“Bikaintasuna eskainiz baino ezin gaitezke lehiatu”

2017ko Ekaina 05,

idom presidente
Idomko Presidente berriak Luis Rodríguez Llopis.

Idomko Presidente berriak Luis Rodríguez Llopis enpresaren etorkizuneko erronkak errepasatu ditu

 

Idom bezalako markek definitu dute euskal enpresen izaera azken hamarkadetan. Gure historiako ingeniaritza garrantzitsuenetako bat da eta proiektu handien arduraduna, besteak beste, bereak dira Guggenheim Museoa edota San Mames estadio berria. Baina hainbat lan egin dituzte Euskaditik kanpo ere, esaterako, Riad eta Bahrein hirietako metro lineak eta CERNek Ginebran duen egoitza.

 

Idom Bizkaian sortu zen 1957an, eta harrezkero 30.000tik gora proiektu egin ditu 120 herrialdetako 7.000 bezero baino gehiagorentzat. 300 eta 350 milioi euro inguruko fakturazioa izan ohi du urtero. Une honetan, 3.000 lagun dauzka plantillan, eta horietatik 900ek Euskadin lan egiten dute. Testuinguru horretan, IDOMek arestian izendatu du presidente berria, euskal enpresa-munduko figura historiko batek, alegia, Fernando Querejetak erretiroa hartu ondoren.  Haren lekua hartu du Luis Rodríguez Llopisek, zeinak eskarmentua baitu etxean, eta baita ere bere aurrekoaren anbizio bera. Presidente berriak enpresaren etorkizuneko erronkak errepasatu ditu Radio Euskadiko Made in Basque Country saioan eta esan du bikaintasuna lortu beharra dagoela lehiatzeko.

 

Urtearen hasieran izan zen izendapena, beraz, dagoeneko igaro dira ohiturazkoak diren “graziazko 100 egunak”… Nola joan dira hilabete hauek?

Oraingoz, balantzea positiboa da. 100 egun oso gutxi dira enpresa baten bizitzan, baina esan liteke gauzak nahiko ongi doazela. Ondo hasi dugu urtea.

Nola zuzentzen da mundu osoan banatutako 3.000 langile dituen enpresa bat?

Ez naiz iristen denengana. Lantaldea da garrantzitsuena, eta guk profesional talde bikaina daukagu, bai Euskadin eta baita ere kanpoan. Horri esker, benetan ondo iritsi gaitezke pertsona guztiengana.

Ospe eta tradizio handiko marka bat zuzentzen duzu. Eta eutsi egin behar zaio horri.

Ez bakarrik eutsi, zeren enpresak garatzen ez badira hil egiten baitira. Pertsonokin ere gauza bera gertatzen da, edo hazkuntza fasean zaude edo gainbeheran. Bultza egin behar dugu, enpresa beti hazkunde fasean egon dadin.

Ezer gutxik harrituko zintuen, konpainian 30 urte eraman ondoren… Zer egin nahi duzu, zein da zure helburua presidente zaren bitartean?

Fase oso interesgarria bizi dugu. Idomek asko eboluzionatu du. Bilboko enpresa bat izatetik Espainian eta mundu osoan lan egitera igaro gara. Asko esportatzen duen enpresa bat gara. Gure bihotza hemen dago, eta horrek berdin jarraitzea nahi genuke. Baina, aldi berean, gehiago sendotu behar dugu beste herrialde eta gizarte batzuetan. Horixe da une honetako erronka.

Nondik jarraituko du hazten Idomek?

Eman lezake 3.000 laguneko enpresa bat handia dela, baina mundu mailan erraldoiekin gabiltza lehian, 100.000 profesional dituzten enpresekin. Gure tamaina dela medio, badaude oraindik guretzat handiegiak eta konplexuegiak diren zenbait proiektu. Hala, kontua ez da bakarrik nazioartean zabaltzea, baizik eta gero eta gaitasun handiagoa izatea proiektu gero eta handi eta konplexuagoak garatzeko.

Saiatu zarete elkarlanaren bidea jorratzen edo nahiago duzue bakarrik ibili?

Ez da beti erraza bazkideekin batera aritzea, interesak desberdinak izaten direlako. Kontuan hartu behar da zerbitzu profesionalak ematen dituen enpresa bat garela, funtsean horixe ematen diegu gure bezeroei, hori bai, IDOMentzat funtsezkoak diren metodologia eta arreta eskainiz. Eta posible da langintza horretan beste bazkide batzuekin aritzea, beti ere elkarrekiko osagarriak bagara.

Aipatu duzu proiektu handi eta konplexuagoak egin nahi dituzuela, hori da zuen akuilua?

Ingeniaritza eta arkitektura arloetako profesionalez osatutako enpresa bat gara. Eta, funtsean, proiektu zailak interesatzen zaizkigu, zenbat eta zailago, orduan eta hobe. Beti hala izaten ez den arren, normalean proiektu handienak izaten dira zailenak. Horregatik, erronka profesional handiak interesatzen zaizkigu, eta horrek berekin dakartza konplexutasuna, tamaina handiagoa, balio erantsi handiagoa eta ordainsari hobeak.

Dagoeneko posible duzue zein proiektutan lan egin nahi duzuen aukeratzea?

Ez nuke hainbeste esango. Azkenean badugu ustiapen kontu bat, eta hilaren bukaeran nominak ordaindu behar dira… Beraz, ez nuke esango aukeratzeko moduan gaudenik. Proiektu batzuetan ezin gara sartu, ez garelako gauza bezeroak behar duen balioa eskaintzeko. Zaila da aukeratzea. Baina posible da enpresa bideratzea, proiektu horiek lortzeko. Gutxitan esaten diogu ezetz proiektu profesional bati, guretzat garrantzitsuena baita bezeroari konponbidea ematea.

Zer eskatzen diezue eskolatik ateratzen diren ingeniariei?

Bilboko Ingeniaritza Eskolako produktu tradizionala bilatzen dugu. Gaitasun profesional handiak dituzten pertsonak, oinarri tekniko eta zientifiko ona dutenak. Une honetan ezinbestekoa da orobat hizkuntzak jakitea eta beste herrialde batzuetan lan egiteko edo mugitzeko disponibilitatea izatea.

Mundua asko txikitu da, eta bezeroak eta proiektuak edozein tokitan egon daitezke. Horrek esan nahi du malgutasunez jokatu behar dugula mentalki, kulturalki, hizkuntzekin… gure kasuan, xede nagusia da zerbitzu eta arreta ona ematea bezeroei.

Zein da une honetan loa kentzen dizun proiektua?

Bi proiektu garrantzitsu dauzkagu, eta ondo atera behar zaizkigu, asko dago-eta jokoan. Bata da Riad hiriko metro-linea, ia bukatuta dagoena; eta bestea, laguntza zerbitzua ematea Peruko birfindegi baten eraikuntzan, proiektu handia, konplexua eta oso teknologikoa.

Eta zein proiektu lortu nahiko zenituzkete?

Hirien garapenerako proiektuak. Iberoamerikan lan asko egin dugu arlo horretan. Baina ez hainbeste Asia hego-ekialdean. Hainbat eskaintza egin ditugu, eta ilusio handia egingo liguke baten bat onartuko baligute. Bestalde, lehian ari gara Malaysian abiadura handiko linea bat eraiki nahi dugulako; lortuz gero merkatu desberdin batera sartuko ginateke, izan ere oraindik lan gutxi egin dugu ingurune geografiko horretan. Erdi Aldeko Asia asko interesatzen zaigu une honetan. Hortxe gabiltza, borrokan.

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke