Fabrikazio gehigarria prototipoetatik eta tresneriatik harago  

2017ko Uztaila 28,

optimus3d
Optimus 3D-eko langile bat.

Optimus 3D konpainia arabarrak elkarrekin konbinatzen ditu 3D inprimaketako teknologia berrienak eta optimizazio topologikoko softwarea, zehaztasunezko piezen fabrikazioan aplikatzeko

 

Fabrikazio gehigarria edo 3D inprimaketa, dronekin edo errealitate birtualarekin batera, azken urteetako teknologia mediatikoenetako bat da, baina sektore horretan dihardutenek diote asko falta zaiola oraindik heldutasun-maila optimo batera iristeko.  3D inprimaketak ez du lortu erabat sartzea industria arloan, bi hesi garrantzitsu dauzkalako: bata ezagutzarena eta, bestea, agian garrantzitsuagoa, prezioena.  Oso garestia da metalezko pieza bat fabrikatzea fabrikazio gehigarria erabiliz. Horregatik, industriek batik bat prototipoak edo plastikozko tresneria fabrikatzeko erabiltzen dute teknologia hori. Halere, adituek diote 3D teknologiak edozein unetan emango duela zenbaitzuek duela urte batzuk iragarri zuten urrats handi hori.

 

Arabako Optimus 3D enpresako zuzendari nagusi Fernando Oharriz da aditu horietako bat. Duela lau urte ekin zion bere negozioari 3D inprimagailu batekin, Alberto Ruiz de Olano bazkidearekin batera. Gaur egun, zortzi makina dituzte, sei teknologia desberdin darabiltzatenak: hasi material plastiko urtua banatzen dutenetatik (ezagunenak) eta metala bezalako materialak trinkotzen dituzten hauts geruzazkoetaraino. Produktu-sorta zabala dutenez, mota desberdinetako konponbideak eskaintzen dituzte industria arlorako, bereziki, automozio eta aeronautika sektoreetarako, bi horiek osatzen baitute bere merkatuaren ia %90. “Gure bezeroek ez dute prototipo bat bilatzen, baizik eta arazo batentzako konponbide bat. Guk fabrikatzen ditugun tresna edo piezek eta teknologia tradizionalaren bidez eginikoek funtzio berbera dute. Funtzio bera betetzen dute, baina ez modu berean. Injekzio bidezko plastikozko pieza batek, adibidez, ez du funtzionatzen metodo tradizionalen bidez eginiko pieza batek bezala. Geometria berdina da, baina fabrikazio prozesua desberdina. Oro har, enpresetan diseinu sailak garatzen ditu piezak eta tresnak, fabrikazio metodo arruntetan oinarrituta (mekanizatua,  galdaragintza edo injekzioa adibidez). Horregatik sarritan behartuta daude beren benetako premiak gainditzen dituzten materialak eta teknologiak aukeratzera. Guk prestazio gutxixeagorekin jokatzen dugu, zeren eta fabrikazio gehigarria askoz lehiakorragoa baita eskaintzen dituen epe, kostu, pisu eta ergonomiagatik edota tresna osorik birdiseinatzeko ahalbidetzen duen aukeragatik” azaldu du Oharrizek.

 

Optimus 3D enpresak zerbitzu gehigarri gisa eskaintzen ditu edozein objekturen 3Dko diseinu-konponbideak, helburutzat harturik sortu behar den pieza ahalik eta eraginkorrena eta merkeena izatea. “Ez gara fabrikazioan bakarrik oinarritzen, baizik eta ingeniaritzako konponbideak ematen ditugu fabrikatu behar duguna aldez aurretik diseinatuta. Software parametrikoa erabiltzen dugu 3D diseinurako eta optimizazio topologikoko softwarea, berriz, jakiteko non behar den materiala eta non ez.  Objektu bat fabrikatzean ahalik eta material gutxien erabiltzen badugu, txikiagoak izango dira kostua eta fabrikatzeko behar den denbora” dio konpainia arabarreko arduradunak.

 

Fabrikazio gehigarria metalarekin

Optimus 3D enpresako zuzendari nagusiaren arabera, azken hilabeteotan egin dituzten garapen garrantzitsuenak automozio sektorearekin lotutakoak dira: “Tresneria funtzionalak garatu ditugu automozio sektorean, hodiak beroan konformatzeko, txapazko piezak produkzio-linean muntatzeko Gasteizko Mercedes-Benz lantegian eta plastikoa injektatzeko tresneria ekoizteko edo metrologiarako finkatze-tresnak eta -ziriak egiteko. Baita ere ekoizten ditugu metalezko txerto eko-hoztuak SLM (Selective Laser Melting) teknologia gehigarria erabiliz, eta hala, produktibitatea hobetzen dugu, ez baitago bigarren molde bat egin beharrik. Piezei dagokienez, Hewlett-Packard enpresaren teknologia berri bat erabiltzen hasi gara –ia aitzindariak gara Espainian- eta horri esker oso azkar egiten ditugu gogortasun eta sendotasun handiko piezak 3Dn. Kadentzia baxuko injekzio piezen ordez nylona eta poliamida bezalako materialez egindako horrelako piezak erabiltzen ditugu”.

 

Industria arloan materialak dira fabrikazio gehigarria garatzeko oztopo garrantzitsuenetako bat. “Metalezko piezak fabrikatzeko teknologiek interes handia piztu dute, baina merkatua kistatuta dago. SLM teknologia askoz garestiagoa da. Enpresa batek 600.000 euroko gutxieneko inbertsioa egin beharko luke metalezko piezak hauts geruza gaineko fusio bidez fabrikatzen dituen ekipo bat erosteko; horrez gain, altzairu hautsak kiloko 100 euroko prezioa du eta titanio hautsak kiloko 500 eurokoa. Beraz, horrela fabrikatutako piezak garestiagoak dira modu tradizionalean ekoitzitakoak baino.  Badu abantaila bat, piezak berriro diseinatu daitezkeelako, eta hori ezin zitekeen lehen egin. Etorkizunari begira, metalezko fabrikazio gehigarriak kostuak merkatu beharko ditu eta tenperatura hobeto jasaten duten materialak garatu, hori oso garrantzitsua baita aeronautika sektorerako eta forjarako” dio Fernando Oharrizek. “Metalaz harago, “bio” materialek ekarriko dute iraultza handiena. Biomaterialak dira giza gorputzarekin bateragarri direnak eta gorputzak errefusatzen ez dituenak edo xurgatzen dituenak.  Horrelako materialak ikerketa eta garapen fasean daude, baina asko aurreratu da esparru horretan. Bestalde, adi gaude jakiteko zer gertatzen den material plastiko malguekin, material birziklatuekin, karbono zuntzezkoekin eta grafenoan oinarritutakoekin”.

 

Euskadi eskualde aurreratua da Estatuan, fabrikazio gehigarriko proiektu eta enpresen arloan. Euskadi eta Katalunia dira sektoreko liderrak, baina oso urrun gaude oraindik Europako puntako herrialdeetatik, Optimus 3D enpresako zuzendari nagusiaren arabera: “Alemaniako lehiakideek, adibidez, 50 makina baino gehiago eta 80-100 langile dituzte.  Guk sei langile eta zortzi makina ditugu, beraz, ezin dugu baldintza berdinetan lehiatu. Gainera, Alemaniako industrien %40k baino gehiagok badarabilte fabrikazio gehigarria garapen bidean dagoen teknologia gisa. Hori hartu behar dugu helburutzat. Hau da, 3D inprimaketa ahalik eta enpresa gehienetara eramatea. Baina fabrikazio gehigarriak ez du denetarako balio. Ongi pentsatu behar da non aplikatu nahi den eta, beraz, konpainietako arduradunek astia hartu behar dute hausnartzeko”.

 

Dena den, denbora kontua da; 4.0 Industriako beste teknologia bideratzaile batzuekin gertatu bezala, enpresa handiak eta ETEak laster hasiko dira 3D inprimaketa erabiltzen beren produkzio-prozesuetan. “Fabrikazio gehigarriak etorkizun handia du, baina baita ere gainditu gabeko hainbat ikasgai. Horrelako teknologiak erabiltzen ez dituena Europako eta munduko lehiakideen atzetik geratuko da. Konpainiek badute interesa horrelako teknologietan, baina ez dakite zer egin. Lotune bat falta da teknologia berrien gaitasunak bezeroen premietara bideratzeko. Eten txiki hori estali egin behar da, eta BIND 4.0 eta antzeko tresnak lagungarri dira arazoa txikitzeko, elkarrengana biltzen baitituzte industria desberdinetako fabrikatzaile handienak eta startupak, elkarlanean aritu daitezen” dio Fernando Oharrizek, Optimus 3D enpresako zuzendari nagusiak.

 

 

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke