Software librea 4.0 Industrian

2017ko Maiatza 24,

eunate ramirez esle
Eunate Ramírez de Miguel, ESLEko kudeatzailea.

ESLE-Euskadiko Software Libreko Enpresen Elkarteak dio aurrez aurre ditugun erronkak direla ziber-segurtasuna, konektagarritasuna eta serbitizazio ereduak

 

Teknologia irekiek eta software libreak gero eta presentzia handiagoa dute gure produkzio-sektoreetan. Tresna horiek, beren berezko ezaugarriak direla medio, gai dira kodea eraldatzeko, premia mota desberdinetara egokitzeko eta ingurune anitzetako sistemen arteko elkarreragina lortzeko, eta gaitasun horri esker, konponbide irekiak nagusi bihurtu dira industria-eremu askotan eta enpresa handiek ere erabiltzen dituzte.

 

Duela hamar urte ia pentsaezina zen software librea produkzio prozesuetan aplikatzea. Software librearen defendatzaileentzat sekulako erronka zen enpresei azaltzea posible dela pribatiboa ez den software bat, hots, libreki kopiatu, aldatu edo erabil daitekeen software bat segurtasun osoz erabiltzea zenbait makina edo sistemaren funtzionamendua kontrolatzeko. Gaur egun guztiz frogatuta dago zein baliagarriak diren, eta egiaztatu da software librea erabiliz optimizatu egiten direla garapen-, integrazio- eta mantenimendu-kostuak.

 

Software libreak asko dauka esateko 4.0 Industrian eta Fabrikazio Aurreratuan. Arestian hainbat kasu arrakastatsu izan dira Euskadin, esaterako, Zylk konpainiarena, zeinak enpresen eraldaketa digitalerako laguntza ematen baitu Java -eremu korporatiboetarako plataformarik egonkor, sendo eta zabalduena- erabiltzen duten kode irekiko konponbideen bidez. BIND 4.0 programaren barruan, Zylk enpresak datuen tratamendu eta analisirako produktu bat garatu du ITP Taldearentzat. Gure inguruko beste konpainia handi batek, Fagor Automation enpresak, akordio estrategiko bat lortu du Irontec, CodeSyntax eta Ikerlan erakundeekin, euskal kooperatibak etorkizunean izango dituen makinak eraikitzeko. Aliantza horrek -Irontec eta CodeSyntax abangoardian daudelarik software librearen arloan- helburutzat du erabiltzaile-interfazeak sortzea makina bat modu sinple eta intuitiboan kontrolatzeko munduko edozein tokitatik smartphone edo tablet baten bidez.  Horra open teknologiek 4.0 Industrian dituzten aplikazioen bi adibide.

 

Pribilejiozko posizioa

Euskadiko kode irekiko enpresa garrantzitsuenak biltzen dira ESLE elkartera. ESLE 2005ean jaio zen eta gaur egun 1.500 lanpostu inguru sortzen dituzten 40 bat konpainia inguru biltzen ditu. Eunate Ramírez de Miguelek, ESLEko kudeatzaileak, nabarmendu du zein garrantzitsuak diren teknologia irekiak 4.0 Industrian: “oso garrantzitsua da open teknologiek industriarekin duten harremana. Teknologia irekiei esker estandarrak sor ditzakegu eta sistema horiekin elkarreragin guztiz desberdinak diren esparru industrialetan. Fabrika batean ingurune desberdinetan dauden eta  lengoaia desberdinak dituzten hainbat makinarekin “hitz egin” behar da;  eta posible da hori lortzea, makinetan integra daitekeen software libreari esker.  Benetako erronka da sistema guztiak elkar ulertzea eta elkarrekin komunikatzea. Konponbide eraginkorrak eskaini behar dira, eta software librearekin lortzen ari gara”.

 

Kode librea pribilejiozko postuetan posizionatu da hamar urteko epean, eta produktuaren garapeneko erreferente bihurtu da konpainia askorentzat. “Open teknologiak ezezagunak ziren duela 10 urte, baina harrezkero iraultza teknologiko bat gertatu da. Software librea liderra da esparru askotako produktu eta zerbitzuetan. Dagoeneko ez da hain garrantzitsua nolakoa den garapen-lengoaia. Enpresei ez zaie axola nolakoa den softwarea, baizik eta nola erabil dezaketen, nola serbitizatzen duten, nola aplikatzen duten beren negozioan eta errentagarria den ala ez. Hori da garrantzitsuena. Jada gainditutako eztabaidak dira zeintzuk diren software librearen abantailak edo software itxiarekin dituen desberdintasunak” azpimarratu du ESLEko kudeatzaileak.

 

Software librearekin egiten diren garapen asko datuen analisian zentratzen dira, baina teknologia hain da indartsua, non bere jarduera-esparrua beste kontzeptu batzuetara zabaldu baita, esaterako, robotikara, trazagarritasunera edo serbitizaziora. “Datuei esker, fabrikek ezagutza bil dezakete prozesuei konponbideak emateko.  Funtsezkoak dira. Nahiko erraza da prozesuetatik datuak ateratzea. Zaila dena da datu horiek aztertzea, interpretatzea, bistaratzea eta baliagarri egitea. Baina, datuak gorabehera, open konponbideak bestelako teknologia askotan aplikatu daitezke, eta zentzu horretan anbizio handiagoa izan behar genuke. Lan asko egin daiteke datuez harago” azpimarratu du Eunate Ramírez de Miguelek.

 

Lankidetzak eta sinergiak

Azken urteotan aldatu egin da ESLE. Administrazio publikoen eta kode irekiko enpresen arteko bitartekari izatetik proiektuak eta sinergiak bazkideen artean bultzatzeko plataforma izatera igaro da, eta horixe azpimarratu dute: “Elkarteak negozioa sortu du hainbat bezero motarekin eta eremu desberdinetan, eta kasu arrakastatsuak izan ditugu. Hainbat nazioartekotze-ekintza egin ditugu, lankidetza sustatuz. Orain, esparru industrialagoetara hurbildu nahi dugu, 4.0 Industrian sartzeko”. Zentzu horretan, ESLE lanean ari da Automozio eta Energia sektoreetako enpresei produktu eta zerbitzu zehatzak eskaintzeko. Hala, bazkideen produktu-eskaintzak berrorientatu dituzte sektore horietako premietara. “Duela urte batzuetatik hona, berrikuntza prozesuak ireki ditugu bezeroa inplikatuz, eta horrela iritsiko gara benetako 4.0 Industria izatera. Hor dugu, adibidez, BIND 4.0, non enpresa handiak eta startupak elkarrekin ari baitira lanean konponbideak sortzeko. Konpainia handiek badituzte premiak eta enpresa gazteek badituzte haiei laguntzeko ezagutzak. Hala, bi alderdiak dira protagonista. Hori lortu nahi dugu ESLEn, sektore bat bestean integratzea” zehaztu du Eunate Ramírez de Miguelek.

 

ESLE elkarte oso aktiboa da nazioarteko ekitaldietan, partaidetza horrek aukera ematen diolarik aliantzak sustatzen jarraitzeko eta, batez ere, esparru desberdinetako enpresen premiak ezagutu eta haientzat balizko konponbideak sortzeko. Martxoan presente egon ziren CeBITen, informazio teknologiei, telekomunikazioei, softwareari eta zerbitzuei buruzko azokan eta apirilean, aldiz, Hannover Messe azokara (munduko azoka industrial garrantzitsuena)  joan ziren Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz.  Misio horien bidez ondorio garrantzitsuak atera dituzte, elkartetik nabarmendu dutenez: “ekitaldi bietan egiaztatu genuen open teknologiak lider izan direla digitalizazioaren arloan. Hala ere, baditugu erronka batzuk, eta garrantzitsuenetako bat da zenbait arlotan sakondu behar dugula, adibidez, ziber-segurtasunarenean. Instalatutako edo integratutako dispositiboen segurtasuna zaindu behar da, prozesuak eta informazioa babesteko. Funtsezkoa da hori. Enpresok hor posizionatu behar dugu, konponbide eraginkorrak eskaintzeko. ESLEko hainbat bazkide lanean ari dira merkatu horretan, eta aztertzen ari dira komeni den bulegoak irekitzea Alemania bezalako herrialdeetan. Bestalde, teknologien serbitizaziorantz bideratu behar dugu. Prozesuek bezeroarentzako zerbitzuetarantz orientatu behar dute. Eta lanean jarraitu behar dugu makinen konektagarritasunean, prozesuetan eta metodologietan”.

 

ESLEren hurrengo hitzordua Alemanian izango da berriro ere. Maiatzaren 31n, OSADL (Open Source Automation Development Lab) erakundeak Networking Day ekitaldia egingo du Heidelberg hirian. Laborategi horretara biltzen dira Alemaniako eta munduko enpresa garrantzitsuenetako batzuk (BMW, Bosch, Intel, AMD, ABB, Hitachi, Roche, Trumpf…) eta software libreko konponbideak garatzen dituzten enpresak, teknologia irekiko proiektu industrialak lantzeko hainbat esparrutan (adibidez, automatizaziorako konponbideenean) . “Horra tamaina eta esparru desberdinetako elkarreraginaren adibide argi bat, lezio garrantzitsuak eskaintzen dituen topaketa bat” esan du ESLEko kudeatzaileak. Bestalde, 2018ko LibreCon ekitaldiaren prestaketa-lanetan ari dira. Bilbon egingo da, ziber-segurtasuna eta eraldaketa digitala izango direlarik ekitaldiaren ardatz nagusiak, beti ere esparru hauetara bideratuta: administrazio publikoa, 4.0 Industria, energia eta banka eta finantzak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke