Sprilur-ek bukatu ditu WindBox-en lehen entsegu-banku eolikoak Eibarren okupatuko duen lursaila egokitzeko lanak

2017ko Maiatza 07,


Sprilur, S.A.k, Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen eta Azpiegitura Sailaren menpeko sozietateak, duela gutxi bukatu ditu 5.532 m²ko azalera gordina duen lursail bat atontzeko lanak eta Euskadiko lehen entsegu-banku eolikoa ezartzeko obra zibila Eibarko Erisono industrialdean.

 

Eusko Jaurlaritzak 2014an jarri zuen martxan WindBox ekimena, non Energia Klusterrak ez eze orobat parte hartzen baitute 9 euskal enpresak (Antec, Adwen, Erreka, Gamesa Eólica, Gamesa Innovation and Technology, Glual, Hine, Laulagun eta Wec). WindBox ekimeneko parte-hartzaileek Sprilurri eskatu zioten, batetik, egin zitzala 5.532 m²ko lursail bat atontzeko lanak, horietatik 2.506 m² hiru hegaleko entseguetarako erabiltzeko, egonkortu zezala lehendik zegoen ezponda eta induskatu eta zelaitu zezala lursaila. Eta, bestetik, orobat eskatu zioten entsegu bankuaren obra zibila egiteko, kontuan hartuz premiazkoa dela baita ere argindarraren eta beharrezko gainerako instalazio guztien atontze-lana egitea: hornikuntza, saneamendua, kontrolerako etxola, perimetroko hesia eta sarrerako ateak.

 

Lursaila atontzeko lanak 2016ko abenduaren 2an hasi eta 2017ko apirilaren 21ean amaitu dira. Bost hilabete horien ostean, WindBox ekimena prest dago proba-bankua muntatzen hasteko. Bertan, euskal enpresek aukera izango dute proban jartzeko hegalen paso-aldaketa sistema eta beren osagaiak, parke eoliko arrunt batean aurki daitezkeenen antzeko baldintzetan.

 

Enpresek entseguak egin ahal izango dituzte diseinu optimizatua eta fidagarritasun handia duten produktuak baliozkotzeko, eta gainera murriztu egingo dute sortutako energiaren eta diseinu- eta fabrikazio-prozesuen kostua. Lehen entsegu-banku honetan mota guztietako aerosorgailuak erabili ahal izango dira, dena den, beraizik zuzendurik dago 8 MWrainoko offshore aerosorgailu modelo berrien hornitzaileei.

 

Sprilur, S.A.k egin dituen eraikuntza- eta atontze-lanek 892.373 euroko kostua izan dute. Bestalde, aurreikuspenen arabera, WindBox ekimenak 13,5 milioi euroko aurrekontua izango du, Eusko Jaurlaritzaren ekarpena 4,5 milioi eurokoa izango delarik.

 

Idom, Ingeniería y Consultoría, S.A. enpresak egin ditu entsegu-bankua garatzeko “giltza eskuan” ingeniaritza-proiektuaren erredakzio- eta zuzendaritza-lanak. Bestalde, Sprilur-ek Construcciones Moyua y Viuda de Sainz, S.A. enpresari (ABEE 2 ERISONO) esleitu zion lursaila atondu eta egokitzeko fasearen exekuzioa.

 

Sprilur-ek Sektore Eolikoko Fabrikazio Aurreratuko Zentroaren (FAZ) lehen proiektu honetan izan duen partaidetza Eusko Jaurlaritzaren industria sustatzeko politiken barruan kokatzen da, politika horiek funtsezko elementuak baitira euskal industriaren lehentasunezko sektoreen I+G+B jardueretarako.

 

Eusko Jaurlaritzaren Fabrikazio Aurreratuko estrategiaren helburua da euskal enpresen gaitasunak garatzea eta nazioarteko merkatuan duten posizioa hobetzea, gainera, lehiakortasuna hobetzeko zutabe bat da. Sektore eolikoko lehen FAZ hau eta WindBox ekimena dira euskal industria lehiakorraren adierazgarri onenak.

Erlazionatutako artikuluak
Orobat interesa dakizuke