da kontu berria, ezta gutxiagorik ere, baizik eta aspalditik datorrena. Harrobien, meatzeen eta hormigoiaren sektore hau berezi samarra da. Oso maskulinoa izan da historikoki, eta uste dut oraindik badituela konnotazio negatiboak gizartean. Gizarteak ez daki zer lan egiten dugun. Pertsonek eskatzen dituzten materialak erauzten ditugu harrobi eta meatzeetatik. Neurri handi batean, duela hamarkada askotatik fabrikatzen dugun hormigoiari eta agregakinei zor diegu gaur egungo Bizkaia. Funtsean, oso enpresa beharrezkoak gara, aberastasuna eta lanpostuak –zuzenak nahiz zeharkakoak- sortzen ditugulako, baina, nire ustez, oraindik ez daukagu izan behar genukeen aitortzarik.

 

Zure ustez, badago aurreiritzirik?
Batzuk bai, egia esan. Eta negatiboak gainera. Horregatik, asko pozten naiz sariren batekin aitortza publikoa egiten zaidanean, pentsatzen dudalako garaikur hori sektore osoarentzat dela eta aitorpen bat egiten zaiola industriaren zati honi. Oso garrantzitsua da Euskadin ahotsa ematea harrobi, meatze eta hormigoiaren sektoreei, askotan etsigarria baita… Hor dugu esaterako Meatzeen Ingeniaritza ikasketen kontua, duela gutxi jakin baikenuen EHUtik kentzeko zorian daudela, eskaerarik ez dagoelako. Zerbait egin beharra dago.

 

Zergatik ikasi zenuen zuk gradu horixe duela 25 urte?
Batetik, uste dut hasieratik argi izan nuela zerbait teknikoa ikasi nahi nuela. Pentsatzen dut Zaramillon jaioa izateak ere –harrobi baten ondoan- izan zuela eragina, eta nire familiak harrobiekin lotutako aurrekari asko ditu gainera… ez neukan irtenbide askorik! Eta neure artean pentsatu nuen, “zergatik ez?” Eta halaxe izan zen.

 

Denborarekin meatzeen leherketan espezializatu zinen, zergatik?
Gogoan dut ikasketen azken urtean bost lagun baino ez geundela (lau mutil eta ni), eta neure buruari galdetu nion nola har niezaiekeen aurre lan merkaturako jauzia egitean. Halaxe erabaki nuen gainerakoek nahi ez zutena egitea. Askotan kasualitatez iristen zara mundu horretara, baina gero katigatu egiten zaitu! Ni bai behintzat. Mundu zirraragarria da, eta irtenbide profesional handiak dituena.

 

Zure ingurukoek diote ezohiko emakumea zarela, zer esan nahi dute horrekin?
Ezohikoa baino gehiago berezia naizela esango nuke, eta batez ere langilea, eta oso oso lasaia… Ez naiz erraz larritzen. Uste dut ez dudala lan handirik ematen (barreka).

 

Une honetan zein ardura duzu Amantegi Taldean?
Enpresan lanean hasi nintzenetik hainbat kargu izan ditut, baina 2004an Kalitate sailean sartu nintzen. Ordura arte agregakinen eta hormigoien ardura nuen, eta funtsean produkzio-lanena: erauzpena, leherketak, fabrikazioa, segurtasuna, ingurumena… Orain atzealdean nago gehiago, eta nire helburu nagusia da gure produktuari balioa ematea, daukagun onena merkaturatzea. Badakigu lehengai mugatua dugula, kare-harria alegia, eta badakigu egunen batean bukatu egingo dela. Horregatik, produktuari ahalik eta errendimendu handiena ateratzea da nire lana.


Asko kosta zitzaizun meatzeen inguruko ekintzatik, hots, harrobi eta leherketetatik bulegora igarotzea?

Hasieran, kosta egin zitzaidan. Istripu bat izan nuen eta horregatik aldatu nintzen bulegora, baina pixkanaka ohartzen zara egokitu beharra dagoela. Beraz, mentalizatzea besterik ez dago, egoerari buelta eman eta aurrera jarraitu. Nire kasuan, oso garai interesgarria tokatu zitzaidan, orduantxe sortu baitziren Eraikuntzarako Europako araudiak, hormigoientzako eta agregakinentzako borondatezko markak…

 

Zenbat emakumek egiten dute lan gaur egun Amantegin?
Hamar emakume gara, ni neu barne. 66 lagun gaude plantillan, beraz, %15 emakumeak gara, eta denok dauzkagu kargu garrantzitsuak. Administrazio kontseiluan ere %60 emakumeak dira, gehienak familia-enpresaren hirugarren belaunaldikoak.

 

Zuen sektoreak beti izan du lotura estua Eraikuntzarekin eta Obra Zibilarekin, krisiak gehien kaltetutako sektore bi alegia. Nola daramazue hori?
Oraindik ez gara ilunpetik atera. Imajinatu genezakeena baino askoz gogorragoa da krisia, eta produkzioak %70 inguru erori dira 2010etik. Hori oso gogorra da. Gurea bezalako enpresek asko sufritu dute eta sektoreko enpresa batzuk erori egin dira, ostera, beste batzuk ez, gurea adibidez. Sekulako ahalegina egin dugu aurrera egiteko, inor ez kaleratzeko konpromisoarekin, horixe baita familia-enpresa honek inoiz gainditu nahi izan ez duen muga. Ez dugu inor kaleratu, eta bere horretan eutsi diogu gure produktuen kalitateari eta zerbitzuari.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke