Digitalizazio arloko esperientziak euskal enpresa handietan

2017ko Urria 11,

deusto-debate
Ihardunaldiaren momentu bat.

CAF, Petronor, Siemens-Gamesa, Kutxabank eta Tecnalia enpresetako arduradunek hizpide hartu zuten digitalizazioarekin eta 4.0 Industriarekin duten harremana

 

Euskadiko lau enpresa garrantzitsu –CAF, Petronor, Kutxabank eta Siemens-Gamesa– eta Tecnalia teknologia-zentroa digitalizazioaren eta 4.0 Industriaren arloan duten esperientziaz mintzatu ziren Deustuko Unibertsitateak eta Accenture enpresak antolatutako mahai-inguru batean. Konpainia horietako arduradunek azaldu zuten zergatik erabaki zuten beren prozesu batzuk digitalizatzea eta zeintzuk diren etorkizunera begira dituzten erronkak eta premiak.

 

CAFeko zuzendari korporatibo Eduardo Gálvezek azpimarratu zuen duela bi urte diagnostiko bat egiten hasi zirela enpresa barruko digitalizazio-maila aztertzeko: “Ikusi genuen gure enpresan bazirela 4.0 Industriaren esparruko makina bat ekimen, proiektu eta teknologia digital, baina ez zeudela gure produktuetan txertatuta eta ez zirela erabiltzen produkzio arloan. Elkarrekin nahasirik geneuzkan diseinu digitaleko sistema konplexuak eta zaharkitutako sistemak. Dena nahaspilatuta zegoen, integratu gabe eta zatikatuta. Ekimenak inertzia hutsez sortu ziren, arlo jakin batzuetako garapen teknologikoek behar zituztelako”.

 

Proiektu horiek detektatutakoan, CAFek plan bat bultzatu zuen enpresa digitalizazioari egokitzeko modu integratuagoan. “Hiru arlo eta bi euskarritatik abiatu ginen: produktuen digitalizazioa, informazio-kudeaketako prozesuen eta prozesu fisikoen digitalizazioa eta negozio-eredu berriak. Hori guztia, bi euskarri hauek kontuan hartuta: ziber-segurtasunaren kudeaketa egokia eta oinarri teknologiko bat sortzea prozesu hori guztia aurrera eramateko” azaldu zuen Eduardo Gálvezek. CAFeko arduradunaren iritziz, enpresek digitalizaziorako ibilbide-orri bat garatu behar dute eta jakin behar dute zein teknologia aplikatu ditzaketen beren sektorean, hau da, zeinek izango duen inpaktua norbere negozioan.

 

Kutxabank-eko Bitartekoen zuzendari nagusi korporatibo Fernando Martínez Jorcano Eguiluzek esan zuen finantza-erakundeek digitalizazioaren aldeko apustua egin behar dutela, bezeroen premiak aldatu egin direlako eta orain nahiago dutelako onlineko tresnak erabiltzea operazioak egiteko: “Une honetan, bezeroa da prozesuaren jabe. Berak aukera dezake non, noiz eta nola elkarreragin gurekin. Lehen, operazio bat egiteko bulego batera joan behar zuen, baina orain edozein dispositibotatik egin dezake, bai ordenagailutik, bai tabletatik edo bai sakelako telefonotik”.

 

Estrategiak definitu

Kutxabank-ek emandako datuen arabera, bezeroen %35 profil digitalekoak dira. “Sei hilabetean 40 milioi sarrera izan ditugu banka mugikorrean. Kutxazainetan ez dago horrelako zifrarik. Banka mugikorreko produktuen kontratazioa %60 hazi da azken 6 hilabeteotan. Bada joera digital horren beste datu garrantzitsu bat: azken bi urteotan ingurumena zaintzen lagundu dugu, paperezko 12 milioi gutun gutxiago bidali baitizkiegu gure bezeroei. Posta elektronikoari esker saihestu dugu ingurumen-kalte hori” dio Fernando Martínezek.

 

Petronor konpainiak ere egokitu egin behar izan du bere sektoreak azken urteotan bizi izan dituen aldaketetara. 2009. urtetik hona 29 birfindegi itxi ditu Europa osoan, guztizkoaren %25 alegia. Beraz, enpresak bere produktua, produkzioa eta negozio-ereduak egokitu behar izan ditu, digitalizazioa eta berrikuntza gisako kontzeptuak ahaztu gabe jakina. “2016ko urrian Petronor Innovación ekimena abiarazi genuen, enpresaren barruan garatzen ari ziren berrikuntza-proiektu guztiak bideratzeko. Birfindegiak eraginkor izaten jarraitu behar du, baina beste proiektu edo negozio-eredu batzuk baztertu gabe. Estrategia bat definitu beharra dago, eta are garrantzitsuago dena, estrategia hori plan zehatzetan gorpuztu beharra dago” azpimarratu zuen Ainhoa Regilek, Petronor Innovación ekimeneko Digitalizazio zuzendariak.

 

“Siemens-Gamesa enpresaren kasuan, digitalizazio prozesua premia batetik etorri zen, ia ohartu ere egin gabe”, esan zuen Gorka Villa Solchaga Nacelle zuzendari industrialak: “Energia berriztagarrien sektorea maila lokalean jaio zen. Merkatu tradizionalean jardun ondoren, atzerrira irteteko unea iritsi zitzaion. Hala, produktuak konplexuago egin ziren, bezeroak desberdinak zirelako eta premia desberdinak zituztelako. Horrek behartu gintuen produktuak asko kustomizatzera. Eta konturatu gabe, digitalizazio-prozesu batean sartu ginen gure negozioa eta bezeroak kudeatzeko. Guretzat digitalizazioa premia bat da, baina aukera bat ere bai”.

 

Bestalde, Joseba Lakak, Tecnaliako Teknologia Saileko zuzendariak, balioan jarri zuen teknologia-zentroen ekarpena, laguntza ematen dietelako enpresei beren digitalizazio prozesuetarako konponbide egokienak bilatzeko: “Enpresa batek kezka bat badu, dela IKTen arlokoa, dela tradizionalagoa edo dela finantza zerbitzuekin lotutakoa, harekin lan egiten dugu beretzako konponbide bideragarri bat aurkitzeko”.

Lankidetza

Tecnaliak aipatu zuen ETEetara eraman behar direla horrelako lankidetza prozesuak, enpresa txikiek egituratzen baitituzte nagusiki gure enpresa eta industria sektoreak. “Oreka bat lortu behar dugu enpresa trakziogileei eta ETEei eskaintzen dizkiegun zerbitzuen artean. Oso garrantzitsua da lankidetza sustatzea tamaina desberdinetako enpresen artean eta, aldi berean, barnekintzailetza bultzatzea, negozio-eredu berritzaileak dituzten startupei garatzen laguntzeko” adierazi zuen Joseba Lakak.

 

CAFeko Eduardo Gálvezek ere positiboki baloratu zuen enpresa, teknologia-zentro, administrazio eta ikastetxeen arteko lankidetza hori: “Guretzat agente desberdinen arteko lankidetzak sekulako palanka-lana egiten du. Basque Industry 4.0 eta BIND 4.0 bezalako proiektuetan parte hartuz esparru anitzetako startupekin aritu gara hainbat arlotan, besteak beste, hauetan: errealitate birtuala, errealitate handitua, ikusmen artifiziala edota elektronika modularra. Horrela, startup horiek bultzatzen eta trakzionatzen ditugu eta, aldi berean, guri ere komeni zaigu, aukera  dugulako horrelako teknologiak ezagutzeko eta gure prozesuetan aplikatu ditzakegun jakiteko”.

 

“Ez dugu bakarrik kontuan hartzen teknologia. Jar dezakegu robot bat lantegi batean, baina ez bagara gai mantenimendua egin eta garatzeko, ez digu ezertarako balioko. Proiektuek elkarrekin uztartu behar dute gure ezagutza industriala eta gure beharrak detektatzeko gaitasuna. Eta horrelako diagnostikoak egiteko, gure partner-en laguntza behar dugu. Ezin dugu bakarrik egin aurrean duguna, ez eta bakarrik guruek esaten dutena. Bezeroak ere funtsezko zutabea dira. Baldin eta badakigu zer nahi duten bezeroek, orduan posible dugu prestazioak, kalitatea eta kostuak egokitzea. Era berean, espazioak sortu behar dira lehiakideekin eta hornitzaileekin elkartzeko. Hori guztia lagungarri da aurrera egiteko” nabarmendu zuen CAFeko zuzendari tekniko korporatiboak.

 

Siemens-Gamesak ere adierazi du enpesa bakoitzak bere digitalizazio-planak formalizatu behar dituela bere premia eta gaitasunen arabera. Kasu honetan, hurbiletik zaindu dituzte produktua diseinatzeko prozesuak, ERPak, ustiapena eta datuen analitika. “Kontuan hartu behar dugu gure produktua oso konplexua dela eta mundu osoko bezeroen premiak estali behar ditugula.  25.000 langile dauzkagu mundu barrena, mundu osoko bezeroei parkeak hornitzeko. Iaz 3.400dik gora turbina fabrikatu genituen 30 herrialde baino gehiagotako 150 proiektutarako. Hori guztia oso konplexua da logistikoki eta biziki garrantzitsua da informazio-fluxua kontrolpean izatea. Bezeroek gero eta informazio gehiago eskatzen digute. Digitalizazio arloko munduko liderretako bat den Siemens enpresarekin integratu gara, eta hori funtsezkoa da berritzen jarraitzeko eta aurrera egiteko 4.0 Industrian” azaldu zuen Gorka Villak.

 

Joera teknologikoak

Petronor Innovación-eko Ainhoa Regilen arabera, “Petronor Innovación-en helburua da gainerako agenteekin lankidetzan jardutea. BIND 4.0rekin eta Basque Industry 4.0ren beste programa batzuekin kolaboratzen dugu. Proiektu pilotuak eta lan-ildoak garatu ditugu elkarrekin prozesuak optimizatzeko, cloud eta open source teknologiak baliatuz. Bestalde, funtsezkoa da barruko ezagutza mobilizatzen eta artikulatzen jakitea antolakundean bertan. Argi izan behar da norbere negozioaren zein zati mantendu nahi den eta zein zatik hazi eta eboluzionatu behar duen”.

 

Kutxabank-ek ere esan du baduela premia eraldaketa digitaleko estrategiak artikulatzeko, baina baliozko diren negozio-eredu tradizionalak ahaztu gabe. “Ekintza-ildo desberdinekin eta etorkizunari begira hurbildu gara gure estrategia digitalera. Ekimen asko plazaratu ditugu banka mugikorraren inguruan, hatz-marka bidezko identifikazioa eta mugikor bidezko ordainketak sartu ditugu… orain, berriz, proiektu berrietan murgilduta gaude, esaterako, analytics plataforma berritu nahi dugu, boarding digitaleko pilotu bat daukagu martxan bezero berriak atzemateko presentzia fisikorik gabe, kontzeptu probak egiten ari gara blockchain sistemarekin bezeroak identifikatzeko, cloud hibrido batera migratu dugu… baina, hori bai, ez dugu ahaztu adin eta profil mota desberdinetako bezeroak dauzkagula.

Ongi dakigu bezero analogiko asko daudela oraindik, ezin dira horiek denak baztertu eta arlo digitala bakarrik landu” azpimarratu zuen Fernando Martínezek.

 

Azkenik, Tecnaliaren kezka handienetako bat da garatzen ari diren teknologia guztiak ezagutzea eta jakitea horietatik zein erabil daitekeen enpresa sektorea hobetzeko. “Ikuspuntu teknologikotik aztertzen dugu nazioartean egiten den guztia, hurbiletik zaintzen dugu munduko beste toki batzuetan eta beste denbora eskala batzuetan gertatzen dena. Gure obsesioa da bihar bertan teknologia horiek aplikatzen hastea, bestela ezingo diegulako enpresei erakutsi zenbateko balioa duten. Usaimen ona izan behar da jakiteko zein garapen teknologikoren alde egin, eta enpresen nahiz unibertsitateen inputa behar dugu horretarako. Etorkizun handia ikusten diegu adibidez deep learning teknikei” iragarri zuen Joseba Lakak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke