“Big data”n oinarritutako serbitizazio ereduak

2017ko Iraila 05,

NEM solutions

Datuen analitikari esker sortutako negozio-eredu berriak mantenimendu prediktiboan edota erabilpenaren araberako prezioetan zentratzen dira

 

Serbitizazioa 4.0 Industriari lotutako paradigma bat da, zeinak zerbitzu gehigarriak eskaintzen baitizkie bezeroei, saldutako produktuak ematen duen informazioari esker. Horrelako zerbitzuak eskaini ahal izateko, ondasunak bere funtzionamenduari buruzko datuak eman behar ditu eta datu horiek fabrikatzaileari iritsi behar zaizkio denbora errealean. Informazio hori jasotzeko, dispositiboetan instalatutako Interneterako konexiodun sentsoreak erabiltzen dira. Beste teknologia batzuk ere erabili daitezke (hala nola, RFID edo “beacon-ak”) kokalekuari buruzko informazioa emateko. Behin informazioa jasotakoan, datuen analitikako teknikak erabiltzen dira zerbitzu gehigarri horiek eskaintzeko.

 

Bada serbitizazioaren adibide adierazgarri eta sinple bat: Interneterako konexiodun fotokopia-makinek erabiltzen duten mantenimendu prediktiboa.  Fabrikatzaileak abisu bat jasotzen badu esanaz tinta amaitzen ari dela edo funtzionamendu-akats bat dagoela, zerbitzu teknikoa automatikoki jartzen da martxan. Xerox eta antzeko enpresen diru-sarreren %84 horrelako zerbitzuetatik dator.

 

Funtsezkoa da datuak denbora errealean jasotzea, abisuak bidali ahal izateko dispositibo batek gaizki funtzionatzen duenean. Michelin konpainiaren MEMS Evolution3 pneumatiko adimendunaren sentsoreak gai dira ura jasateko eta gurpilaren tenperaturari eta presioari buruzko informazioa emateko. Pneumatiko horrek 3G konektagarritasuna du eta, beraz, posible du datuak denbora errealean bidaltzea eta alertak igortzea posta elektronikoz edo SMS bidez, tenperatura edo presio mugak gainditzen direnean.

 

Orobat posible da datuen analitika erabiltzea produktu baten prezioa finkatzeko bere erabilpenaren arabera, eta ez balio estandar baten arabera. Rolls-Royce bezalako enpresek saltzen dituzten abiaziorako motorrek hegaldi-ordu kopuru bat edo motorraren potentzia jakin bat bermatzen dute. Arazoren bat izanez gero, eta beti ere bere akordioak betetzeko, konpainiak behar den laguntza guztia ematen du, mantenimendua barne.

 

Serbitizazioa Euskadin

Euskadin ere badaude serbitizazio adibideak. Makina-erreminta fabrikatzen duten Ibarmia edo Zayer bezalako enpresek, adibidez, mantenimendu prediktiboko zerbitzuak eskaintzen dizkiete beren bezeroei, makinetan instalatzen dituzten sentsoreek ematen duten informazioa erabiliz. “Fabrikatzen eta saltzen ditugun produktuek 20 edo 25 urte iraun ditzakete, beraz, guretzat oso garrantzitsua da jakitea ekipo horrek nola funtzionatzen duen epe horretan, gerta daitezkeen funtzionamendu akatsak aurreikusteko edota aldaketak egiteko diseinuan.  Makina horien zati sentikorrenetako batzuek ematen diguten informazioari esker, arazo horiek saihesten ditugu”, azpimarratu du duela gutxi Arrate Olaizek, Ibarmia enpresako Berrikuntza zuzendariak.

 

NEM Solutions enpresa gipuzkoarrak ere “big data”n, adimen artifizialean eta serbitizazioan dihardu. Ezaguna nazioartean berrikuntzaren alde egin duen apustuagatik,  mugikortasun eta energia sektoreetan espezializatuta dago eta datuen tratamenduan oinarrituriko negozio-eredu berriak eskaintzen ditu. “Energia eolikoaren sektorean oso zaila da bermatzea operatzaile batek energia kopuru zehatz bat sortuko duela, energia sorkuntza haizearen menpe dagoelako. Baina guk,  hain zuzen, horixe bermatzen dugu, hainbat faktore aztertzen ditugulako, esaterako, haizeak puntu zehatz batean duen intentsitatearen serie historikoak analizatzen ditugu, makinen funtzionamendua eta zein egoeratan dauden gainbegiratzen dugu, eta hori guztia kontuan hartuta, mantenimendu plan dinamiko bat egiten dugu. Hala, bermatu dezakegu gutxieneko energia kopuru bat sortuko dela, eta gehiago sortuz gero, hobariak eskuratzen ditugu. Zenbait bezero hasiak dira beren negozio-ereduak aldatzen datuei esker” azaldu du Alberto Condek, NEM Solutions enpresako zuzendari nagusiak.

 

“Burdinbideen sektorean oso garrantzitsuak dira trenen gurpilak, higadura jasaten dutelako metalezko trenbidearekiko kontaktuagatik. Burdinbideetako enpresek sarritan erosten dituzte ikusmen artifizialeko ekipoak edo laser teknologiadunak, gurpilen higadura neurtzeko. Baina ekipo horiek oso garestiak dira, milioi bat eurotik gorakoak kasu batzuetan. Guk analisi zerbitzua eskaintzen dugu, enpresak jakin dezan noiz konpondu edo aldatu behar dituen gurpilak. Lanean daramagun denboran mundu osoko gurpilen 60 milioi neurketa bildu ditugu, eta higadurari buruzko datu asko dauzkagu faktore desberdinen arabera sailkatuta: tren mota desberdinak, zein herrialdetan zirkulatzen duten, zonalde bakoitzeko burdinbidearen egoera, eta baita ere lineak kudeatzen dituen operatzaile mota. Aldagai horien arabera, posible dugu gurpilen mantenimendurako zerbitzua eskaintzea eta zenbat iraungo duten kalkulatzea. Informazio horri esker, trenen biziraupena luzatzen eta hornikuntza-kostuak murrizten ditugu, gure bezeroek posible dutelako ordezko piezen erosketa planifikatzea eta inbertsio maila murriztea” dio Alberto Condek.

 

Serbitizazioaren erronkak

Serbitizaziorako datuen analitikak hainbat erronka ditu. Horietako bat da datuak ematen dituen sentsorikaren mantenimendua, zeren produktu askoren bizitza erabilgarria 20 urtetik gorakoa bada ere, sentsoreena txikiagoa da.  Beste erronka bat da jakin behar dela zein datu diren funtsezkoak atzematen diren guztien artetik, denek ez baitute garrantzi bera ondasun zehatz bati buruzko informazioa ematean. Serbitizazio prozesuetan baita ere funtsezkoak dira datuak analizatzeko eta bezeroei modu koherentean erakusteko adimen artifizialeko plataformak. Eta, azkenik, atzemandako datuen jabetza dago, azkenaldian garrantzi handia hartu duen gaia. Logikari jarraiki, serbitizazio ereduen bezeroa da bere sistemek sortzen dituzten datuen jabea, baina adimen artifizialeko plataformen bidez analizatzen direnean informazio berri bat sortzen da, eta ez dago hain argi norena den informazio hori. Bi alderdiek aldez aurretik adostu behar dituzte analitika prozesuetan sortzen den edozein motatako informazioren pribatutasunari eta jabetzari buruzko kontuak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke