Vanguard Initiative


Espezializazio Adimendunaren bidezko hazkundea

2013an sortua, Abangoardiako Ekimenak, www.S3vanguardinitiative.eu, Europa osoko 30 eskualde inguru biltzen ditu, denak ere gogotsu euren arteko lankidetza industriala sendotzeko baliabideak mobilizatuz eta lerrokatuz, oinarritzat harturik espezializazio adimenduna eta eskualde arteko lankidetza.

Abangoardiako Ekimenaren helburua da Europako industriari suspertzen laguntzea, bultzada bat emanez merkatutik oso hurbil dauden proiektu kolaboratiboei eta helize hirukoitzeko aktoreek (enpresak, teknologi zentroak eta unibertsitateak) garatutako eskualde arteko ekintzailetza arloko aurkikuntza prozesu batetik sortuak direnei.

Abangoardiako Ekimenaren ikuspegi aitzindari hori inspirazio-iturri izan da Europako Batzordearentzat Espezializazio Adimenduneko Plataformak garatzean Modernizazio Industrialaren, Energiaren eta Nekazaritzako elikagaien sektoreetan.

 

Abangoardiako Ekimenak baditu helburu politiko bat eta helburu tekniko bat. Euskadiren EBko Ordezkaritzak, DDEIk eta SPRIk parte hartzen dute ekimen horretako lantaldeetan.

 

Helburu politikoa da dagokion aitortza ematea eskualdeek industrian oinarritutako hazkunde berria bultzatzeko prozesuan duten paper garrantzitsuari. Horregatik, lan egiten da eragina izateko Europako berrikuntza eta industrializazio politiketan, Europako programa eta laguntza instrumentuek kontuan izan ditzaten eskualde arteko lankidetzaren berezitasunak. Lan horren adibide da beharrezko finantzaketa-konponbideak aztertzen dituen “VI Position paper: Regions and future EU policies for Growth and Investment” txostena, aurkeztua izan dena Europako Legebiltzarrean, Europako Batzordeko Zuzendaritza Nagusietan eta EIBn.

 

Helburu teknikoari dagokionez, Abangoardiako Ekimeneko kide diren eskualde guztien artean gauzatutako ekintzailetza arloko aurkikuntza prozesuaren ondorioz 5 ekintza pilotu zehaztu dira:

 

  • Fabrikazio Eraginkor eta Sostengarria (Lonbardia eta Kataluniak lideratua)
  • Ingurune erasokorretan energia aplikazioak ezartzeko Fabrikazio Aurreratua (Euskadi eta Eskoziak lideratua)
  • Errendimendu handiko produkzioa 3Dko inprimaketaren bitartez (Flandria eta North Brabantek lideratua)
  • Nanoteknologia (Tampere eta Skanek lideratua)
  • Bioekonomia: biomasaren erabilpen berritzaileak (Lonbardia eta Hego Holandak lideratua)

 

Euskadik lehenengo bi ekintza pilotuetan parte hartzen du. Tecnaliak eta IK4k SPRIrekin batera lan egingo dute “Fabrikazio Eraginkor eta Sostengarriari” buruzko ekintza pilotuan. Euskadik Eskoziarekin batera zuzenduko duen “Fabrikazio Aurreratua ingurune erasokorretan energia-aplikazioak ezartzeko” pilotuaren kasuan, SPRIren eta Euskadiko Energia Elkartearen bitartez artikulatuko da parte-hartzea. Euskadiren EBko Ordezkaritzak babesten du ekintza pilotu horien esparruan Bruselan antolatzen diren bileretara joaten diren euskal adituen lana.

Azken ordukoa!

Gaurkotasuneko albisteak
euskal enpresarentzat

Aurkitu erraz-erraz gure eduki guztiak
Aurkezpenak, bideoak, albisteak, elkarrizketak